Industria politika: kanpainaren muinean

Trantsizio energetiko, ekologiko eta digitala eta enpresen errotzea izan dute hizpide alderdiek

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ordu gutxi gelditzen zaizkio erabat ez-ohikotzat jo daitekeen hauteskunde kanpainari. Erritmo baxukoa izan zen lehen astea futbolak eta Ardanza lehendakariaren heriotzak eraginda. Bigarren asteak, aldiz, zeharo aldatu zion itxura eta neurria kanpainari. EH Bilduren gorakada eta hauteskundeak irabazteko aukera nabarmendu duten inkestek hauspotuta, EAJk bere estrategia aldatu eta koalizio abertzalearen kontrako doinua eta erritmoa aldatu du, ozenago ekinez. Ez-ohikoa izan da, era berean, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubideari buruzko mezuak bigarren mailara pasa direlako, alderdien aldarriek zerbitzuen kalitatean eta ekonomia jomuga nagusi izan dituztelako.

Etxebizitzaren afera eta fiskalitatea, zeharka bada ere, izan dira gako ekonomikoak eta biak jorratu ditugu lerro hauetan, EnpresaBIDEAn. Bada, halere, garrantzi handia hartu duen hirugarren gako ekonomiko bat: industria politikarena.

Datu makroekonomikoei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia ona dela esan daiteke. Enplegu osotik gertu dagoen langabezia tasa baxua du EAEk, eta gizarte segurantzako kotizazio kopuruak errekorrak hautsi ditu. Mikroekonomiatik aztertuta, zaporea gazi-gozoa da. Soldaten erosahalmenaren galera egon da, muturreko pobrezian daudenen kopurua kezkagarria da eta industria sektorearen beherakadak zein zerbitzuaren alorraren gorakadak soldata mailan isla izan dute. Industriarena kasu argigarria da, zalantza barik, 2008ko krisi ekonomikotik 60.000 lanpostu galdu direlako.

2008ko krisi ekonomikotik 60.000 lanpostu galdu dira industrian

Enpresen errotzearen afera, Euskaltel, Gamesa edo Ibermatica bezalako konpainia ezagunen salmentak areagotuta, eta ekonomiaren erronka nagusi diren trantsizio energetiko, ekologiko eta digitala, bestalde, eragile ekonomikoen kezka nagusi bilakatu dira.

Erronka hauek eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak nola heldu behar dien, izan dira hautagaien arteko eztabaiden protagonista. Ezkerreko alderdiek EAJri jokaera neoliberala izatea egotzi dioten bitartean, jeltzaleek EH Bilduri jarduera ekonomikoa kontrolatu nahi izatea leporatu diote. Bi jarrera hauen adibide izan zen asteartean EITBk antolatutako eztabaida. Aurreko asteko euskarazko debatean hautagaiek tonu lausoagoa erabili bazuten ere, erdarazko bigarren debatean jarrerak guztiz aldatu ziren. Inkesten datuek beldurtuta, agian, Imanol Pradalesek dezibelioak igo eta Pello Otxandianori Venezuelakoa bezalako eredua ezarri nahi izatea leporatu zion. EH Bilduko hautagaiak, aldiz, bi alderdien proposamenen artean lotura puntuak zirela nabarmendu eta elkarguneetatik abiatuta, adostasunak bilatzea proposatu zion.

EH Bilduk bere industria politika azaltzeko euskal ekonomiaren azterketa sakona egin du 27 orriko txostenean, politika industrialak izan duen bilakaerarekin bereziki kritiko agertuz. Etorkizunari begira, koalizio abertzaleak 21 konpromisotan oinarritutako industria politika berria proposatu du, ikerkuntza, garapena eta berrikuntzarako (I+G+B) aurrekontua BPGren %3ra handituz.

Ezkerreko alderdiek EAJri jokaera neoliberala izatea egotzi dioten bitartean, jeltzaleek EH Bilduri jarduera ekonomikoa kontrolatu nahi izatea leporatu diote

Pradalesek 60 proposamen aurkeztu ditu, Eusko Jaurlaritzak orain arte abiatutako politiken jarraipena direnak, diru gehiago inbertitzeko asmoz. Oro har, “Euskadiren berrindustrializazioa” , lurzoru industriala berreskuratzea eta enpresen zama burokratikoa proposatzen dute jeltzaleek eta I+G+B gastua aurrekontuaren %6koa izatea. PSEk “industria politka berreskuratzea” agintzen du, eta enpresen errotzea sustatzea. Alderdi popularrak sektore industrialaren aldeko aldarria egiten du, industriarako inbertsioak sustatzeko programen bidez. Sumar eta Podemosek antzeko proposamenak planteatzen dituzte trantsizio energetikoan, deskarbonizazioan eta itun berde baten alde eginez. Vox alderdi ultraeskuindarrak, aldiz, larrialdi klimatikoaren negazionismoa egiten du “fanatismo klimatikoaren aurka borroka egiteko” aldarria eginez.

Antzekotasunak nabariak dira alderdien proposamenen artean, VOX izan ezik, baina badira, halere, ñabardura garrantzitsuak politikak gauzatzeko orduan.

Funts subiranoaren beharra

Enpresen errotzearen beharra funtsezkotzat jotzen dute alderdi gehienek eta, ñabardurak ñabardura, bat datoz konponbideetan: estrategikoak diren sektoreetan inbertitzeko funtsa sortzea, enpresen kapitalean parte hartuz. Hala, errotzea bermatzeaz gain, enpresen hazkundean laguntzeko tresna izango litzateke. Estrategikotzat zer jotzen duten ez dute alderdiek argi azaltzen. Ezkerreko alderdiek deskarbonizazioa, energia berriztagarriak eta, oro har, trantsizio energetikora bideratutako proposamenak lehenesten dituzte. Beste alderdi batzuk, aldiz, modu orokorragoan jorratzen dute aspektu hori.

Funtsa hornituko duten iturrietan bat datoz alderdi nagusiak. Diru publikoa eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeen (BGAE) baliabideen zati bat erabilita. EH Bilduk, bere aldetik, BBK, Kutxa eta Vital banku fundazioak ere funts honen partaide egin nahi ditu, inbertitzeko duten ahalmena nabarmenduz. Funtsak kudeatuko luken zenbateko dantza izan dugu azken egun hauetan, baina horretarako BGAEren legea aldatu beharra dago, lehendabizi, halako inbertsioak burutu ahal izan ditzaten.

Funtsa hornituko duten iturrietan bat datoz alderdi nagusiak. Diru publikoa eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeen (BGAE) baliabideen zati bat erabilita

Funts subiranoaren ideia ez da berria, egia esan. Aski ezagunak dira nazioarteko adibideak, batez ere hidrokarburoen bidez baliabide ugari jaso duten estatuen kasuak. Estatu mailan, SEPI enpresa publikoa da parte-hartze publikoak biltzen dituen erakundea. Telefonica konpainia teknologikoaren %10 erostea izan da burutu duen azken inbertsio estrategikoa. EAEn Jaurlaritzak 2021ean Finkatuz funtsa sortu zuen, 300 milioiko aurrekontuarekin, CAF, ITP edo Kaiku bezalako enpresetan inbertsioak burutuz.

Finantza sektorearen garrantzia

Euskal industriak jorratu behar dituzten erronkei aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dute alderdiek finantza azpiegitura sendoak izatea. Horretan adostasun zabala badago ere, proposamen beste alderdi daude. Ezker konfederalak duela lau urteko hauteskundeetan euskal banku publikoa sortzea proposatu zuen, eta ildo berari ekin diote aurten. Hala, Sumarrek trantsizio energetikoan laguntzeko banku publikoa sortzea proposatu du. Alderdi Sozialistak, aldiz  Euskal Finantzen Institutua indartzearen alde egiteko. Institutua duela 14 urte sortu bazen ere, 2023ko abenduan onartu zuen Eusko Legebiltzarrak bere jarduera zabaltzeko legea, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin, erakundeari kreditua eta finantza politikarako tresna izateko. EAJk ere finantzen institutua indartzearen alde egiten du. EH Bilduk, ordea, euskal banku publikoaren alde, Euskal Finantzen Institutua oinarri hartuta.

EAJk ere finantzen institutua indartzearen alde egiten du. EH Bilduk, ordea, euskal banku publikoaren alde, Euskal Finantzen Institutua oinarri hartuta

Koalizio abertzaleak, era berean, Kutxabankek euskal garapen ekonomikorako funtsezko papera izatea eskatzen du, eta horretarako finantza erakundearen akziodun diren banku fundazioak “demokratizatzea” proposatzen du. Hala, Kutxa Fundazioko patronatuko kideak aukeratzeko sistema BBK eta Vital Fundazioetan ere ezartzea proposatzen du. EAJrekin adostu zuen Bilduk duela hamarkada bat Gipuzkoako Batzar Nagusiek aukeratzea Kutxa Fundazioko patronatuko kideak, gizartearen isla izateko. EAJk gogor egin du EH Bilduren kontra eta EITBko azken debatean “Venezuelako eredua” ezartzea leporatu zion, “jendearen aurrezki eta nominetan eskua sartuz”.

Eusko Jaurlaritzaren rola

Industria politikan gobernu berriak jokatu beharreko rola ere eztabaidagai izan dute alderdiek. EAJk administrazio publikoek enpresak laguntzea proposatzen duen bitartean, ezkerreko alderdiek Jaurlaritzak paper garrantzitsuagoa izan behar duela aldarrikatzen dute. EH Bilduk gobernuak trantsizio berderako politiken lidergoa izatea eskatzen du, enpresak laguntzeaz gain inplikazio handiagoa aldarrikatuz. Antzeko ildoak proposatzen ditu Sumarrek, “publikoak enpresa sarea babestu behar duela” nabarmenduz.

EAJk EH Bilduri ekonomia kontrolatu nahi izatea leporatzen dio. Ezkerreko alderdiek, aldiz, jeltzaleei politika neoliberalak egitea egotzi dio. Hala EH Bilduk Europako beste estatuetan gobernuek enpresen kapitalean sartzen diren bitartean, ekonomian esku hartuz, EAJk iraganeko politika neoliberalen alde egiten duela salatu du. Podemos eta Sumarrek ere EAJri ekonomia desregularizatzea leporatu diote, politika neoliberalen bitartez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK