Intermitentzia, artisten segurtasun sarea

Hego Euskal Herrian 'Artistaren Estatutuaz' mintzo diren honetan, Iparraldean lan-baldintza bereziak dituzte ikuskizun munduko langileek, haientzat propio sorturiko estatus bati esker

Arantxa Lannes, 'Aztarnak' ikuskizunean| Argazkia: Séverine Dabadie Arantxa Lannes, 'Aztarnak' ikuskizunean| Argazkia: Séverine Dabadie

Zerbait “artearekiko maitasunagatik” egiten denean, dohainik dela ematen da aditzera… Baina maitasun hori ogibide bilakatzen denean, zer egin dezakete artistek prekarietatean ez erortzeko? Europan, herrialde bakoitzak bere bidea hartu du artisten eskubideak babesteko: Espainiako Estatuan orain ematen ari dira lehen urratsak, baina Frantziakoan, urtetan garatu dute artisten aldeko erregimen berezia, ikuskizunetako intermitentzia deiturikoa.

Ikuskizunetako intermitenteak (frantsesez, intermittents du spectacle) artista edo teknikari profesionalak dira; ikuskizun biziko, zinemako edo ikus-entzunezko enpresentzat lan egiten dutenak. Soldatapeko langileak, beraz, administrazioaren begietan: beste sektoretako langileek bezala, langabezia edota erretreta eskubideak dituzte. Intermitentzia sistemaren bidez, lan egindako orduak kontuan hartu, eta horren araberako langabezia-sari bat jasotzen dute lan egiten ez duten egunetarako. Hau da, diru-sarrera bat ziurta dezakete lan-kontraturik ez duten aldietarako.

Ikuskizunetako intermitenteak (frantsesez, intermittents du spectacle) artista edo teknikari profesionalak dira. [...] Soldatapeko langileak, beraz, administrazioaren begietan

Izan ere, artearena sarritan sektore ezegonkorra izan ohi da: iraupen oso mugatuko kontratuak; ekitaldiz beteriko udak, baina amaitzen ez diren negu luzeak… Egonkortasun falta horri aurre egiteko, artistak “langabe” gisa inskribatzen dira Pôle Emploi lanerako agentzia publikoan, eta horrek diru-kopuru bat esleitzen die eguneko, hurrengo lan-kontratua lortu bitartean.

“Noski ezegonkorra dela: gure bizitza abentura bat da, baina atsegina ere bai”. Jean Lou Corrihons musikariaren hitzak dira: 1980. urte inguruan sartu zen bera intermitentzia erregimenean; Iparraldeko lehenetakoa izan zen. Minxoriak plaza-taldetik hasi, Alaitz eta Maiderrekin jarraitu, eta egun Saltoka taldean dabil, gitarra akustikoa eta ahotsa uztartzen. Onartzen du intermitentzia bi aldeko txanpona dela: “Segurtasun gehiago ematen du proiektuak garatzeko, bistan dena, baina segurtasun hori ere lotzen zaio larritasunari. Ezin duzu intermitentzia galdu, bestela hondamendia da”.

507 ordu lanean

Estatus berezi hori eskuratzeko, baldintza batzuk betetzea beharrezkoa da. Garrantzitsuena: urtean gutxieneko lan kopuru bat ziurtatzea. 12 hilabetetan, 507 lanordu edo 43 ordainsari justifikatu behar dira urte oso baterako langabezia-saria eskuratzeko. Lan kopuru hori bete eta hurrengo urtean zehar, intermitenteak lansaria eskuratuko du lan egitean, eta langabezia-saria lan egiten ez duenean. Hilabete berean, bi diru-sarrera mota jaso ditzake, ondorioz.

Beharrezko 43 datak lortzea gero eta zailagoa dela ikusi du Corrihonsek bere begiekin: “Orain dela 40 urte, kopuru hori talde batekin lortzen nuen: nahiko erraza zen; bazen lan anitz, guzientzat, edozein estiloan… Gaur egun ez, ez da horrela: orain izan behar dituzu bizpahiru-lau talde, eta jokatu egin behar duzu urte bukaeran kopurua lortzeko”.

Lou Corrihons: “Orain dela 40 urte, kopuru hori talde batekin lortzen nuen: nahiko erraza zen [...]. Gaur egun ez, ez da horrela: orain izan behar dituzu bizpahiru-lau talde”

Eta joko horretan, teknikari gisa ere lan ugari egiten du, azkenaldian eskaria handitu egin baita haientzat: “Mundu bietan ibiltzen naiz, xantzaz, zeren eta horrek eman dit nahiko lan: egun teknikari gisa dezente lan egiten dut, eta musikari munduan gutxiago, garai batean baino. Gero, urte bukaeran, ikusten duzu zertan egin dituzun ordu gehien, eta horrek erabakitzen du nola hartuko zaituen kontuan estatuak. Ni, momentuz, musikari gisa naiz, baina teknikari ordu kopurua igotzen ari zait”.

Arantxa Lannesek ere hainbat diziplina nahasi ditu bere jardunean: musika, arte plastikoak… Baina dantzaren bidez lortu zuen intermitentzia duela hamarkada bat, 24-25 urte zituela. Elirale dantza-konpainian ibili da urte luzez, harik eta 2021ean Alabena konpainia sortu zuen arte. “Sentitzen nuen zeharkatzen nituen arlo guziak modu bereizian landu nituela, eta konpainiaren helburuetarik bat zen justuki arlo horien batzea. Gure sisteman, gauzak biziki etiketatuak dira, kutxetan sartu behar dira, eta horrek ez du errazten bide desberdinetan aritzea. Baina gaur egun dantzaz bizi naiz erabat”.

Erregimena, gizartearen gorabeheretara moldatzen

Azken urteak, ordea, ez dira errazak izan kulturaren munduarentzat. Hala kontatzen du Lannesek: “Urteak pasa ahala, gero eta zailago ikusten dut, eta itxialdi garaiaz geroztik, oraino okerrago. Baldintzak ere zailagoak dira kulturan, diru gutxiago bada beharbada. Eta gaurko gaztetxoentzat ez da erraza. Gainera, intermitentzia erregimena alimaleko xantza da, baina beti hauskorra dela sumatu dut, eta kasu eman behar diogu”.

COVID-19ak, adibidez, urte zuria delakoa ekarri zuen intermitenteentzat: ekitaldi guztiak bertan behera gelditu zirenez, lanik ez zuten, eta Frantziako gobernuak erabaki zuen 2020-2021 urteetan langabezia-saria mantentzea haientzat. Baina itxialdi eta etxeratzeak tarteko, askorentzat langabezia-saria ez zen osagarri bat, baizik eta diru-sarrera bakarra. Horri buelta ematea zaila izaten ari da, dantzariak dioenez: “Jendeak ere anitz sortu du itxialdi garaian, eta ondorioz pieza guztiak bat-batean atera behar ziren. Ikusgarri pilaketa bat izan da, berriz datak lortzeko. Denbora gehiago hartu du horregatik”.

Intermitenteen pentsioak erregimen orokorraren mende dira, baina berezitasunekin; kasurako, langabezia-sariak ez dira kontuan hartzen oinarrizko erretreta kalkulatzeko

Eta egun pil-pilean den azken gai bat ere hunkitzen du intermitentziak: erretreta. Intermitenteen pentsioak erregimen orokorraren mende dira, baina berezitasunekin; kasurako, langabezia-sariak ez dira kontuan hartzen oinarrizko erretreta kalkulatzeko. Eta 62 urtetik goiti, erretreta hartu bitartean, aukera dute intermitentziarekin jarraitzeko, lanorduak justifikatu beharrik gabe. Egoera horretan da Corrihons: bi urtetan hartuko du erretreta, baina beste askok bezala egingo du. “Lanean segituko dut; nahi eta beharko dut. Bestenaz, orain dudan bizi maila mantentzeko, ez naiz batere ziur. Orduan segitu beharko. Publikoak nahi badu”.

Intermitentziaren azken datuak 2021ekoak dira. Orduan, estatu frantsesean 139.600 langilek jaso zuten langabezia-saria; Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoen departamenduan, 852 izan ziren intermitentzia lortu edo berritu zutenak. Batez beste, 55 euro irabazi zituzten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan lan egin ez zuten egun bakoitzeko; estatu osoan, aldiz, zerbait gehixeago, 58 euro. Laguntza hilabeteko 19 egunetan jaso zuten: 1.100 euro inguruko sari gordina, beraz, hilero. Artista eta teknikariek jasotzen duten diru-sarrera guztien %42 irudikatzen du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK