![Jubilaziorako adinak atzera egiten jarraitzen du Iparralden zein Hegoalden | Argazkia: iStock Jubilaziorako adinak atzera egiten jarraitzen du Iparralden zein Hegoalden | Argazkia: iStock](https://www.enpresabidea.eus/uploads/s1/27/07/15/17/istock-2127096627.jpeg)
Lanetik erretiroa hartzeko adinak atzera egiten jarraitzen du beste urtebetez. Zehazki, bihartik aurrera, 66 urte eta zortzi hilabetean kokatuko da Hego Euskal Herrian, 2012ko erreforman jaso zen bideari jarraiki. Horren arabera, 2027an ailegatuko da 67 urteko adinera, eta aldaketarik ezean, ez da gehiago atzeratuko. Dena den, 38 urte eta hiru hilabete kotizatu dituztenek aukera izango dute 65 urterekin ere jubilazioa hartzeko, pentsioa oso-osorik jasota. Legez ezarritako adina baino lehenago jubilazioa hartzen dutenentzat %2,85 eta %21 arteko pentsio murrizketa izan dezakete.
Iparraldean, berriz, erretreta hartzeko adina hiru hilabete atzeratuko da 2024tik, 62 urte eta bederatzi hilabetera, eta 1963an jaiotakoei eragingo die. Pentsioa osorik jasotzeko, 42 urte eta erdi kotizatuta izan beharko dira. Neurria 2023an Macronen gobernuak onartutako legetik dator, erretreta hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratu nahi duena. Aldaketarik ezean —ezkerrak zein ultraeskuinak atzera bota nahi dute—, 1968 urtetik aurrera jaiotakoak 64 urterekin erretiratuko dira, 43 urte kotizatuta izan ostean.
Halaber, pentsioak beste urtebetez, inflazioaren igoerarekin doituko dira. Zehazki, %2,8ko igoera izango dute Hegoaldean, 2023ko abendutik 2024ko azaroko batez besteko inflazioa izan baitzen hori. Iparraldean, igoera %2,2koa izango da.