Jaurlaritzak neurri berriak iragartzea aurreikusi du Trumpen zergen aurrean

%25eko muga zergak ezarriko dizkie AEBk inportatutako autoei; neurriek “inpaktu handia” izango dutela ohartarazi du Jauregi sailburuak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Atzo gauean iragarri zuen AEBtako presidente Donald Trumpek %25eko muga zerga ezarriko ziotela Estatu Batuetatik kanpo ekoitzitako autoei, alegia, inportatutako auto guztiei.

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregi ezkor agertu da neurri berriaren aurrean, uste baitu erabakiak “inpaktu handia” izango duela EAEko automobilgintzaren sektorean. EAEk soilik ez eta “Europa osoak ere sufrituko duenez”, sailburuak ohartarazi du neurri ekonomiko “alderrai eta kontraesankor” berrietarako prest egon behar dela.

Trumpen iritzia guztiz bestelakoa da, haren ustetan zerga horiek automobilgintzaren industria “izugarri bultzatuko” baitute, eta zehaztu du ez duela neurriak deuseztatzeko inongo asmorik. Horren aurrean, “EAE Europari lotuta dagoenez”, Jauregik esan du beharrezkoa dela “gure industria defendatzea”.

José López-Tafallek, Anfac auto sortzaileen elkarteko zuzendari nagusiak, adierazi du albistea “negatiboa” dela “argi eta garbi”. Hala ere, azaldu du iaz ez zela esportaziorik izan Estatu Batuetara, baina bai 2023an, hots, gutxi gorabehera 53.000 ibilgailu esportatu ziren.

Zerga berriez gain, Jauregi sailburuak sektorearen beste zenbait erronka azpimarratu ditu, besteak beste, deskarbonizazioarena. Azaldu du jendeak auto elektrikoak beharrean bigarren eskukoak erosten dituela, eta gaineratu du “hori ez dela nahikoa” deskarbonizazioari dagokionez. Horregatik, biztanleriari laguntzak eman behar zaizkiola azpimarratu du, emisio gutxiago sortuko dituzten autoak eskura ditzaten.

Hain zuzen, gaur arratsaldean egingo du Industria Defentsarako Taldeak bigarren bilera, Mikel Jauregi sailburua buru izanik, zeinak aitortu duen, aurreikusi dutenaren arabera, gaur arratsaldean bertan automobilgintzaren sektorerako neurri berriak iragarriko direla.

Informazio gehiago
Trump, muga-zerga optimoaren bila
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK