Jon Garro: “2002an Itunaren akordio mugagabea negoziatu zen, negoziazio konplexuena izan zen hura"

Trantsizio garaitik egunera arte Itun Ekonomikoaren inguruan eman diren negoziaketa guztiak jaso berri dira Jon Garro, Mikel Erkoreka eta Robert Ugalde ikertzaileek ondu duten liburu berrian. Formatu berritzaileko lana da adituen arabera

Garro, bere bulegoan, EHUn | Argazkia: utzitakoa Garro, bere bulegoan, EHUn | Argazkia: utzitakoa

Itun Ekonomikoaren negoziazioak hobeto ulertze aldera, EHUko ikertzaileak diren Jon Garro, Mikel Erkoreka eta Robert Ugaldek liburu berri bat argitaratu dute: Las negociaciones del Concierto Económico y del Cupo contadas por los protagonistas (1980-2022). Itun Ekonomikoaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiaren ikertzaileak dira hiru adituak, eta trantsizio garaitik egunera arteko ibilbidea aztertu dute, hainbat epeetan negoziaketak burutu dituzten politikariak elkarrizketatuz. Ikerketa munduan izan dezakeen balioaz aparte, Garrok argi du herritarrei gaia hurbiltzeko ahalmena ere baduela idazlanak.

Zer dela eta otu zitzaizuen negoziaketetan protagonista izan zirenen aipuak jasotzea?

Ituna Zentroan prestatu genuen Ituna jardunaldian, hamaikagarren edizioa izan zena zehazki, kupoaren negoziazioetan zentratu ginen. Hizlari oso potenteak izan genituen jardunaldi horretan, eta konturatu ginen akademikoki ustiatu daitekeen materiala zegoela. Beti jorratu izan da gaia ikuspuntu oso finantzario, juridiko edo politikotik, baina ez da jorratu ikuspuntu pertsonaletik. Uste dugu liburuaren ekarpen esanguratsuena protagonisten ikuspegi pertsonala dela, zelan bizi izan zituzten negoziazioak. Sei bat hizlari izan ziren gure jardunaldietan, eta ikusi genuen hauen aipuekin zein beste batzuk jasota material berri bat izan genezakeela. Protagonisten ekarpenak inguru eroso batean jaso dira, malgutasunez, eta horiek liburu formatura moldatu ditugu.

Zer nolako balioa du ikuspuntu pertsonalak jasotzea?

Alde batetik, lehen aldia da horrelako zerbait egiten dena, orduan, uste dut berritzailea dela. Gainera, konturatu gara protagonistekin esertzean anekdotak konfiantzaz kontatu dizkigutela, eta nabaritu dugu negoziatzaileen arteko harreman pertsonala oso garrantzitsua izan zela akordioetan. Hau da, negoziazioetan badago estatu zentraleko parte bat eta Euskadiko beste parte bat. Orduan aldebiko harremana jasotzen da, baina euskal aldean lau alde daude; hiru diputazioak eta Jaurlaritza kontuan hartzen direlako. Euskal instituzioen arteko tirabirak eman daitezke, eta nabaritu izan dugu harreman pertsonal ona izateak negoziazioak errazten zituela.

"Uste dugu liburuaren ekarpen esanguratsuena protagonisten ikuspegi pertsonala dela, zelan bizi izan zituzten negoziazioak"

Negoziazio konplexuak egon dira hori dela eta?

2002ko negoziazioa izan zen konplexuena. 1981ean adostu zen lehenengo ituna demokrazian, hogei urterako sinatu zena, eta 2002 hartan akordio mugagabea negoziatu zen. 2001. urteko abendua baino lehen lortu behar zuten sinadura, baina ez zuten adostu. Alderdi ezberdinak zeuden garai hartan EAEko instituzioetan, eta negoziazioak konplikatuagoak ziren alderdien arteko interesak zeudelako. Garai hartan harreman estua izatea garrantzitsua zen, testuinguru horretan negoziazioak errazten zituelako. Ezinbestekoa zen konfiantza izatea negoziatzaileen artean.

Erronka ugari zituzten instituzioetako negoziatzaileek?

2002ko negoziaketa horrekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzak bazuen Itun Ekonomikoaren gainean ikuspuntu politikoago bat; Espainiaren aurrean politika egiten zuen, eta foru ogasunek zein aldundiek ikuspuntu praktikoago bat zuten, haiek baitira zergak jasotzen dituztenak. Aldundiak negoziazio batera iristeko aldez aurreko jarrera handiagoa zuen, baina ituna erreminta politiko bezala ere erabili izan zen orduan, nahiz eta instituzioen artean alderdi bera egon ere. Euskal instituzioen artean, batek ikuspuntu politikoa zuen eta besteak ikuspuntu praktiko bat.

Espainiatik kritika ugari jasotzen dira Itun Ekonomikoaren inguruan. Zer nolako iritziak jaso dituzue liburuan?

2006. urte ingurura arte ez zuen indar mediatiko handirik gaiak. Noizbehinka agertzen zen gai politiko bat, baina ez zuen garrantzia handirik. Ostean Ciudadanos edota Vox alderdiekin gaiak indar mediatikoa hartu zuen, baina ordura arte gutxi. Iritzi publikoan ez zuen arreta deitzen, nahiz eta gai oso politikoa bilakatu ostera. Gainera, nabaritu dugu protagonistek esan dutenagatik, gero eta argi mediatiko gutxiago izan gero eta errazagoak zirela negoziazioak egitea.

"Euskal instituzioen artean, batek ikuspuntu politikoa zuen eta besteak ikuspuntu praktiko bat"

Espainiako ikuspuntutik Cristobal Montoro Espainiako Ogasun Ministroa (2000-2004 / 2011-2018) izandakoa elkarrizketatu zenuten.

Espainiako ikuspuntutik aditu gehiago sartzen saiatu ginen, Montororena delako ikuspuntu bakarra liburuan. Haren iritzia itunaren aurrean oso aldekoa da, erantzukizun fiskal bat errazten duen sistema delako, haren arabera. Era berean, konstituzioan ageri den sistema denez, bat egiten du, eta oso gutxitan agertzen da Espainiako Ogasun ministro bat itunaren alde. Hori da liburuaren beste ekarpen bat, Espainiako Ogasun ministro baten aldeko iritzia idatzita izatea.

Beste hainbat protagonista ere ageri dira, noski.

Liburuaren balio akademikoa da 1981etik egunera arte itunaren eta kupoaren negoziazio guztiak barneratuta agertzen direla, protagonistekin. Uste dugu etorkizuneko ikertzaile eta parte-hartzaileek lagungarri izango dutela liburua, oso ikuspuntu transbertsala duelako. Lau hamarkada, hainbat instituzio eta alderdi ugari jasotzen baitira bertan.

Behin protagonistekin hitz egin ostean, zer nolako ulermen orokorra dago Itun Ekonomikoaren inguruan?

Haiekin esertzen garenean alderdien arteko diferentziak oso txikiak direla nabari dugu. 2002ko negoziazio hori kenduta, ikusten da negoziatzaile guztiak itunaren alde agertzen direla. Kontuan izan behar da negoziazio politikoak egin baino lehen, negoziazio teknikoak egiten direla. Hor egiten dira zenbakiak eta kalkuluak, eta beti aurretiaz prestatzen ziren. Negoziazio teknikoak oso arin adosten zituzten. Babesa oso transbertsala da: ezker edo eskuma, abertzalea edo ez abertzalea... Aplikazioan aldeak izan ditzakete alderdiek, baina itunaren filosofiarekin bat egiten dute, eta liburuan ikusten da. Hala ere, autokritika moduan, liburuan ez dugu emakumerik. Saiatu ginen norbait sartzen baina, azken finean, errealitate bat islatzen ari gara. Garai haietan emakume gutxi zeuden negoziazioetan.

"Jendea itunaren alde dago, nahiz eta guztiz ez ulertu"

Liburuaren formatu berritzaileak herritarrei gaia hurbildu diezaieke?

Liburuaren helburuetako bat da, gaia erraztasunez helaraztea lortzea. Ikuspuntu pertsonalak jorratzea gaia eskuragarriagoa egin dezake. Hala ere, kuriosoa da itunaren inguruan dagoen adostasun orokorra. Hau da, nahiz eta ez ulertu, identitate foral antzeko bat dago euskal gizartearen artean. Jendea itunaren alde dago, nahiz eta guztiz ez ulertu. Itunak ezaugarri identitario hori du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK