
Talentu gazteak. Konprometituak. Gizarte, ingurumen, hezkuntza, berrikuntza, ekintzailetza eta ezagutza proiektuak. 20-30 urte bitarteko Gipuzkoako gazteak sarituko ditu, bigarren aldiz, Kutxa Fundazioak. Inspira Gazteak sarien II. edizioan. Etorkizuneko belaunaldientzat erreferente berriak ezagutzera emango dituzte. Eredu bilakatu daitezen.
Ibilbide profesionala. Motibazioa. Lidergoa. Hazteko potentziala. Ekintzailetzarako gaitasuna. Pentsamendu kritikoa. Ekimenak eta lorpenak. Erresilientzia eta izaera berritzailea. Horiek dira sarien oinarri arautzaileak. Kutxa Fundazioaren balorazio irizpideak.
Orotara, bost sari banatuko dira eta bakoitzak 15.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du. Beren ibilbideak bideratzen laguntzea, ikusgarritasuna ematea eta babesa eskaintzea dute helburu. Ekimenen arteko sinergiak sortzeko bitartekari ere bilakatu nahi dute. Gazteen ametsak errealitate bilakatzeko bidean hauspoa izan.
Abian da gazte erreferenteak ezagutzera emateko bigarren aldia. Aizpea Goenagak, Felix Arrietak, Aitziber Sarobek, Blanca Zaragüetak eta Ion Irurtzunek osatuko dute edizio honetako epaimahaia. Izena emateko epea datozen egunetan, martxoaren 23an, amaituko da. Irabazleak ekainaren 26an egingo den ekitaldian iragarriko dira.
Ekintzailetza eta hezkuntza-berrikuntza sariak jaso zituzten 2023an Aritz Gartziak eta Nereba Belzunegik. Pozez gogoratzen dituzte duela bi urteko une zirraragarri horiek. Esker ona nabari da beren hitzetan. Sariek bultzada “handia” eskaini diete beren proiektuei. Sariaren “kontzeptua” nabarmentzen dute; “bikaina” dela uste dute. Egite hutsa “izugarria” iruditzen zaie. Gazteen inspirazio iturri dira. Ekomodoren eta Hockey Eskolaren gidariak dira.
Ekomodo
Ekonomia zirkularra, berrikuntza eta inpaktu soziala uztartzen ditu Gartziak Ekomodon. Andoaingo Eko-REC enpresan eman zituen lehen urratsak proiektuak. “Berrikuntza departamenduko hiru kidek sortu genuen”, ekarri du gogora Gartziak.
Egunero bost milioi botila baino gehiago birziklatzen dituzte bertan. Zerbitzu berriak pentsatzea zen beren lana. Bete betean asmatu zuten. Ideia garatu, prototipoak sortu eta merkaturatu. Pixkana-pixkana salmentak izan eta bere bide propioa egiten hasi zen proiektua.

Materialak birziklatu eta produktu jasangarriak ekoizten dituzte: motxilak, botilak, koadernoak, ordenagailuentzako zorroak… “Hondakinak berrerabili eta baliozko produktuak sortu nahi ditugu”, gehitu du. Egunerokoan erabilgarri diren osagarriak.
Marka bat baino gehiago dira eta inpaktu positiboa sortzen dute gizartean. “Gure produktuak lantegi sozial batean egiten dira”, azpimarratu du. Lana sortzen dute. Errenterian. Lurraldean bertan. Gizartean eragina izatea garrantzitsua da Gartziarentzat. Bere proiektuaren ardatzetako bat da. Enpresa jasangarritasunarekin batera.
Materialak birziklatu eta produktu jasangarriak ekoizten dituzte Ekomodon: motxilak, botilak, koadernoak, ordenagailuentzako zorroak…
Inspira Gazteak sariak Ekomodon inbertsioak egiteko aukera ahalbidetu dio. Nazioartekotzeko eta produktu-linea berri bat sortzeko aukera eman dio sariak. Hazten jarraitzeko bultzadatxoa jaso du.
Are gehiago, saria eskuratzeko prozesua erabat “aberasgarria” izan da berarentzat. Barne gogoeta bat. Hausnartzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko baliagarri. “Galdera pertsonalek gauza asko pentsatzera eraman ninduten”, nabarmendu du. Argi du, sariak Ekomodo eta Gartzia indartu ditu aldi berean.
Zorteduna sentitzen da; duela bost urte izandako ametsa gauzatu delako. “Martxa onean doa gainera”, adierazi du. Orain, helburua, pixkana-pixkana hazten joatea dela aitortu du. Enpresa indartu eta mugetatik haratago zabaldu nahiko luke Ekomodo. Berrikuntzan jarraitu. Eskala handiagoan lanean aritu. Euskal Herrian eta Europan marka ezaguna bilakatu.
Hockey Eskola
Txikitatik izan du pasio hockeya Belzunegik. Ikastetxean hasi zen praktikatzen eta, 29 urtera arte, Realeko jokalaria izan da. Garaikur eta garaipenez haratago, bizipen asko eman dizkio hockeyak. Baloreak garatu ditu. Pertsona gisan hazteko lagungarri izan zaio. “Nik bizitakoa beste neska askok bizitzeko aukera izatea bermatu nahi nuen”, aitortu du.
Belar hockeyan aritzeko aukera Donostiako ikastetxe gutxi batzuek soilik eskaintzen dute. Gabezia horri aurre egin nahian hockey eskola bat sortu dute. Gipuzkoako neskei kirol hau praktikatzeko ateak zabaldu dizkiete. Kirol minoritario honi ikusgaitasuna eman.

Eskolak duela bederatzi urte eman zituen lehen urratsak. Bost gaztetxorekin hasitako bidea hazten joan da. Egun 8-12 urte bitarteko 200 neska baino gehiago batu zaizkie proiektura. Realarekin elkarlanean aritzen dira. Realeko hockey eskola dira. Infantil, kadete eta gazte mailetan ere taldeak dituzte. Lehen taldearen harrobia eta motorra bilakatu dira.
Inspira Gazteak sariei esker ikusgarritasuna lortu dute. Realeko Hockey Eskola ezagutzera eman da. Sariarekin batera Gipuzkoan lehen udal zelaia izatea lortu zuten, Zubietan. Jende berria erakartzeko aukera ahalbidetu du horrek.
Belzunegi: “Entrenatzaileek eredu izan behar dute. Ikasketak eta kirola, kirola eta ikasketak uztartzen dituztela ikusi behar dute gaztetxoek”
Sarien izenburua ikusi eta argi izan zuen, beren lan egiteko moduarekin eta filosofiarekin bat egiten zuen, bete betean. Bitan pentsatu gabe prozesuan aurrera egitea erabaki zuten. “Guk eskolan horixe bera egiten dugu, neskak inspiratzen ditugu erreferenteen bidez”, nabarmendu du.

Hezkuntzari garrantzi berezia ematen zaio eskolan. Hasiera hasieratik izan dute hezkuntza ardatz. Entrenatzaileek erreferenteak izan behar dute. Ereduak. Baloreen transmisiorako bitartekariak. Lehen taldean aritutako jokalariak izateak indarra ematen dio. Gertutasuna aldi berean.
Gaztetxoek lehen taldea eskuragarri ikustea garrantzitsutzat jo du. Hockeyaren etorkizuna bermatzea helburua. Haria ez dadila eten. “Entrenatzaileek eredu izan behar dute. Ikasketak eta kirola, kirola eta ikasketak uztartzen dituztela ikusi behar dute gaztetxoek”, zehaztu du Belzunegik. Lana. Esfortzua. Dedikazioa. Gozamena. Errespetua. Baloreak. Transmisioa.
Pasioz aritzen dira hockey eskolan. Proiektuan sinesten dute. Hockeyaren balio katea bizirik mantendu nahi dute. Hazten jarraitu nahi dute. Kirolari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko lanerako gogo biziz daude. Kirol minoritarioetan egiten den lan boluntarioari balioa eman. Ikusgarritasuna. Errealitatearen ispilu izan. Gipuzkoako hockeyaren motor bilakatu. Realeko lehen taldeak fitxaketarik egin gabe lehiatzeko gaitasuna izatearekin egiten dute amets.