
Ekonomia Itunaren Batzordeak aho batez erabaki du Ekonomia Ituna aldatzea. Xedapen berriak eragina du inportazioak egiten dituzten zergadunengan, hain zuzen, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) aduanetan aurreratu behar izaten dutenengan. Adostutakoak zerga aurrerapen hori egin behar ez izatea du helburu.
Izan ere, 2015. urtean Espainiako Estatuko Administrazioak kudeaketa-sistema berria ezarri zuen, eta zergadunei aukera eskaini zitzaien BEZa ohiko aitorpenetan aitortzeko. Foru Ogasunetan zergak ordaintzen zituztenak, ordea, sistema horretatik kanpo zeuden, eta, ondorioz, BEZa aduanan aurreratu behar izaten zuten.
Xedapen berriarekin, aldiz, egoera hori saihestuko litzateke, hots, EAEko zergadunak eta Espainiako Estatukoak egoera berean egongo lirateke. Hala ere, akordioa ez da martxan jarriko 2026ko urtarrilaren 1era arte; adostutakoa betetzeko BEZaren erregulazioan aldaketak egin behar dira, baita beste zenbait egokitzapen informatiko ere.