Inflazioa menderatu zain, aurreikuspenak hobetzen hasi du urtea euskal ekonomiak

Inflazioaren aurkako borrokak markatutako 2023a atzean utzita, Hego Euskal Herriko ekonomiak espero baino hobe ekin dio 2024ari, eta BPGa %2 inguru haziko dela aurreikusi du Laboral Kutxako ikerketa taldeak

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga atzo, Bilbon, euskal ekonomiaren txostenaren aurkezpenean | Argazkia: Laboral Kutxa Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga atzo, Bilbon, euskal ekonomiaren txostenaren aurkezpenean | Argazkia: Laboral Kutxa

2024aren bigarren erdian sartuta, Laboral Kutxak euskal ekonomiaren txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon. 2023. urteak emandakoak xehatu eta aurtengo aurreikuspenak plazaratu dituzte Ibon Urgoiti finantza erakundeko Negozio Garapeneko zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa departamenduko zuzendariak. 

Inflazioaren aurkako borrokak ezaugarritu du 2023a. Pandemia ostean, Ukraina eta Errusiaren gerra ailegatu eta diruaren prezioak gorakada izan zuen 2023an sartzerako. EBZk interes-tasak hamar aldiz segidan igo zituen, eta igoera horietatik sei iaz izan ziren, gordailuen erraztasun tasa %4ean kokatuz. “Prezioen hazkunde tasak zuzenketa handia izan du urtean zehar”, adierazi du Urgoitik. Hala, diru politika murriztaileak euroguneko ekonomian izandako eragina nabarmendu du, BPGaren hiruhilekoko batez besteko hazkunde tasak “hutsaren hurrengoak” izateraino.

Kasik atzeraldi teknikoan amaitu zuen iaz EBk, eta egoera horren faktore nagusietako bat “industria sektorearen portaera apala” izan dela ondorioztatu du txostenak, datuek ahulgune handia izan dela erakusten baitute. Hori bai, eurogunean nabarmendu da batik bat pattalaldia, gerraren osteko energia krisia eta hornidura katearen arazoak direla eta. Hala, eurogunea %3,5 hazi zen 2022an, iaz, aldiz, %0,5 soilik.

Europan baino hobe Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian berriz, “ekonomiaren dinamismoa euroguneko baino askoz handiagoa izan da”, Urgoitiren ahotan. 2023an, EAEko Barne Produktu Gordinak %1,8 egin du gora, Nafarroan, aldiz, %1,9. Euroguneko ekonomia handieneko alderatzearren, Alemaniak %0,1eko atzeraldia izan du, Frantziako BPGa %0,9 hazi da eta Italiakoa %1.

Enpleguaren hazkunde tasa %2,9ko izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, %1,1ekoa. Halaber, langabezia tasa %7,7koa izan da EAEn, 2022an baino 1,2 puntu gutxiagokoa. Nafarroan %9,9an kokatu da, zertxobait haziz 2022aren aldean, 0,2 puntu. Eskaintzari dagokionez, Hego Euskal Herrian sektore guztietako balio erantsi gordinaren hazkundea positiboa izan dela ondorioztatu du txostenak.

Ibon Urgoiti: “Laburbilduz, aldagai nagusiak ikusita, eta inflazioaren portaera alde batera utzita, datuak, oro har, positiboak direla esango nuke”

Inflazioak %3,1ean amaitu du 2023a EAEn eta %2,9an Nafarroan. Espainiako estatuan, aldiz, %3,1ean. Aitzitik, Urgoitik nabarmendu du urtetik urterako zifraren atzean inflazioak urtean zehar izandako beheranzko joera ezkutatzen dela, izan ere, 2023a %6 inguruko tasarekin abiatu zen, eta %3,1eko tasarekin amaitu du EAEn eta %2,9koarekin Nafarroan. “Laburbilduz, aldagai nagusiak ikusita, eta inflazioaren portaera alde batera utzita, datuak, oro har, positiboak direla esango nuke”, adierazi du Negozio Garapeneko zuzendariak.

Zerbitzuen sektorea indartsu

Madariagak azaldu duenez, 2020-2021 biurtekoan, pandemiak eragindako murrizketek baldintzatu zuten ekonomia, zerbitzu sektorea kaltetuz batik bat. Honek "kontsumitzaileen patroiak aldatzea eragin zuen, ondasunetan zentratuz, eta hornidura kateetan tentsioa areagotuz", azaldu du. 2022-2023an berriz, zerbitzuen sektorea hedatu egin da berriz, Hego Euskal Herrian, gainerako sektoreekin alderatuz, dinamismo handiena (%2,4 eta %2,6ko hazkundea EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren) azaltzen duen sektorea delarik.

Enpleguari dagokionez, lehen sektorean %3,8 handitu da EAEn, eta 400 pertsona gehiago daude lanean. Nafarroan, aldiz, %25,6 handitu da, 2.100 pertsona gehiago. Industrian, aldiz, Nafarroan %1,6ko beherakada izan da enpleguan, eta 1.200 langile gutxiago daude lanean. EAEn, ordea, enplegua %0,4 hazi da. Eraikuntzan ere %16,9 apaldu da enplegua Nafarroan eta EAEn %5,8 hazi. Azkenik, zerbitzuetan gorakada izan da Hego Euskal Herrian (%3,4 EAEn eta %3,1 Nafarroan).

Urgoiti + Madariaga pie
Urgoiti eta Madariaga | Argazkia: Laboral Kutxa

Urte hasiera espero baino hobea

Madariagak PMI edo erosketa kudeatzailearen indizearen bilakaera xehatu du. Manufaktura eta zerbitzuen maila neurtzen du adierazle honek, eta iaz bi sektoreak Europar Batasunean 50etik behera izan direla azaldu du, hots, “uzkurtze esparru argian”. Espainiako estatuarekin egin du alderaketa, izan ere, Espainian, datuak askoz hobeak dira, 2024 hasieran bai manufaktura bai zerbitzuek 50eko langa gainditu baitute, hots, hazkunde esparruan dira. Hala eta guztiz ere, maiatzeko azken datuak beherakada bat adierazten du, eta Madariagak argitu du hazkundea aurreikusten bada ere, azken datu honen arabera, zertxobait apaldu da.

Laboral Kutxaren aurreikuspenak positiboak ziren orain sei hilabete, zerbitzu sektorearen egoera ona eta langabezia tasa minimoetan zegoela ikusita. “Eszenatokia asko aldatu da Europan. 2024aren lehen zatian ahultasuna espero genuen, eta bigarren zatian hobekuntza. Baina, urtearen hasiera oso positiboa izan da, ekonomia %0,3 hazi da, eta PMIak ere nabarmen egin du gora, hazkunde esparruan sartu delarik zerbitzuen adierazlea (manufakturenak uzkurtze esparruan jarraitzen du)”, azaldu du Madariagak. Nolanahi ere, beste adierazle batzuk industria sektorearen hobekuntza txiki bat iradokitzen dutela argitu du.

Joseba Madariaga: “Eszenatokia asko aldatu da Europan. 2024aren lehen zatian ahultasuna espero genuen, eta bigarren zatian hobekuntza. Baina, urtearen hasiera oso positiboa izan da, ekonomia %0,3 hazi da"

Hego Euskal Herrian datuak ere onak dira. 2024ko lehen hilabeteetan %1 hazi da BPGa Nafarroan eta %0,6 Euskal Autonomia Erkidegoan. “Ekonomiaren hazkunde zikliko honek aukera emango digu joan den abenduan egindako estimazioak gorantz zuzentzeko”, azaldu du Urgoitik. Gainera, pasa den ekainean EBZk “etapa berri bat” hasi zuela gogoratu du, interes-tasak lehen aldiz jaitsiz denbora askoan. “Urtearen bigarren erdirako beste bi jaitsiera espero dira, eta 2025ean beste lau. Honek nolabaiteko bultzada emango dio hazkundeari, eta batez ere datorren urtean antzemango da”. Hala, Laboral Kutxak pasa den abenduan egindako aurreikuspenak handitu ditu: EAEn %2ko hazkundea espero dute aurten, Nafarroan, berriz, %2,1ekoa.

BPGaz harago, lan merkatua osasuntsu aurkitzen dela azpimarratu dute gaurko agerraldian. “Langabezia tasa minimoetan dago, eta afiliazioa kopurua inoizko handiena da Espainiaren kasuan”, gogoratu du Madariagak. “Kontsumoak ekonomiari laguntzeko aukera ematen du honek, are gehiago soldatak igotzen ari direnean”. EBZren arabera, %4,7 igo dira, hau da, inflazio baino "askoz gehiago".

Zerbitzuak, lan merkatua eta kontsumoa. Hauxe da erreparatu beharreko trinomioa, hiru aldagai hauek baitira, Madariagaren arabera, ekonomiaren hazkunderako oinarriak, diru politikaren norabide berriak eta luzez esperotako baina oraindik konfirmatzeke dagoen Europako manufaktura sektorearen loraldiak lagunduta. “Gure esparru geografikoarentzat albiste bikaina litzateke, ekonomiaren eskariaren bi aldagaietan izango lukeen eragina dela eta: inbertsioan eta esportazioan".

Lurreratze leun baten esperoan

2024 hasiera itxaropentsuak, Hego Euskal Herrikoak ez ezik, euroguneko aurreikuspenak handitzea ere ekarri du. Frantziaren BPGaren hazkunde aurreikuspena %07tik %0,9ra igaro da, Espainiakoa %1,3tik %2,2ra, Italiarena %0,5etik %0,8ra eta EBrena %0,5etik %0,7ra. Alemaniarena jaitsi dute soilik %0,4tik %0,2ra. Inflazioari dagokionez, “2025erako EBZk ezarritako balioetan dira zifrak gutxi gorabehera”, dio Madariagak.

Finantza erakundearen ikerketa taldeak EAEn enplegua %1,8 haztea aurreikusten du eta %1,9 Nafarroan. KPIa aldiz, %3,1koa izango da Nafarroan eta hamarren bat altuagoa (%3,2) EAEn. Langabezia tasa, berriz, EAEn %7,5era jaistea espero dute EAEn, Nafarroan %9,4ra.

Joseba Madariaga: “Lurreratze leun baten eszenatokia irudikatzen ari gara, inflazioa oraindik kontrolatu gabe dagoen testuinguruan, eta diru politikak oraindik izaera murriztailea duenean”

Aurreikuspenak aurreikuspen, ekonomian eman daitezkeen “shock” egoerak ez ahaztea komeni dela gogoratu du Madariagak, bai ekonomikoak, eskaintza eta eskariaren dinamikak eragindakoak, baita egoera politiko eta sozialek eragin ditzaketenak ere. “Lurreratze leun baten eszenatokia irudikatzen ari gara, inflazioa oraindik kontrolatu gabe dagoen testuinguruan, eta diru politikak oraindik izaera murriztailea duenean”, argitu du Madariagak.

Baina, lur-hartze gozoa ahalbidetzeko inflazioa %2ra itzultzea beharrezkoa dela gogoratu du. "Lehen aipatu dugun trinomioa egonkorra bada ere, shock egoerak eman daitezke, Frantziako hauteskundeen emaitzekin, esaterako, hauek Europan ezarritako egonkortasun eta hazkunde akordioa tenkatu baitezakete".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK