• EKONOMIA
  • Joseba Agirreazkuenaga: "Duela 250 urte hasi ziren indartzen ekimen komunak"

Joseba Agirreazkuenaga: "Duela 250 urte hasi ziren indartzen ekimen komunak"

EHUko Historia Garaikideko Katedratiko emerituak azaldu duenez, 1775. urtean eman ziren lehen pausoak egun existitzen diren Eusko Jaurlaritza eta Batzar Nagusiak eratzeko bidean, baina 1824tik aurrera are gakoago bihurtzen da hori

    Joseba Agirreazkuenaga | Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU
    Joseba Agirreazkuenaga | Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU
    maite reizabal arregui
    EnpresaBIDEAko zuzendaria
    2025eko apirilaren 22a
    Eg. 2025eko apirilaren 22a

    Aurten 250 urte betetzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak agintaritza politiko bateratua erakundetzeko lehen pausoak eman zirenetik. Hori abiapuntu, bi mende eta erdiko historia horren birpasoa egin zuten Ituna Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak eginiko XIV. Jardunaldian. Izan ere, ekonomia izan zen gako erakundetze horretan lehen pausoak emateko, baita ondorengoak ere. Lehen pauso horiek nolakoak izan ziren ezagutzeko hitzaldia Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga EHUko Ituna Agiritegiko eta Historia Garaikideko Katedratiko emerituaren esku izan zen, eta EnpresaBIDEAri tarte bat eskaini dio testuinguru hori ezagutu asmoz.

     

    Zein puntura arte gako izan ziren XVIII eta, batez ere, XIX. mende horietan eman ziren pausoak egun dugun sistema halakoa izan dadin?

    Egun Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra komuna dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, eta aldi berean, foru gobernuak edo Foru Aldundiak ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gure sistema konfederala da. Ikuspegi historiko batetik, duela 250 urte hasi ziren indartzen ekimen komun batzuk. 1775ean lehen ekimen komuna izan zen kontratatzea behatzaile bat elkarrekin Euskal Herriko burdinak, Cadizetik esportatzen zenak Suediatik-eta Ameriketara zihoana gero, berme bat izan zezan.

     

    Beraz, ordura arte bakoitzak bere kabuz egiten zuena bateratzeko funtzionario komuna kontratatu zuten.

    Hori da. Aurretik, XVI. mendean badira konferentzia edo hitzarmen komunak. Baina XVI. mendetik XVIII.enera noizean behin egiten ziren. Gertatzen dena da XVIII. mendetik aurrera, elkarteratze komun hori erakundetu egiten dela. 

    Horretarako borondatea noiz dator? 

    1793an, Acta de la Junta Comun delakoa sinatzeko Bilbon biltzen direnean. Hor programa komuna egiten da: batzar nagusi komuna egitea, eta elkarrekin aritzea. Horrez gain, helburuetako bat zen herrialdearen konstituzio politikoa egitea, nola antolatu behar zuten, eta nola elkartu behar ziren —bilerak noiz egin-eta—. Eta indarrean mantentzen ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernu partikularrak.

    Esan behar da helburu komun horiek gerra testuinguru baten sortzen direla: oinarrian dagoen alderdietako bat da Frantziako errepublikarrei nola egin aurre.

    XVI. mendean badira konferentzia edo hitzarmen komunak. Baina noizean behin egiten ziren. Gertatzen dena da XVIII. mendetik aurrera, elkarteratze komun hori erakundetu egiten dela

    1793an pauso hori ematen bada ere, euskal gobernua erakunde bezala 1800 urtean sortzen da berez, Irurac bat delakoa. Zer dela eta?

    Errege onespena jasotzen duelako. Hala, erresuma konposatu horretan legezko bihurtzen dira akordio komunak. Erakundetze horrek iraungo du foru erakundeak desegin arte, 1877ra arte. 1800-1877 urte bitarte horretan, beraz, Eusko Foru Gobernuaz aritu gaitezke, foru konstituzioan oinarritzen direlako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak bere foru konstituzioa dute, bakoitzak berea, baina elkarteratze horrekin. Elkarteratze hori premiazkoa bihurtzen da 1824an, Espainiako Erresuma ordainketak eskatzen hasi eta kupoa ezartzen duelako, urtero ordaintzen dena, Lopez Ballesterosek proposatuta. Kupo horri aurrera nola egin ezartzeko gako bilakatzen da Ogasunen arloan. Lehen kupo hori, dagoeneko, bakoitzaren aberastasunaren arabera ordaintzen dute. Portzentaje hori, Gipuzkoaren kasuan, egungo berbera da. Aldaketa nabarmena dago Araba eta Bizkaiaren kasuan, lehenak pisua galdu eta bigarrenak pisua irabazi baitu. Orduan ere Bizkaiak gehiago pagatzen zuen, baina egun %50 da. Kalkulu horietan beti izan dira eztabaidak.

    Eusko Foru Gobernuaren sorrera horretan Ogasunak hartzen du orduan pisua?

    Bai. Baina baita armadara ordaindu behar den kopuruak ere, lehorreko soldaduen ordez. Kostaldeko marinelek beti joan behar izaten zuten bai ala bai armadara. Baina lehorrekoak ez bidaltzeko ordaindu egin zuten 1818tik. Horiek dira zeregin batzuk. Muga-zergak ere hor daude. Euskal zonaldea, barruan, merkatal libreko esparrua bazen ere, aduanak zeuden Balmasedan, Orduñan, Gasteizen eta Ebroko ibai guztian. 

    Espainiako erresumatik ekartzen ziren produktuei begirako aduanak al ziren?

    Baita ere. Baina batez ere kezka zen euskal produktu industrialak barrualdera —Espainiara— edo Ameriketara bideratzerakoan, atzerrikoak balira moduan hartzen zirela, eta ondorioz, muga-zergak ordaindu behar zituztela. Horiek ere kudeatu egin behar ziren.

    Bileren aktak irakurtzen direnean, ateratzen diren gaiak dira unean-unekoak. Gero eta garrantzitsuago bihurtzen dira ogasuna, armada, euskal produktu industrialen gaineko zergak... Zeregin komunetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak norberak bere aldetik egin ordez, elkartzen dira modu komunean egiteko. Eta XVIII. mendean Nafarroa ere.

    Elkarteratze hori premiazkoa bihurtzen da 1824an, Espainiako Erresuma ordainketak eskatzen hasi eta kupoa ezartzen duelako

    Horren harira, 1864an bada egitasmo bat Laurac bat izenekoa, Nafarroarekin ere bat egiteko. Zer dela eta ez zen arrakastatsua izan?

    Esan behar da 1818an saiatu zirela konferentzia horiek Nafarroara ere zabaltzea. Izan ere, ezin da ahaztu Nafarroa foru erresuma bat zela, eta horregatik hain zuzen, askoz ere erakundetuago eta sendoagoa zen. Azkenean Nafarroak erronka horiek bere kabuz bideratu zituen 1818 urte horretan.

    1864an, berriz, Nafarroak bidaltzen du proposamena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara, Laurac bat delakoa, elkarrekin egiteko.

    Zer dela eta ez zen arrakastatsua izan?

    Mahai gainean jartzen ziren helburuak ziren unibertsitate partekatua eraikitzea, ospitale psikiatriko komuna sortzea, eta espazio ekonomiko komuna sortzea zerga bereziak ezabatuta —Nafarroari interesatzen zitzaion hori nekazal produktuak beste lurraldeetan errazago saltzeko—.

    Unibertsitate komunari dagokionez, hasi ziren pentsatzen fakultateak non jarri. Hor eztabaida sortzen da, Bilbo aldean ere beste unibertsitate proiektu bat egin baitzen. Eta gauza bera ospitale psikiatrikoarekin. 1868an iraultza demokratikoa gertatzen da Espainian, eta ekimen horietan foru gobernu bakoitzak bere aldetik jotzen du. Ez dira egonkortzen egitasmo komun horiek.

    Edozein kasutan, Laurac bat proiektu horrek indarra hartu zuen, batez ere Gasteizen eta Iruñean, nahiz eta Nafarroan proiektu horren aurkako panfletoren bat ere agertzen den. Baina komuntasun hori indartzera zihoan. Eta 1898an, puntualki, lau diputazioak biltzen dira gauza komunak erabakitzeko.

    Foru gobernuak desegitean, elkargunea, Eusko Foru Gobernu hori jada deseginda gelditzen da. Horren ordez antolatzen dira diputazio probintzialak

    1876ko uztailaren 1eko Legeak dena aldatzen du, instituzio foralak disolbatu egiten baititu. Zer gertatzen da orduan?

    Antonio Canovas del Castillok erabakitzen du Batzar Nagusiak eta goru gobernuak desegitea. Foru gobernuak desegitean, elkargunea, Eusko Foru Gobernu hori jada deseginda gelditzen da. Horren ordez antolatzen dira diputazio probintzialak, zeinak hartzen duten ardura Espainiako Kontzertu Ekonomikoan sartzeko. Eurak arduratzen dira foru ogasunetik ogasun probintzial batera igarotzen, diru-bilketa gauzatuta, besteak beste. Modu trantsitorio baten zen, Espainiako erresumak ez zuelako egitura tributario-fiskalik euskal lurraldean, eta zortzi urterako antolatzen da halako erregimena trantsizio hori gauzatzeko. Baina eskumen hori, diputazio probintzialetan geratzen dena, berritu egiten da 1887an. Hori jada Itun Ekonomiko Administratiboa deitzen diogu. 

    Eskumen administratibo batzuk lehengo inertzian geratzen dira, baina Espainiako lege probintzial deritzon horren azpian. Alegia, diputazio horiek erabat homogeneizatuta geratzen dira Espainiako lege probintzialarekin, eta Ogasun arloan badituzte halako eskumen berezi batzuk, autonomia tributario modukoa antolatzeko. Horri deituko zaio Regimen Económico Administrativo de las Provincias Vascongadas y Navarra, 1900. urtean erregimen politiko bezala izendatzen dena.

    Trantsizio horretan, behin foru gobernuak eta Batzar Nagusiak disolbatuta, zein puntura arte egiten dute bat diputazio probintzialek?

    Inertzia moduan jarraitzen dute elkarrekin bilkurak egiten, baina aurrerantzean batez ere Itun Ekonomikoaren arazoetan postura partekatua bideratzeko, ikuspegi instrumental eta praktiko batetik. Hiru herrialdeen arteko konferentzia sistemak, beraz, jarraitzen du 1880tik aurrera ere, baina modu alegal batean.

    1936ra arte ez da berreskuratzen erakundetze hori, gerra garaian eteten dena. Eta 1979an Autonomia Estatutuarekin erakunde komuna da erakundetuta dagoenean. Estatutu horretan jasotzen da zeintzuk diren erakunde komunak eta zeintzuk foru gobernu horien eskumenak.

    Lanketak hiru herrialdeen artekoa izaten jarraitzen du, edo Nafarroa ere bai?

    Nafarroa ere batzuetan.