'In itinere' istripuak lanekoak izateko baldintzak

Langilea egoitzatik lanera edo lanetik egoitzara doan bitartean suerta daitezkeen istripuak dira 'in itinere', baina hainbait baldintza eta osagai bete behar dira hala kontsideratzeko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

In itinere istripu dira langileak dituenak egoitzatik lanera edo lanetik egoitzara doan bitartean. Halakoak egunero gerta badaitezke ere, udaberritik aurrera izan dezakete berezitasuna, eguna luzatu eta eguraldia hobetzearekin batera, asko direlako bigarren egoitza batera aldatzen direnak, gutxienez, asteburuetan. Bada, bigarren egoitza horretatik lanera edo alderantzizko norabidean jazotako istripuak ere in itinere izan ote daitezkeen galdetu ohi dute batzuek. Halaber, badira zalantzak sortzen dituzten bestelako kasu batzuk ere. Horiei guztiei erreparatuko dizkiegu jarraian, jurisprudentziak ezarritako betekizunak kontuan hartuz.

Oinarrizko baldintza

In itinere istripuetan antzematen da lesioaren eta lanaren arteko lotura ez dela nahitaez lan egiteko lekuan gertatu behar. Dena den, abiapuntu bezala, argi geratu behar da istripua in itinere gisa kalifika dadin, istripuaren arrazoi den joanaraztea lanera joateko betebeharraren ondorio izan behar dela. Are gehiago, egoera hori babesteko bi osagai hartu behar dira kontuan, hots, lan egiteko lekua eta langilearen egoitza, eta ibilbideak lotu behar ditu bi osagai horiek [1992ko abenduaren 17ko AGE, 4. Salakoa, 923/1997 errek. zk., eta 2005eko urtarrilaren 19ko, AGE, 4. Salakoa, 6543/2003 db. errek. zk.).

Egoitza zer den zehaztea

Egoitzari dagokionez, kontuan hartu behar da hori ez dela legearen araberako egoitza bakarrik, ezpada, baita ere, benetakoa, hau da, lan egitera joateko nondik ateratzen den edo lanetik nora ailegatzen den. Esangura horretan, egoitzaren esanahia hedatzen da eta bere baitara biltzen ditu bizilekuak edo, baita ere, egonaldietarako nahiz bazkaltzeko tokiak, langilearen bizileku nagusi ez direnak. Adibide moduan, 1984ko urriaren 16ko AGE, 4. Salakoa, 6358/1984 JB, azter daiteke, udako bizilekua egoitza gisa hartzearen ingurukoa.

Kontuan hartu beharreko bestelako osagaiak

Horrez gain, ez da nahikoa istripua gertatzea lanera joatean edo lanetik etortzean. Izan ere, beharrezkoa da egoitzaren eta lanaren arteko kari bidezko lotura izatea. Halako kari bidezko loturarik izan ezean trafiko-istripua edo bestelako istripua izango litzateke, baina inoiz ez lan-istripua. Hori dela eta, jurisprudentziak istripu bat in itinere lan-istripu gisa kalifika dezan galdatzen du aldi berean jarraian aztertuko diren inguruabar edo osagaiak izatea (ikusi 2005eko urtarrilaren 19ko AGE, 4. Salakoa, 6543/2003 db. errek. zk., 2005eko irailaren 20ko AGE, 4. Salakoa, 4031/2004 db. errek. zk.; eta 2007ko martxoaren 29ko AGE, 4. Salakoa, 210/2006 db. errek. zk.).

Osagai teleologikoa

Osagai teleologikoaren arabera, bidaiaren helburu nagusia eta zuzenekoa lanak eragin behar du.

Interpretazio finalista baten arabera, garrantzitsuena da langilea bere lanerako ibilbidean egotea eta ez istripua bide publikoan gertatzea. Horregatik, argi dago, bere egoitzan dagoen langilea, irten aurretik edo bertan sartu eta gero, ez dagoela in itinere lan-istripuen ondoreetarako babestutako ibilbidean. Baina langilea bere etxebizitzaren eraikineko eskailerak jaisten ari denean, dagoeneko ez dago Espainiako Konstituzioak babestutako espazioan, hots, itxia, esklusiboa eta gainontzekoentzako baztertzailea den espazioan. Bada, azken kasu horretan, langileak lanera joateko nahitaez egin behar duen ibilbideari ekin dio jada (2008ko otsailaren 26ko AGE, 4. Salakoa 1328/2007 db. errek. zk.).

Osagai geografikoa

Osagai geografikoak berarekin dakar istripua gertatu beharra egoitzatik lan egiteko lekura edo lan egiteko lekutik egoitzara heltzeko egin behar den ibilbide ohiko eta normalean.

Esaterako, ez da in itinere lan-istripua errenta-aitorpenarekin zerikusia duen kudeaketa pribatu bat egiteko lantokitik Ogasunaren bulego batera joatean gertatutakoa, nahiz eta istripua gertatu lanaldia geldiarazteko baimendutako denboran; hurrean ere, kasu horretan ez dago inolako loturarik lanarekin eta istripua ez da gertatu egoitzaren eta lantokiaren artean joan eta etortzeko ohiko ibilbidean. Haatik, istripuak interes partikular batek eragindako joan-etorria du oinarri, eta interes partikular horrek hausten du egoitzaren eta lantokiaren artean joan eta etortzeko kari bidezko lotura. Bestalde, enpresaburuak joan-etorria baimentzearen ondorio bakarra da enpresaburuak gero ezin izango diola langileari inolako zehapenik ezarri lanpostua bertan behar utzi duela alegatuta (1997ko martxoaren 29ko AGE, 4. Salakoa, 210/2006 db. errek. zk.).

Esaterako, ez da in itinere lan-istripua errenta-aitorpenarekin zerikusia duen kudeaketa pribatu bat egiteko lantokitik Ogasunaren bulego batera joatean gertatutakoa, nahiz eta istripua gertatu lanaldia geldiarazteko baimendutako denboran

Edozein kasutan, ezin ahantz daiteke Auzitegi Gorenak ez duela galdatu lantokitik egoitzarako ibilbidea, edo egoitzatik lantokirakoa, laburrena izatea, nahiz eta adierazi ibilbide hori ez dela izan behar luzeena eta zailena, edo arrisku gehien dituena, salbu eta arrazoizko justifikazioa dagoenean (ikusi 1987ko abenduaren 22ko AGE, 4. Salakoa, 9019/1987 JB].

Osagai kronologikoa

Osagai kronologikoaren arabera, istripua gertatu behar da ibilbidea egiteko normalean behar den denboran; edo, gauza bera dena, ibilbidea ez da aldarazi behar normalak ez diren desbideratzeengatik, hain zuzen, interes partikularrak dela bide. Izan ere, interes partikularrek eragindako ibilbide-aldarazte horiek egoitzaren eta lantokiaren arteko joan-etorrien kari bidezko lotura hausten dute.

Konparazio baterako, ez da in itinere lan-istripua igande gauez gertatutakoa, arrazoi pertsonalengatik asteburu osoa egoitzatik kanpo egon eta gero, istripua izan duenak egoitza zein hiritan izan eta hiri horretarantz zihoala, kontuan harturik lantokia ere hiri horretan duela. Zinez, astelehenean langilea bere lanpostuan izan dadin nahitaezkoa izan arren joanarazte hori, istripua ez da gertatu lanean hasteko unetik gertu (1997ko irailaren 29ko AGE, 4. Salakoa, 2685/1996 db. errek. zk. eta 2005eko urtarrilaren 19ko AGE, 4. Salakoa, 6543/2003 db. errek. zk.).

Osagai kronologikoaren arabera, istripua gertatu behar da ibilbidea egiteko normalean behar den denboran; edo, gauza bera dena, ibilbidea ez da aldarazi behar normalak ez diren desbideratzeengatik

Haatik, ulertzen da ez dela hausten joanaraztearen eta lanaren arteko kari bidezko lotura, langilearen joanarazteetan normaltzat edo ohikotzat jo daitezkeen geldiarazte edo geldialdiak izateagatik. Horren adibide lirateke freskatzeko tabernan egindako hogeita hamar minutuko geldialdia, lagun batekin izandako elkarrizketa edo erosketak egiteko desbideratzea. Bestela esanda, osagai kronologikoa ez da hautsiko langilearen jokabidea elkarbizitzako ohiko joeren edo gizarteko jarrera arruten ondorio denean (1984ko maiatzaren 21eko AGE, 4. Salakoa, 3054/1984 JB).

Garraio egokiaren osagaia

Garraio egokiaren osagaiak berarekin dakar ibilbidea garraio normalarekin egin beharra. Bestela esanda, garraio egokia erabili behar da, enpresak debekatu ez duena, eta garraio hori behar bezala erabili behar da. Jakina, enpresak ezarritako debekua zentzuzkoa eta esanbidezkoa izan behar da. Hori berori gertatzen da, berbarako, enpresak garraiobidea izanik langileak bere ibilgailua erabiltzen duenean enpresaren baimenik gabe (1987ko abenduaren 22ko AGE, 4. Salakoa, 9019/1987 JB).

Garraiobidea behar bezala erabiltzeari dagokionez, ez da zuhurtziagabekeria ausartegirik izan behar. Bestela esanda, zuhurtziagabekeriaren larritasunak ondorioztatu behar du arretarik oinarrizkoena ere ez dela izan, eta langilea benetako arrisku-egoeran utzi behar du, inolako arrazoirik gabe, nahierara eta hala jakinda (1988ko maiatzaren 10eko AGE, 4. Salakoa, 3595/1988 JB). Horren adibide da automobila erabiltzea alkohol-tasa handiarekin; alabaina, halako egoerak kasu bakoitzean aztertu behar dira (1999ko martxoaren 31ko AGE, 4. Salakoa, 2997/1998 db. errek. zk.). Oro har, zirkulazio-arauak hausten direnean ere badirudi kasu zehatza aztertu behar dela eta errealitate sozialaren araberako balorazioa egin.

Ibilbidean gertatutako gaixotasunak, bihotzekoak kasu

Kontuan hartu behar da ibilbidean gertatutako gaixotasunak ez direla in intinere lan-istripuak, ez baitira lan-harremanak gauzatzearen zuzeneko ondorio. Beraz, in itinere istripua lan-izaerakotzat jo dadin kalteak bat-batekoak eta indarkeriazko ekintza baten ondorio izan behar dute, istripu hitzak duen esangura arrunt eta tradizionalarekin bat etorriz (2000ko abenduaren 11ko AGE, 4. Salakoa, 4181/1999 db. errek. zk.; 2000ko maiatzaren 30eko AGE, 4. Salakoa, 468/1999 db. errek. zk.; eta 1998ko azaroaren 16ko AGE, 4. Salakoa, 502/1998 db. errek. zk.).

Edozein kasutan ere, ñabardura bat egin behar da azken ideia horren inguruan. Izan ere, baliteke ibilbidean gertatutako gaixotasuna lan-istriputzat jotzea, baldin eta kasuan kasuko gaixotasunaren eta lan-jardueraren arteko lotura frogatzen bada. Esaterako, gaixotasun kardiakoen kasuan, laneko esfortzuak edo laneko inguruan dauden bestelako inguruabar batzuek, hala nola, estresak, antsietateak edota nekeak eraginda, sintomak edo seinaleak langilea lanean ziharduela agertu edo azaleratu direla frogatzen bada (2007ko urtarrilaren 22ko AGE, 4. Salakoa, 35/2005 db. errek. zk.).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK