Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko harremanak normalizatzeko eskatu dio LABek Pradalesi

Sindikatua prest azaldu da Osakidetzaren herri itunean parte hartzeko, baina ohartarazi du beharrezkoa dela "langileen gehiengoarekin akordioak lortzea"

Aranburu, Pradales eta Ugartemendia | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Aranburu, Pradales eta Ugartemendia | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Imanol Pradales lehendakaria eragile sozialekin bilera erronda egiten ari da egunotan, eta gaurkoan Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta Xabier Ugartemendia zerbitzu publiko arloko arduradunarekin bildu da. Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko harremanak normalizatzeko eskatu dio LABek lehendakariari.

Aranburuk Pradalesi adierazi dio sindikatua prest dagoela Osakidetzaren herri itunean parte hartzeko, baina ohartarazi du beharrezkoa dela "langileen gehiengoarekin akordioak lortzea", eta inbertsio gehiagoko politiketan "erabateko aldaketa" eman behar dela aldarrikatu du, "pribatizazio eta kontzertazio politika iraultzeko" neurriak hartuta. "Ezin da hitz egin osasun publiko indartsu baten beharraz eta, aldi berean, zerbitzuak pribatizatzen aritzeaz", gehitu du.

Langileen bizi baldintzak hobetzeko politikak egiteko eskatu du LABek. "1.600 euroko gutxieneko soldata bultzatzea eta etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatzeko lan egitea" eskatu du sindikatuak. Zerbitzu publikoak indartzeko beharra ere planteatu dute. "Gure lehentasunak osasuna, etxebizitza eta zaintza dira".

Aranburuk azaldu duenez, LAB gai guztiei buruz hitz egiteko prest dago. "Proposamenak mahai gainean jarri nahi ditugu, eta akordioak lortzeko eta langileei dagozkien gai horietan guztietan adostasunak lortzeko beharra ere adierazi dugu", nabarmendu du. Hori dela eta, LABek uste du asteleheneko bilera ezin dela "kortesiazko bilera batean geratu, bilera formal batean", eta uste du elkarrizketa hauei "jarraipena" eman behar zaiela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK