Jaurlaritzak dio EAEko ekonomia %2 haziko dela 2025ean

Enplegu tasa %1,4 haziko dela adierazi du Mikel Torres sailburuak, eta langabezia tasa %6,9ra jaitsiko dela

Mikel Torres ekonomia sailburua gaurko agerraldian | Argazkia: Irekia Mikel Torres ekonomia sailburua gaurko agerraldian | Argazkia: Irekia

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur aurkeztu du “2024ko laugarren hiruhileko EAEko ekonomiaren hiruhilabetekaria”. Urrian eginiko 2025erako azken aurreikuspenak zertxobait aldatu dira.

Izan ere, Torresek azaldu du Jaurlaritzaren ustetan %2 haziko dela ekonomia EAEn 2025. urtean, eta urrian zifra hori %2,1ekoa zen, alegia, hamarrekoa txikitu da. Bestalde, enplegu tasa ere hamarrekoa jaitsi da, urriko %1,5etik gaurko %1,4ra, baina, aldi berean, langabezia tasa %6,9ra jaitsiko dela azpimarratu du.

Espainiako estatuan 2025erako aurreikusitako BPGa EAEkoa baino handiagoa da, %2,5ekoa. Sailburuak esan du desberdintasun hori Espainiako estatuaren “zerbitzuen eta turismoaren sektore sendoari” dagokiola, EAEkoa baino “pisutsuagoa” delako. EAEko ekonomia batik bat sektore industrialean oinarritzen dela adierazi du, “askoz ere egonkorragoa den eta lan baldintza hobeak dituen sektorea”.

Europari dagokionez, egonkortasun ekonomikoa lortzeko bertako egoera geopolitikoa batere “erakargarria ez dela” gehitu du Torresek. Europako testuingurua ikusita, EAEko ekonomia “bereziki egonkor” gisa definitu du. Kontuan eduki behar da eurogunerako ekonomiaren %1,3ko hazkundea aurreikusi dela, eta horregatik, Torresen hitzetan “eurogunearen hazkundea nabarmen gainditzen du” EAEk.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK