Inoizko esportazio handienak izan ditu makina-erremintaren sektoreak 2024an

AFM klusterrak azaldu duenez, barne-merkatuak nabarmen egin du behera eta eskaerak murriztu egin dira. Industria sektorea berpizteko beharra gogoratu dute

Jose Perez Berdud AFM klusterreko presidentea | Argazkia: Jose Perez Berdud AFM klusterreko presidentea | Argazkia:

Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erreminten sektoreak 2.193,11 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, 2023an baino %1,66 gehiago. Hala adierazi du AFM makina-erremintaren klusterrak ohar bidez. Merkatuko bi azpisektoreek izan dute hazkundea: harroketak (%1,33) eta deformazioak (%1,62).

Era berean, sektoreko esportazioek %1,73 egin dute gora urte artean, inoizko daturik onena erdietsita (1.639,73 milioi euro). Harroketako esportazioak %1,41 hazi dira, deformazioarenak gehiago, %5,16. Esportazioen helmuga nagusienak, halaber, herrialde hauek izan dira: Mexiko, Estatu Batuak, Txina, Alemania eta Italia. Atzetik Frantzia, Portugal, Turkia, India eta Erresuma Batua datoz. 2023ko zifra bikoiztu du Mexikok eta lehen aldiz kokatu da lehen postuan. AEBtako esportazioak %8 hazi dira, 2023aren aldean, eta Txinarenak %25.

Kanpo merkataritzak joera ona erakutsi badu ere, sektoreko eskaerak behera egin duela azaldu du klusterrak. Zehazki, %23,11 murriztu dira, 2023aren aldean. Barne-merkatuan beherakada %45ekoa izan da, deformazioen azpisektoreak pairatu duelarik jaitsiera nabarmenena. (%40,8).

“Azken 12 hilabeteetan eskaeren dinamikak zorroa txikitu du, eta, horrenbestez, urte amaieran fakturazioak beherakada nabarmena izango duela aurreikusten dugu, nahiz eta izugarria ez izan. Kezkagarria da automobilgintzako inbertsioen blokeo egoera (lotura handia baitu gure deformazio-azpisektorearekin), eta are kezkagarriagoa gure merkatu nagusien egoera, gaur-gaurkoz urtea oso zaila izango dela eta 2025ean ere kaptazioak behera egingo duela besterik ez baitu aditzera ematen”, adierazi du Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak.

Makina-erreminta klusterreko ordezkariek Europako egoera ekonomikoaren inguruko hausnarketa egin dute. Europa “bidegurutze batean” dagoela diote, eta beharrezkoa dela norabidea aldatzea industriak galdutako lidergoa berreskuratzeko. Jose Perez Berdud klusterreko presidenteak azpimarratu du “oso kezkagarria” dela Europako industriaren ahulezia. “Duela urte asko, gaur egun funtsezkoak direla erakutsi duten hainbat sektoretan lekukoa emateko erabakia hartu genuen; beste toki batzuetara eraman edo baliabideak azpikontratatu, eta ekonomia hartzaileak indartu genituen (elektronika, mikroelektronika eta erdieroaleak, energia biltegiratzea, defentsa, etab.). Gainera, jasangarritasunaren aldeko apustu beharrezkoa zela bide, presaka eta ondorioak ondo kalkulatu gabe hartu genituen zenbait erabaki. Horiek horrela, automobilgintzaren munduan genuen kokaleku nabarmena partez alferrik galtzea lortu dugu azken 6-8 urteetan”, esan du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK