BIEMHren baitan, gaur inauguratu da WORKinn Talent Hub enplegu foroa. Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak Alfonso Gurpeguik eman dio hasiera topaketari, eta Lanbideren inguruan mintzatu da "talentua kudeatzeko punta-puntakoa" izango dela nabarmenduz, "horren bila dabiltzan enpresa guztiak igaroko direlako, prestakuntza ekonomia berriaren beharretara egokituko delako eta zerbitzuan erregistratuta dauden pertsona guztiak konektatuko direlako". Halaber, enpleguaren inguruko eragile guztiek sarean lan egingo dutela berretsi du, ekonomia berriaren beharretara egokitzeko.
WORKinn Talent Hub azokak, gazteak, lana bilatzen ari diren pertsonak, enpresak eta erakundeak biltzen ditu industria arloko talentuaren inguruan. Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuarekin, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiarekin eta Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiarekin batera, Gurpeguik muntatutako erakusketa zeharkatu du, baita postuak ere, besteak beste, Lanbide eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearena.
Gurpeguiren esanetan, foroa "berrikuntzarako gunea" da, "talentuarentzako motorra" eta erantzunak emango dizkie pertsona guztien enplegu erronka berriei. Gaineratu duenez, EAEn arrakasta handiz egiten ari den ibilbidea da, atzo ezagutu ziren datuek erakusten dutenez.
Hau posible da "politika publiko batzuengatik, erabakitasunez sartu baitira enplegua sortzen dutenen eta lan egiten dutenen ekarpenak, enpresaburuen erakundeenak eta sindikatuenak, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian adosten jakin dutelako nola babestu enplegua eta nola hazi inor atzean utzi gabe". Lankidetza horren adibide gisa jarri ditu hartutako neurriak, hala nola, aldi baterako lan-erregulazioen osagarriak, krisian dauden enpresetako pertsonak erreskatatzea beste enpresa arrakastatsu batzuetan kokatzeko, 50 urtetik gorakoak enplegatzeko plan espezifikoak, edo Lehen Aukera programa indartua.
Enpleguaren legea, aitzindari
Lankidetza-esperientzia hori EAEk duen lehen enplegu legean gauzatu da, eta beste urrats bat eman nahi du, besteak beste, herritar orok, "langabezian edo enplegatuta egonik, bere prestakuntza, lan duina lortzeko gaitasunak eta trebetasunak eguneratzeko duen eskubidea" bermatzen duelarik. Enplegu sailburuordearen esanetan, "horrek benetako iraultza ekarriko du enplegu-politika publikoetan, eta Lanbide bizitzen ari den eraldaketa sakonaren erdigunean dago".