Jean-Jacques Carriquiriborde:“Zuberoako ekonomia bultzatu nahi badugu, behar dugu jendea ekarrarazi"

ODACE elkartea arduratzen da Zuberoako garapen ekonomikoaz, eta bertako lehendakari hautatu zuten iragan urtean Carriquiriborde. Lurraldeko ekonomiaren egoeraz elestatu da luze eta zabal

Jean-Jacques Carriquiriborde | Argazkia: Utzita Jean-Jacques Carriquiriborde | Argazkia: Utzita

Xiberotarra da Jean-Jacques Carriquiriborde, Urdiñarbe herrikoa. Hala definitzen du bere burua. Lurraldeko seme, ingeniaritza mekanikoan eta metrologia industrialean trebatutako Elkar enpresa sortu zuen 2005ean, Beñat Elkegaray lagunarekin batera. Egun, 33 langile eta hiru bulego dituzte: Maulen, Baionan eta Ordizian. Lantegiak, gainera, parte hartzen du Zuberoako ekonomia bultzatzeko ODACE elkartean, eta bi urterako lehendakari hautatu dute Carriquiriborde. Elkarteaz eta lurraldeak dituen erronkez mintzo da.

Nola aurkeztuko zenuke ODACE elkartea?

ODACE garapen ekonomikorako agentzia zuberotarra da. Bada orain 30 urte sorturik dela, eta gure eragin-eremuan dira industria, merkataritza eta ofizialgintza. Hainbat misio ditugu: adibidez, enpresa berri bat sortu nahi delarik, guk laguntzen dugu. Enpresa-inkubagailuak ditugu: lokal, tailer edo bulegoak uzten ahal dizkiegu sortu berri diren enpresei, prezio oso apalean, lehen urteetan laguntzeko. Dirulaguntzaren bat ere badelarik, gure langileek lan egiten dute haiek lor ditzaten. Eta beste helburu bat da animazioen egitea: Baionako Merkataritza Ganberak formakuntzak edo bilkurak egiten baditu, horiek Zuberoan antolatzen ditugu, gure enpresendako. Hemen urrun baikara Baionatik.

Formakuntzaren aldetik ere, eskolarekin gero eta haboro egiten dugu lan. Eskola oso garrantzitsua da guretako, zeren eta hemen jende guti da, bizizale kopurua apaltzen ari da azken 10 urteetan (kazetariaren oharra: 13 mila pertsona inguru bizi dira Zuberoan, INSEE estatistika-institutuaren arabera), eta behar ditugu hemen atxiki gazteak. Horretarako, ate irekiak proposatzen ditugu enpresetan, ikastaroak egitea… enpresak eta gazteak harremanetan sar daitezen. Adibidez, joan den astean speed-dating bat egin dugu Maulen.

Hain zuzen, berrikuntza handiak espero dituzue aurten formazioari dagokionez.

Gai oso inportanta da guretako: enpresaburuak bildu izan gara, eta ikusi dugu hemengo lizeoan badirela ikasketa teknikoak, baina zinez gibelera ari zirela. Goi-mailako teknikaria izateko diploman zazpi ikasle baino ez dira egun, eta bagenekien errektoreak hetsi egin nahi zuela. Horretarako juntatu gara enpresaburuak, errateko zerbait egin behar genuela absolutuki, eta aldatzea lortu dugu. Ekaineko sartzetik goiti, sistemen mantentzera bideraturiko diploma izanen da, automatizazio eta robotika gehiagorekin. Indar handi bat izanen da.

"Horretarako juntatu gara enpresaburuak, errateko zerbait egin behar genuela absolutuki, eta aldatzea lortu dugu"

Eta ildo beretik doa Sohütako lizeo inguruan irekitzekoa den plataforma?

Lizeoko tailerretan aurten plataforma tekniko bat zabalduko dugu, bai, Xibetek deiturikoa; helburua da robotiketan inbertsioa egitea. Batetik, ikasleek hango plataformako baliabideak erabiliko dituzte diploma teknikorako. Bestetik, enpresek inbertsio bat egin nahi badute robot baten gainean, plataforma horretan lagunduko zaie: erosteko, aitzinetik probak egiteko… Plataforma irekia izanen da. Eta berdin hemengo langileendako, roboten programazioa ikasi behar badute, formakuntzak eskainiko ditugu. Lizeoko tailerrean hasiko gara, eta lauzpabost urtera eraikuntza berria izanen da ondoan.

Baionako Compositadour plataformaren ber sistema izanen da, ber printzipioetan. Horretarako, ESTIA ingeniaritza-eskolara hurbildu gara, haiek kudea dezaten. Hiru urteren buruan, hemen izanen lirateke zuzendari berri bat, animatzaile bat eta hiru langile. Berrikuntza handia da: ESTIA eskola pribatua da, eta hemengo lizeoa publikoa; ez da usu ikusten hemen publikoa eta pribatua elkarrekin proiektu berean. Interesgarria da.

Zuberoako industria bultzatzeko modutzat hartzen duzue?

Erraten ahal dudana da hemengo enpresek, kasik denek, osagarri ona dutela. Hori sentitzen dugu barnetik, eta horiei lagun diezaieke. Hemen mila enplegu inguru dira industrian: nagusia aeronautika da, baina badira ere espartinak, metalezko eraikuntzak, elikagai-industria… Historikoki Maule beti izan da industria azkar bat.

Kezkak ere badituzue, ordea.

Inkesta bat egin du ODACEk Zuberoako enpresekin, eta lehen arrangura da langile guti dela. Ekonomia bultzatu nahi badugu, behar dugu jendea ekarrarazi, jinarazi. Ez da beste ilkibiderik. Horretarako behar da erakargarri izan; horretan ari gara etenik gabe, baina ez da erraza. Orain sartzen da beste arrangura ttipi bat: etxebizitza. Etxebizitzak behar ditugu, bada tentsio handi bat kostaldean, baina hemen ere lehen urratsak sentitzen hasi gara. Bereziki, etxe asko delako zerraturik. Beraz, langileak jinarazi nahi baditugu, behar ditugu etxebizitzak atzeman.

"Orain sartzen da beste arrangura ttipi bat: etxebizitza. Etxebizitzak behar ditugu, bada tentsio handi bat kostaldean, baina hemen ere lehen urratsak sentitzen hasi gara"

Lurra ere ber gauza. Gure beharra ez da izigarri handia, baina egoerak beti blokatzen du hemengo enpresen garapena. Elkarren kasuan, ez da beste ehun hektarearen beharrik, baina beti 10 hektarea nahi genuke atzeman, eta ezin. Beste enpresekin aipaturik ere, galdea bada: momentu honetan 6-7 enpresak nahi lukete handitu, edo zenbaitek sortu, baina lurra ezin da atzeman. Sartu gara harremanetan orain laborariekin, baina oso gaitza da. Laborariek ez dute lurra utzi nahi, eta guk beharra dugu… Behar da ilkibide bat eta, enetako, behar da konpromiso bat laborari munduaren eta enpresen munduaren artean.

Nola ikusten duzue orduan lurraldea datozen urteei begira?

Momentu honetan oso gaitza da errateko. Baina nik ikusten dudana da gazteak enbeiarekin, gogoarekin direla sortzeko. Beti izan da Zuberoan enbeia hori, eta uste dut gazteek lehen baino haboro nahi dutela hemen egon. Badute nortasun bat, hemen bizi nahi dute… Ene adinekoen artean, adibidez, ez zen horrela; orain horretan dira. Eta ikusten dute hemen lan bat atzemateko, sektorearen arabera, enpresaren bat sortu beharko dutela… Aldi berean, ordenagailuekin ikusten dugu hemendik ere lan egiten ahal dutela, hori ere ageri da gero eta haboro. Nik konfiantza badut biztanle-kurba hori berriz altxatuko dugula. Hori lortzeko borrokatu behar dugu beti.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK