Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria prezioak gora egin dute urte hasieran. Zehazki %1,4 hazi dira abendutik urtarrilera. Dena den, 2023ko urtarrilarekin alderatuta, prezioak %5,2 merkeago daude sektorean.
Eustaten arabera, abendutik urtarrilera prezio igoera handienak botiken fabrikazioak (%7,2) eta energia elektrikoa, gasa eta lurrunak (%5,8) izan dituzte. Aldiz, ehungintza sektoreak (-%1,8), koke lantegiak nahiz petrolio fintzeak eta industria kimikoak (-%0,8) izan dituzte prezio beherakada nabarmenenak.
Ondasunen helburu ekonomikoa kontuan hartuz gero, energiaren prezioak izan du gorakada handiena (%2,3) azken hilabetean. Kontsumo ondasunen prezioak, berriz, %0,9 hazi dira.
Urtetik urtera, hau da, 2023ko urtarrilarekin alderatuta, aurtengoan prezioak nabarmen egin dute behera argindarra, gasa eta lurrunaren azpisektorean (-%28,9), petrolio findegietan (-%13,9) eta zurgintzan, papergintzan eta arte grafikoetan (-%6,8).