Itsasoko ogibideen emakume aurpegia

Itsasoko emakumeen lana, oso feminizatua izanik, gutxi baloratua izan da eta hori aldatzen ez bada, ez dago belaunaldi erreleborik

Argazkia: Euskal Itsas Museoa Argazkia: Euskal Itsas Museoa

Emakumeen eta itsasoaren arteko harremana sakona eta modu anitzekoa ageri da historian zehar. Orokorrean ezezaguna eta gutxietsia izan bada ere, euskal kostaldean historikoki pisu handikoa izan da emakumeak itsasoko ekintzei lotuta izan duen parte hartzea, maiz esleitzen zaiena baino askoz ere handiagoa, oso baldintza gogorretan eta inolako aitorpenik gabe. Duela gutxi arte itsas ikerketarako perspektiba androzentriko nagusiak bigarren planora baztertu ditu guztiz emakumeak, beren eginkizunak gizonek betetzen zituzten lanekiko osagarri huts edo kolaborazio gisa bereiziz. Baina egiazki errealitatea oso bestelakoa izan da. Emakumeen lana funtsezkoa izan da portuetan eta arrantzan.

Kaietan batelari, zirgari, neskatila, gabarraria, pixonera edo kargaketari lana destajuan egiteaz gain, komunitate itsastarretan emakumeak askotariko lanak egin izan ditu: marisko lana, arrantzako arteen mantenua, arrainaren deskarga, enkantea eta salmenta, kontserba fabriketako eskulana, eta abar luzea. Lan horiei etxea, familia eta etxeko ekonomiaren zaintza batzen zitzaien.

Aipatutako lanbide batzuk berez ez ziren emakumeek bete beharrekoak, oso gogorrak izateagatik; esaterako, zirgariena. “Soka luze batetik tiraka zirgariek ontziak mugitzen zituzten kaian barrena, eta oso ohiko lanbidea izan zen XIX. mendeko Bilboko itsasadarrean. Karlistaldietan, gizonek utzitako hutsunea betetzeko, emakumeek egiten zuten lan astun hori. Beste eremu batean, ezin da ahaztu emakumeen parte hartze puntuala ontzigintzako negoziotan, armadore eta kortsario jardunean eta arrantzaldietan ere”, azaldu du Aitor Butronek, Euskal Itsas Museoko hezkuntza arduradunak. “Donostian izan zen Kortsario emakumea, Juana Larando izenekoa. Alarguna zen eta beste bazkide batzuekin Koroaren ontzi etsaiak harrapatu eta arpilatzen ibili zen. Edo Erausoko Katalinaren adibidea ere hor dugu, hagitz ezaguna egin dena”.

untzi museoa zirgariak1
Zirgariak | Argazkia: Euskal Itsas Museoa

1902an, Bilboko El Liberal egunkarian emakumeak kaian egindako lanei buruzko artikulu bat argitaratu zen, non kolektibo horren errealitate sozialaren azterketa egiten zen. Honela zioen: "Euria nahiz eguzkia egin, goizeko seietatik arratsaldeko seiak arte lan egiten zuten emakume horiek, egunean hamar errealeko eskupekoaren truke. Soldata hori gizonena baino txikiagoa zen, eta haren eskakizunak ere bai. Aldiz, bakailaoa destajuan deskargatzen zen, eta emakume bakoitzak txapa bat jasotzen zuen bidaia bakoitzeko, bost zentimokoa, lau arroako karga eramateagatik. Egunean 16 eta 18 erreal artean irabazten zuten, batzuk 20 arte. Ez zuten ordutegi finkorik, eta etxeko lanen arabera joaten ziren kaira".

Enpakatzaile bost xoxen truke

Isaura Piñeiro Ondarroako portuan hasi zen lanean 15 urterekin. Gaur 54 ditu. Paketatzaile gisa lan egin du urteotan, dozenaka kiloko kaxak pisatzeaz, izotza aldatzeaz, sailkatzeaz eta ordenatzeaz arduratzen zen, dena egunsentian prest egon zedin, arraina enkantean jartzeko garaiz. Hura oparotasun garaia zela esan du. Ondarroak alturako flota zuen, eta 150 ontzi zituen orduan. Ehunka arrantzaleri ez ezik, emakume askori ere ematen zien lana itsasoak. "Igandean 700 emakume aurki zenitzake portuan”, dio. Gaur egun 20 edo 21 txalupa besterik ez direla gelditzen gaineratu du.

Emakume horientzat lan baldintzak orduan eskasak baziren, urte hauetan ez da egoera gehiegi aldatu, zoritxarrez. “Gure egoera beti izan da eskasa oso. Ordu txikitan esnatu eta egun osoan portuan beharrean ibili ondoren, gauez etxeratu, bost xoxen truke. Portuan lan egiten dugun emakumeak autonomoak gara, eta hilerokoak ordaindu behar ditugu; horri gehitu beharrerako arropak, eskularru eta amantalak, botak, hiruhileko BEZa…, eta fakturez eta gai hauetaz ezer ere ulertzen ez dugunez, aholkularia ere behar dugu. Pentsa, hilero zelako gastua, hain irabazi eskasekin!”, aipatu du Piñeirok.

Isaura Piñeiro: “Portuan lan egiten dugun emakumeak autonomoak gara, eta hilerokoak ordaindu behar ditugu; horri gehitu beharrerako arropak, eskularru eta amantalak, botak, hiruhileko BEZa…”

Ez hori bakarrik. Irabaziak eskasak izateaz gain, konturatu ziren armadoreek, kamioilariek, zirgariek... portuan lanean ari ziren langile gehienek emakume paketatzaile horiek baino gehiago irabazten zutela, “eta egin ginen berotu, eta hor hasi ginen mugitzen eta eskatzen geuk ere laguntza berdinak nahi genituela, eurak bezala gu ere itsasoko beharginak ginela pentsatzen genuelako”, adierazi du Piñeirok.

Lege berriaren aurrean itxaropentsu

Horrela, 2014ko martxoan Itsas Emakume Langileen Federazioa osatu zen, euskal arrantza sektoreko hiru erakundeak biltzen dituena: Bermeoko Neskatila eta Saregile Autonomoen Elkartea, Ondarruko Neskatilen Elkartea eta Saregile eta Kai neskatilen Euskadiko Elkartea. Federazioak gaur egun Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Getaria, Orio eta Hondarribiko portuetako 70 bat emakume ordezkatzen ditu, saregile, neskatila eta enpakatzaile artean. Euskal arrantza sektoreko emakumeen elkarteak ordezkatu nahi ditu komunean dituzten helburu guztietan. Begoña Arrizabalaga lehendakariaren esanetan, “hiru helburu nagusi ditu elkarteak: emakume horien gaixotasunak profesionaltzat jotzea, koefiziente murriztaileen aplikazioa, kotizazioa hobetzea eta emakumeak arrantza sektoreko egitura guztietan sartzea; sare desberdinetan parte hartzea, bai estatu maila bai Europa mailan; eta azkenik, euskal arrantza sektoreko emakumearen duintasuna eta ikusgarritasuna sustatzea”.

Argazkia: Euskal Itsas Museoa
Argazkia: Euskal Itsas Museoa

2012an Europako Parlamentuan izan ziren Euskal parlamentariak gonbidatuta euren aldarrikapenak ere foro horretan ikustarazteko. “Orduz geroztik, beste hainbat aldarrikapen egin dira zenbait forotan, eta oraindik ez ditugu lan horien fruituak batu”, gehitu du. “Orain onartzear dagoen Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Lege proiektuan gure aldarrikapen historiko horiek jasoko direla dirudi, eta espero dugu horrela, pixkanaka, urteetan egindako borrokak zerbaiterako balio izango duela. Itxaropentsu gaude”.

Begoña Arrizabalaga: “Kolektiboak behera egin du azken urteotan, eta sektorearen hausnarketa beharrezkoa da arrantza sektorearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren lanbide horiei eutsi ahal izateko”

Eta etorkizuneko belaunaldiei begira, badago erreleborik? Errelebo ezaren arazoa arrantza sektore osoko egiturazko arazoa dela erantzun du Arrizabalagak. “Gure kasuan, emakumeak pixkanaka erretiratzen dira, eta ez da ohikoa emakume berriak gurekin lanean hastea. Kolektiboak behera egin du azken urteotan, eta sektorearen hausnarketa beharrezkoa da arrantza sektorearen funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren lanbide horiei eutsi ahal izateko. Lehen urrats nagusiak izan beharko litzateke gure baldintzak hobetzea eta aintzatestea gure lanbideei eusteko, eta emakume gehiago gure portuetan lan egitera animatzeko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK