Inflazioa eta interes-tasak: zer, nori, nork?

Aste erabakiorra du EBZk. Litekeena da interes-tasak igotzea baina ez dago argi azken igoera izango den. Inflazioa aztergai nagusia izango du, baina ez bakarra

Argazkia: EBZ Argazkia: EBZ

Udako oporren atarian egingo du moneta politika erabakitzeko bilera Europako Banku Zentralak. Inflazioa eta interes-tasak bezalako kontuez ihes egin eta deskonektatzeko aprobetxatu nahi dute lagun askok. EnpresaBIDEAko kideok ere oporren beharrean gaude, eta bidaiak aztertzen hasi gara. Bada interesgarri jo dugun helmuga. Ez da oso turistikoa, baina menditsua da. Informazio ekonomikoaren gailurretan barrena ibili eta gero, helmuga ezin hobea iruditu zaigu: Armenia. Erevan da bertako hiriburua eta euskaldunok, euskara ikasten ari direnek batez ere, badugu bisitatu beharreko barrutia: Nor Nork.

Oporretan joan aurretik, baina, EBZren erabakien nondik norakoak aztertu nahi ditugu, eta Armeniako hiriburuko barruti horren izena hartuko dugu aintzat: Nor Nork…. eta bide batez, Nori. Nork hartzen ditu interes-tasen inguruko erabakiak? Zer aztertzen dute? Zergatik? Eta batez ere, nori eragiten die?

Nork

EBZren zuzendaritza-organo nagusia Gobernu Kontseilua da, eta Christine Lagarde presidenteaz gain Batzorte Betearazleko beste kideek eta euroguneko estatuetako banku zentraletako buruek osatzen dute. Moneta politikaren inguruko erabakiak, interes-tasak igo ala jaitsi, hartzen ditu Gobernu Kontseiluak. Ekonomiari buruzko iritzi kontrajarriak dituzte, hainbat kasutan, kideek. Horrela, belatzak eta usoak izeneko bi jarrera nagusi daude. Belatzek ortodoxiaren aldeko jarrera sutsua dute (Alemania, Herbehereak…), eta usoek malguago jokatzea eskatzen diote EBZri.

Lagardek EBZren independentziaren aldarria egiten du kanpoko presioen aurrean

Lagardek EBZren independentziaren aldarria egiten du kanpoko presioen aurrean. Nazioarteko Diru Funtsak, esaterako, aste honetan moneta politika are gehiago gogortzeko eskatu dio EBZri. Beste aldean, aldiz, Nadia Calviño Espainiako presidenteordeak “ondo erabakitzeko” gomendatu dio Lagardek zuzentzen duen erakundeari.

Zer

Inoizko igoerarik malkartsuena eraman du EBZk azken urtean. Ekainearen 15ean tasak %4ra igotzea erabaki zuen, eta uztailean igoera berriak egon litezkeela iradokitu zuen EBZko presindetak. Litekeena da puntu laurdeneko igoera erabakitzea EBZk ostegunean, hilak 27. Hala balitz, 2000ko ekainean Wim Duisenberg garai horretako buruak hartu zuen erabakiarekin parekatuko lituzke EBZk tasak.

Inflazioa menderatzea du helburu banku zentralak, %2aren inguruko tasan mantentzeko. Zorrotz aritu dira belatzak zeregin horretan, eta ekaineko bileraren aktak irakurrita pentsatzekoa zen igoerak oraindik luzatuko zirela. Baliteke, baina, belatzen azken hegaldia izatea. Horrela iradokitu du Klaas Knot Herbehereetako De Nederlandsche Bankeko buruak aste honetan. Igoeren inguruan, “uztailekoa beharrezkoa dela” esan zuen. Gaineratu zuen, ordea, irailekoa “probabilitatea” baino ez dela “gehienez jota”. Knoten adierazpenak entzun, eta merkatuek Espainia eta Italiako zor publikoa saritu zuten, arrisku saria murriztuz.

Luxemburgok % 1eko Inflazioa duen bitartean, Hungarian % 19,9koa da. KPI datuen arteko arrakalak zaildu egiten du moneta politika bateratua adostea

Inflazioak kezka iturri izaten jarraitzen du EBZrentzat. Eurostatek aste honetan publikatutako datuek Europako inflazioa % 5,5era murriztu dute. Kontua da estatuen arteko aldeak oso nabariak direla. Luxemburgok % 1eko Inflazioa duen bitartean, Hungarian % 19,9koa da. KPI datuen arteko arrakalak zaildu egiten du moneta politika bateratua adostea.

Inflazioaren bilakaera motela baina ona bada ere, azpiko inflazioarena ez. Bi hamarren igo zen ekainean aurreko hilabetearekin alderatuta, % 5,5era. Elikagaien prezioak dira inflazio altu horren adibiderik argiena, eta ez dago asko motelduko direnik pentsatzeko motiborik. Badira jakien prezioak baldintzatzen dituzten hainbat mehatxu. Larrialdi klimatikoak berak zaurgarritasuna agerian utzi du. Muturreko lehorteek eta ekaitzek uztak galbidean utzi dituzte, hurrengo hilabeteotako prezioentzako ezegonkortasun faktorea bilakatuz. Geopolitikak ere mehatxu gehigarria ekarri die prezioei. Horrela, Errusiak Ukrainako zerealen esportazioei jarritako debekuak ere prezioak are gehiago garestituko ditu.

Nori

Azken galdera, baina baita garrantzitsuena ere. Interes tasen gorakadak galtzaileak eta irabazleak utzi ditu. Azken urteotan tasa finkoko hipoteken aldeko hautua nagusia izan bada ere, oraindik asko dira tasa aldakorrekoak dituztenak: 200.000 lagun inguru Hego Euskal Herrian. Euriborraren igoeraren ondorioz 150.000 euroko hipoteken kutoak 350 euro inguru garestitu dira hilero, familien finantza oreka kaltetuz.

Interesen gorakadaren ondorioz pandemia garaian metatutako aurrezkiak behera egin du nabarmen. Hala, espainiar estatuan aurrezkia % 59,1 murriztu da 2020ko abenduarekin alderatuz. Egoeraren isla argia da hipoteken kopurua. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 2023ko lehen hiruhilekoan % 5,14 egin du behera hipoteken saldoak. Batetik, interesen garestitzeak zaildu egin du etxeen erosketa eta bestetik, dirua aurreztuta zutenek maileguak kitatzea erabaki dute.

Interesen gorakadaren ondorioz pandemia garaian metatutako aurrezkiak behera egin du nabarmen, baina Euriborraren goranzko bideak finantza-erakundeen diru-sarrerak handitu ditu

Baina badira interes-tasen igoera horri atarramendua atera diotenak: bankuak. Euriborraren goranzko bideak finantza-erakundeen diru-sarrerak handitu ditu, maileguen kuotengatik. Bezeroen saldoengatik, ordea, ez dira oraindik ordaintzen hasi. Enpresa eta erakundeen kasuan bankuek saldoak eskuratzeko lehia bizian murgildu badira ere, norbanakoek ez dute errentagarritasunik apenas lortu. Ekuazioa erraza da ,eta bankuen galdu-irabazi kontuek hala jasotzen dute. Urtearen lehen zatian Espainiako bankuek % 20 gehiago irabaztea espero dute merkatuek. Ostegunean, esaterako, Bankiterrek bere emaitzak aurkeztu zituen: 418 milioi irabazi ditu uztaila bitartean, aurreko urtean baino % 54 gehiago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK