• EKONOMIA
  • IZT, 20 urtez euskara, hurbiltasuna eta erantzukizun soziala ardatz

IZT, 20 urtez euskara, hurbiltasuna eta erantzukizun soziala ardatz

Informazio zerbitzu teknologikoetan bi hamarkadako ibilbidea betetzear dira. Eraldaketa teknologikoa lehen lerroan bizi dute. Zerbitzu emaile hutsak izatetik haratago enpresen bidelagun bilakatzen dira. Are gehiago, tokikoa zaintzen dute. Gertutasuna dute ardatz. Euskara, erantzukizun soziala eta pertsonak erdigunean

IZTren egoitza, Martin Ugalde kulturgunean | Argazkia: utzita
IZTren egoitza, Martin Ugalde kulturgunean | Argazkia: utzita
2025eko apirilaren 12a

Teknologia ahalguztidunaren aroan barneratuta dago gizartea. Bizitza modernoaren bihotza bilakatu da. Hauspoa batzuentzat, buruhaustea beste askorentzat. Digitalizazioak gizartearen alderdi guztiak zipriztindu ditu. Behin eta berriz moldatu, egokitu eta birmoldatu. Interkonexioa da egungo bizimoduaren ardatza.

 

Eboluzio teknologiko azkarraren erakusleihoa da eguneroko bizitza. Eraldaketak. Erronkak. Aukerak. Mehatxuak. Guztia, gainera, geldiezinezko abiadura batean. Norbanakoak eta entitateak bidean. Teknologiaren aurrerapausoen arrastoari segika.

Hori horrela, ziztu bizian dabilen gizartearen norabide egokia heldu nahian, informazio zerbitzu teknologikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira. Informazioa harribitxi den garai honetan, hura modu eraginkor eta seguruan erabili, prozesatu, biltegiratu eta banatzeko aukera eskaintzen baitu.

 

Panorama teknologikoa etengabeko eraldaketan dago. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egoitza duen IZT kooperatiba eraldaketa teknologikoaren testigu izan da. Lehen lerroan bizi dute. Hogei urte doaz informazio zerbitzu teknologikoetan lanean. Jarraipena eman nahi diote hasitako bideari. Ideiak argi dituzte. Zer diren eta zer izan nahi duten.

DSC04844
Argazkia: utzita

IZT

20 urte. 7.300 egun. Bi hamarkada. 2005ean zabaldu zituen ateak IZT kooperatibak. Informatika zerbitzu teknologikoak eskaintzea xede, ez nolanahi, ordea. Lan egiteko modu eta filosofia propioarekin.

Hiru bazkideren artean sortu zuten IZT. Bi informatikarik eta kudeatzaile batek osatu zuten hasierako lantaldea. “Enpresei digitalizazio prozesuetan lagundu, ondoan egon eta beraiekin batera bidea egiten dihardugu sorreratik”, nabarmendu du Juani Lizasok, IZTko bazkide sortzaileetako batek.

Sektorean ikusten zituzten hainbat ezinegonek eraginda proiektu desberdin bat sortzeko pausoa ematera ausartu ziren. Hasiera hartan, teknologiaren mundua “arrotza” zen gizartean. Gai konplexua. Oro har, ahalmen handiko enpresetara bideratuta zegoen eta, txikiek, ahal bezala egiten zuten aurrera. Antolaketa falta zegoen. Bide orri argirik ere ez zen.

Juani Lizaso: “Enpresa txikientzat aukera gutxi zegoen teknologiak eskuratzeko eta aholkularitza egokiak jasotzeko. Arrakala handia zen txikien eta handien artean: ezagutza, ahalmena…”

IZTk behar horri erantzuna eman nahian enpresa txikietara mugatu du bere lana hastapenetik. “Enpresa txikientzat aukera gutxi zegoen teknologiak eskuratzeko eta aholkularitza egokiak jasotzeko. Arrakala handia zen txikien eta handien artean: ezagutza, ahalmena…”, gehitu du Lizasok. Desberdintasun horiek txikitzeko asmoarekin ekin zioten bide berriari.

Sistemen diseinua eta inplementazioa eskaintzen eman zituzten lehen pausoak, nahiz eta, gaur egun ere, lan horretan diharduten. Zerbitzu sorta handitu zuten eta, poliki-poliki, berriak gehitu zituzten. Egun informazio sistemak, lainoko zerbitzuak eta aplikazioen programazioa dira beren ardatzak. Zehar lerro gisa segurtasun irizpideak, legeen betekizuna eta zaintza teknologikoa.

DSC 3639
Argazkia: utzita

Zerbitzu emaile izatetik haratago

Gauza asko bizitzeko aukera eskaini die IZTk. Aldaketa handiak eman dira sektorean. Ziztu bizian. Eta, beraiek, gertutik ikusi eta sentitu dituzte. Pentsa, duela 20 urte ordenagailua zen elementurik garrantzitsuena. Enpresak digitalizazioan lehen urratsak ematen ari ziren. Oso berria zen dena. Haratago, pertsona askok zituzten zailtasunak tresna horiek erabiltzeko. Errefusa handia zen. “Lan pedagogiko handia egin genuen”, zehaztu du.

Gailu zein tresnerian eman da jauzirik handiena. Testu prozesadoreetatik puri-purian den adimen artifizialera egin da salto. Urte gutxian. Tartean lege eta arau berri asko. Informazioaren kudeaketaren aroan barneratuta daude egun.

Azken urteetan, nabarmen, teknologiaren zerbitzuak enpresa eta korporazio handietan murrizten ari dira. Google eta enparauak bilakatu dira merkatuaren jabe. “Gu bezalako enpresa txikiek ez dugu aukera handirik joera berriak markatzeko merkatuan”, azpimarratu du Lizasok. Arriskutsuena, ordea, enpresa horiek duten ideologia da, sektorearen bilakaera eta zentzua beren moldeek zipriztintzen dute.

“Gu bezalako enpresa txikiek ez dugu aukera handirik joera berriak markatzeko merkatuan”

Merkatuaren abiadura eta joerak zehazten dituztenekiko urrun daude, baina mehatxuak aukera bilakatzeko gai dira. Beren lan egiteko moduak bereizten diete. Tokikoa zaintzen dute. Detailerik txikiena ezagutzen dute. Argi dute, zerbitzu emaile hutsak izatetik haratago enpresa txikien bidelagun bilakatzea izan da hastapenetatik izan duten helburu nagusia. Euskara, hurbiltasuna eta ingurunearekiko erantzukizun soziala zutarri. Bezeroarekiko konplizitatea erabatekoa da.

Ekarpena egiten jarraitu nahi dute. Euskal Herriko enpresa txikiei laguntza eskaini. Gizartean, ahal duten neurrian, eragin positiboa izan. Baloreetan oinarritutako bidelaguntza. Gertukoa eta justua. Pertsonak erdigunean ipinita.

IZTk beste hainbeste urte eta gehiagoko bizitza izatea desio dute. Orain artean egindako bideari jarraipena eman. Lantoki eta zerbitzu emaile arrunt bat baino gehiago izaten jarraitu. Kooperatiba bat da, 21 langileek osatua. Guztien artean IZT eraikitzen jarraitu nahi dute. Elkarlanean.

Pozik eta harro daude bi hamarkada hauetan izandako ibilbidearekin. Formatutako eta informatutako lantaldea dute. Estilo eta ideologia propioa duena. Bezeroen ondoan dagoena. Horiek ulertzen, erronkak partekatzen eta elkarrekin bide berriak eraikitzen dabilena. Etengabe ari dira eta gehiago egiteko irrikaz dago IZT. Ez dadila haria eten.