
2025eko urtarrileko industria jardueraren datuak argitaratu zituen asteartean Eustat Euskal Estatistika Erakundeak, eta berdin egin du gaur Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak.
Aurreko urteko epe beraren aldean, nabarmen gutxitu da industria produkzioa Nafarroan, %8,0ko beherakadarekin; ez da hala gertatu, ordea, EAEn, Eustaten arabera jarduera %1,7 handitu baita. Aurreko hilaren aldean, alegia, 2024ko abenduaren aldean, kontrakoa gertatu da: jarduera %15,2 hazi da Nafarroan, eta %0,3 jaitsi da EAEn.
Nafarroako joera urte artean beheranzkoa izan bada ere, ekoizpenak gora egin du zenbait sektoretan, batik bat, energiarenean (%8,3) eta nekazaritzako elikagaien industriarenean (%7,6). EAEn gailendu diren sektoreak makineria eta tresneriarena (%10,6) eta energia elektrikoa, gasa eta lurrunarena (% 5,3) izan dira.
Kontrara, beste hainbat sektoretan produkzioa txikiagoa izan da aurreko urteko epe beraren aldean. Batik bat, Hego Euskal Herrian garraio-materialen industrian izan da jaitsierarik nabarmenena: Nafarroan %38,9 txikitu da zenbatekoa, eta EAEn %3,3.