Lazarraga sariek Arabako enpresek zein norbanakoek esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko eta ezartzeko egin duten lana saritzea du helburu. Bai Euskarari Elkarteak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, gaur egin du aurtengo edizioko sari banaketa, eta bost eragile saritu dituzte: Grafik Sarea kooperatiba, Sartu Alava irabazi asmorik gabeko erakundea, Elkar San Prudencio denda, Hyundai Eska eta Jimmy Jazz kultur aretoa.
Arabako hiriburuko Artiumen egin dute sari banaketa, eta bertan izan dira, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia eta Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkularia. Azken honek gogorarazi du “lan munduan euskaraz eroso aritzea estrategikoa” izan behar dela hurrengo urteetako hizkuntza politiketan eta gaineratu du ezin dela gertatu “hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa, lan munduan galtzea”.
Bestalde, Arabako diputatu nagusiak nabarmendu du Araban gero eta enpresa gehiago ari direla berrikuntzan “lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bai bezeroekin, bai hornitzaileekin”. Halaber, lurraldeko enpresei euskara erabiltzeko urrats gehiago emateko deia egin die.
Aurtengo saridunei dagokionez, Grafik Sarea branding-a, seinaletika eta produktu korporatiboaren arloan diharduen Laudioko kooperatiba da, eta 2011tik du Bai Euskarariren ziurtagiria (Zerbitzua Euskaraz kategorian). Sartu Alava erakundeak, aldiz, gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzea du helburu, eta Gasteiz eta Laudion dituzte bulegoak.
Gasteizko San Prudencio kaleko Elkar dendak ere Bai Euskarari ziurtagiria du, Euskararen Bidean mailan, hau da, ziurtagiriaren hiru mailetatik baxuenean. Hyundai Eska Laudioko auto kontzesionarioak 2011n eskuratu zuen zerbitzua euskaraz ematen dutela bermatzen duen ziurtagiria. Azkenik, Jimmy Jazz kultur espazioak 15 urte daramatza kultur ikuskizun ugari eskaintzen, eta orain gutxi eskuratu dute Euskararen Bidean ziurtagaria.