EAEn %6,5 jaitsi dira industria prezioak urte artean, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratu berri dituen datuen arabera. Aurreko hilabetearen aldean ere %0,5eko jaitsiera izan da.
2024ko abuztuaren aldean, jaitsierarik nabarmenenak honako sektoreetan izan dira: kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabriketan (%5,4) eta Informatikako, elektronikako eta optikako produktuen fabrikazioan (%1,2). Kontrara, industria prezioen igoera izan da beste sektore batzuetan, hala nola: zuraren, paperaren eta arte grafikoen industrian (%1,3) eta kautxu produktuen, plastikoaren eta metalikoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioan (%0,7).
Urte arteko datuei dagokienez, prezio jaitsierarik handienak izan dituzte energia elektrikoa, gasa eta lurrunak (%26,5) eta Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak (%26,1). Prezioen hazkunde azpimarragarria izan dute, ostera, erauzketa-industriak (%7,6) eta garraio-materialaren fabrikazioak (%3,6).
Helburu ekonomikoaren araberako sailkapena kontuan izanik, aurreko hilaren aldean beheratu dira bai energiaren prezioak (%3,4), bai kontsumo-ondasunenak (%0,3), baita kontsumo ez-iraunkorreko ondasunenak ere (%0,3). Bere horretan mantendu dira kontsumo iraunkorreko ondasunen prezioak eta ekipamenduko ondasunenak. Aitzitik, igo egin dira bitarteko ondasunen prezioak (%0,1).
Urte arteko datuak aztertuta, helburu ekonomikoaren arabera, jaitsiera eduki du energiaren prezioak (%30,2) eta bitarteko ondasunen prezioak (%0,4). Gainerakoen prezioak igo egin dira urte artean: kontsumo ondasunen prezioak %0,7; kontsumo iraunkorreko ondasunenak %3,2; kontsumo ez-iraunkorreko ondasunenak %0,3; eta, azkenik, ekipamenduko ondasunen prezioak %1,9.