
Inoizko irabazi handienak izan ditu BBVAk 2024an. 10.054 milioi euroko mozkinak eskuratu ditu, 2023an baino %25,4 gehiago. Banku negozioaren bilakaera ona, interes marjinak eta komisio garbiak izan dira emaitza “historikoaren” arrazoi nagusiak.
"Negozioaren dinamismoari eta gure frankizien lidergoari esker, batez ere Espainia eta Mexikori esker, 10.000 milioi eurotik gorako irabaziak izan ditugu”, adierazi du Carlos Torres Vila BBVAko presidenteak. Era berean, adierazi du 2025ari “baikor” ekin diotela, eta errentagarritasun mailari eustea espero dutela.
Banco Sabadell erosteko asmotan da BBVA, eta 2024an zehar erosketa eskaintza publikoa gauzatu zuen. Testuinguru horretan lortu ditu inoizko emaitza onenak. CNMVk argitu duenez, interes marjinetan 25.267 milioi euro irabazi dituzte, iaz baino %9,4 gehigo. Komisio garbietan, aldiz, 7.988 milioi euro (%27 gehiago).
Marjin gordina 35.481 milioi eurotakoa izan da (%20,1eko igoera) eta ustiapen-gastuak 14.193 milioi eurotakoak, iaz baino %15,3 gehiago, lantaldearen handitzea eta inbertsioen gorakada dela eta.
Bestalde, bezeroei eskainitako mailegu eta aurrerakin kopurua %9,2 handitu da 2023aren aldean. Batik bat, enpresei emandako maileguetan izan dute hazkundea (%14,7). Halaber, bezeroen baliabideak %10,8 hazi dira, gordailuen gorakadaren ondorioz (%8,3).
Bankuak akzioko 0,41 euroko dibidendua banatzea proposatu du, eta orain akziodunen batzarrean onartu beharko dute. Dibidendu honi jada urrian emandakoa (0,29 euro akzioko) gehitu beharko zaio. Modu honetara, 2024ko guztizko dibidendua 0,70ekoa litzateke akzioko.
Bankuak ere nabarmendu du 2024an inoiz baino bezero berri gehiago lortu dituela. Zehazki, 11,4 milioi bezero.