Otsailean industria prezioek behera EAEn, baina gora Nafarroan

Urtebetean %64,5 hazi dira Nafarroako energiaren industriako prezioak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Atzo eta gaur argitaratu dira Hego Euskal Herriko industria prezioei buruzko datuak, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen eta Nastat Nafarroako Estatistika Erakundearen eskutik.

2025eko otsaila aurreko hilarekin alderatuta, %0,3 jaitsi dira prezioak EAEn; joera bestelakoa izan da Nafarroan, prezioak %1,0 handitu baitira hilabete bakarrean. Aurreko urteko epe berarekin alderatuta are gehiago hazi dira prezioak Nafarroan, hots, %9,7ko gorakada izan dute; EAEn ere prezioak igo diren arren, %1,0koa izan da hazkundea.

Sektoreka sailkatuta, kontsumo ondasunak (iraunkorrak eta ez iraunkorrak), ekipamendu ondasunak, bitarteko ondasunak eta energia bana daitezke. Urtebeteko epean, batik bat energiaren prezioa handitu da Nafarroan (%64,5); EAEn, ordea, ez da hala izan, energiaren industriako prezioa batez beste %3,9 txikitu baita. EAEren kasuan prezioak kontsumo ondasunen alorrean igo dira gehien (%3,7).

Aurreko hilaren aldean ere, energiaren industriako prezioa (%7,0) eta kontsumo ondasunen prezioa (%1,3) hazi da gehien, hurrenez hurren, Nafarroan eta EAEn.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK