Inoiz baino afiliatu gehiago daude Hego Euskal Herrian

1.333.504 pertsona daude egun afiliatuta Gizarte Segurantzan. Dena den, urrian langabeziak gora egin du irailaren aldean

Langabeziak gora egin du urrian | Argazkia: Nafarroako Gobernua Langabeziak gora egin du urrian | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Langabeziak gora egin du azken hilabetean Hego Euskal Herrian. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak zabaldutako datuen arabera, urrian 977 langabe gehiago zenbatu dira irailaren aldean.

501 langabe gehiago daude EAEn, eta %0,46 igo da langabezia tasa. Nafaroan, aldiz, 476 langabe gehiago zenbatu dira (%1,61). Hala, guztira Hego Euskal Herrian 138.585 langabe dira denera.

Bizkaian aurreko hilean baino 75 langabe gutxiago daude (%0,12) eta iazko epe berean baino 374 gutxiago (%0,61). Araban, 351 langabe gehiago zenbatu dira, baina iazko urrian baino 872 gutxiago. Gipuzkoan, berriz, 225 langabe gehiago zenbatu dituzte irailetik urrira (%0,79 gehiago) eta 98 gehiago (%0,34) iazko urritik aurtengora.

Afiliatu kopuruari dagokionez, 1.333.504 zenbatu dira guztira Hego Euskal Herrian. Azken hilabetean 13.151 afiliatu gehiago zenbatu dira EAEn eta 2.917 Nafarroan. Inoizko daturik altuenak direla nabarmendu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. EAEren kasuan, datu hori urrian sinatutako kontratu berriei lotuta dago. Guztira, 80.715 kontratu berri sinatu baitziren, horietatik %23,58 mugagabeak.

Nafarroaren kasuan, Mari Carmen Maeztu enplegu kontseilariak azaldu du "termino metatuetan” (urtarrila-urria) 52.626 kontratu mugagabe erregistratu direla. 2021eko aldi berean baino %174,8 gehiago da, lan erreforma ezarri aurreko urtean, hain zuzen. “Zehazki, 33.473 kontratu mugagabe gehiago dira", gehitu du. Ildo horretan, urrian 27.892 kontratu berri zenbatu dira, eta horietatik 6.752 mugagabeak izan dira (%24,2).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK