• EKONOMIA
  • EAEko Industriaren Defentsarako Taldearen lehen bilera egin dute

EAEko Industriaren Defentsarako Taldearen lehen bilera egin dute

Lehendakaria, Industria sailburua, merkataritza ganberak, foru aldundiak, Confebask eta klusterren eta ekoizpen sarearen ordezkariek osatuko dute taldea

Industriaren Defentsarako Taldearen lehen bilera, Kursaalen | Argazkia: Irekia
Industriaren Defentsarako Taldearen lehen bilera, Kursaalen | Argazkia: Irekia
2025eko otsailaren 13a
Eg. 2025eko otsailaren 13a

Industriaren Defentsarako Taldea lehen aldiz bildu da atzo Kursaalen. Taldeak hiru helburu nagusi izango ditu: lehena, politika protekzionistak eta ezegonkortasunak EAEko enpresetan duen eraginaren azterketa egitea; bigarrena, egun dauden laguntza-neurriak identifikatzea, eta berriak proposatzea; eta hirugarrena, testuinguru horretan euskal industriaren lehiakortasuna eta gaitasunak indartzea.

 

Talde horretan parte hartuko dute Lehendakariak, Industria sailburuak, merkataritza ganberek, foru aldundiek, klusterren eta ekoizpen sarearen ordezkariek eta Confebaskek. Azken hori gonbidatu ez izana mahaigaineratu zuen Cebeken presidente Carolina Pérez de Toledok goizean eginiko agerraldi baten Bizkaiko enpresen aurreikuspenei buruz hitz egiteko. Aitzitik, EAEko patronalak eguerdian baieztatu zuen bileran izango zela Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia. Sindikatuak, are zehatzago CCOO, ere kexatu ziren taldean ez egoteaz, baina momentuz ez da eurek parte hartzeko bestelako pausorik eman.

Bien bitartean, Jaurlaritza Industria Planean ari da lanean, uda aurretik aurkeztuko dena. Horretan taldeak egingo dituen ekarpenak bilduko dira, eta otsailaren 26an Europako Batzordeak aurkeztuko duen industria-estrategiarekin ere bat etorriko dela aurreratu dute. Kontinente zaharreko planean aldaketa handiak aurreikusten dira Estatuko Laguntzen kontzepzioan. Interes partekatukoak diren Europako industria-proiektu handiak martxan jartzea ekarriko du seguru asko, mikroelektronikakoak edo energia-segurtasunekoak besteak beste. Menpekotasuna gutxitzea eta hornidura eza ekiditea da helburua, eta horretarako kritikoak diren lehengaiak biltegiratzeko gordailuak ere sortu nahi dira.

 
20250202 DEFENSA INDUSTRIAL DONOSTI37
Industriaren Defentsarako Taldearen lehen bilera, Kursaalen | Argazkia: Irekia  

Hori aintzat hartuta, Imanol Pradalesek adierazi du: "Euskadik partida azkar jokatu behar du, eta taula europarrean kokatu. Gaitasunak eta aukerak ditugu. Gure Industria Plana babestu eta Europako Industria Planarekin lotu behar dugu". Europak egin behar dituen apustuei buruz ere aritu zen Pérez de Toledo goizeko agerraldian, baita Cebekeko idazkari orokor Francisco Javier Azpiazu ere. "Jarduera enpresarialaren defentsan" Europak erreferente izan behar duela defendatu zuten, "segurtasun juridikoa eta legislatiboa" bermatuta, eta haren politikaren oinarrian izan behar direla batez ere "akordioak" eta ez hainbeste "murrizketak". "Erreferente izan behar du marko legalari dagokionez", plazaratu zuten.

Hala ere, planaren garapena gauzatu arte itxaron ez eta 500 milioiko laguntza pakete bat onartu du Jaurlaritzak Industria Laguntzeko Planaren bitartez, sare ekonomikoa indartu, apustu teknologikoa eta berritzailea areagotu eta deskarbonizazio-prozesuak arintzeko. Paketeak arreta berezia jarri du enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunean.

Industria Politikarako Kontseiluaren aldarria

Industriari ematen ari zaizkion erantzunak mantsoegi doaz EH Bilduren iritziz. Estrategia industriala lantzen "denbora galdu" duela uste du Pello Otxandiano alderdiko legebiltzarreko bozeramaileak, eta oro har "jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Jaurlaritzari Guardianen Laudioko lantegiaren itxiera eta Talgoren salmentaren testuinguruan gertatutakoak ekiditeko. Hori dela eta, politika industrial "argia" eta Europari itxaron gabe "urrats sendoak" emateko deia egin du EH Bilduren ordezkariak, baita horretarako hiru tresna proposatu ere: Industria Politikorako Kontseilu bat "ikuspuntu parte hartzaile batetik eta epe luzerako" lan egingo duena, industria-politikak bideratzeko "prospektiba ekonomikoko organo" bat eta euskal finantza-ekosistema artikulatuko duen inbertsioen euskal funtsa.

Alderdi Popularreko Alvaro Gotxi legebiltzarkideak ere adierazpenak egin ditu Industria Planaren inguruan. "Beste burutazio bat da, euskal industriak alde egiten duen edo desagertzen den bitartean. Euskal enpresek zergatik alde egiten duten galdetu duzu? Euskadi berandu iritsi da trantsizio guztietara", nabarmendu du.