Inflazioa %1,5ean kokatu da, 2021eko martxotik izandako mailarik baxuenean

Zortzi hamarren egin du behera irailean. Azpiko inflazioa ere moteldu egin da, urte arteko %2,4ko tasan kokatuta

Elikagaien prezioek behera egin dute | Argazkia: iStock Elikagaien prezioek behera egin dute | Argazkia: iStock

Inflazioak zortzi hamarren egin du behera irailean, eta %1,5ean kokatu da, INEren arabera. Estatistika erakundeak emandako behin behineko datua da (bi aste barru emango du behin betikoa), baina %2tik jaitsita, 2021eko martxoaz geroztik mailarik baxuenean da KPIa.

Laugarren hilabetez segidan egin du behera tasak, batik bat, erregaien, elikagaien eta argindarraren prezioaren apaltzeari esker. Hala, pasa den abuztutik hona, ia puntu bat egin du behera (abuztuan %2,3an zegoen). KPIa nabarmen urrundu da urtea hasi zeneko ehunekoetatik, baina horrek ez du esan nahi prezioak jaisten ari direnik, erritmo txikiagoan hazten ari direla baizik.

Urtarrilean inflazioa oraindik  %3,5ekoa zen. Orain, iazko ekainetik lehen aldiz, Europako Banku Zentralak ezarritako %2ko muga erraz igaro du. Frankfurteko erakundearen azken mugimenduek moderazio hori erakusten dute, uztailean hasi baitzen interes-tasak jaisten, ia bi urteko igoeren ostean.

Bestalde, azpiko inflazioa ere moteldu egin da, urte arteko %2,4ko tasa erregistratu baitu, abuztuan izandako %2,7ko tasa baino hiru hamarren txikiagoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK