Kontabilitatea, zifren atzean dagoena

Kontabilitatea finantza transakzioen erregistro hutsa baino haragoko jarduera da. Etengabe ari da aldatzen, eta egun teknologia berrietara egokitzea du erronka nagusietako bat

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Askotan ikusi eta entzuten ditugu enpresen analisiak. Azterketa hau nola egiten den jakitea funtsezkoa da gaur egun. Balantzeak, aktiboa, pasiboa, izakinak… Hainbat kontzeptu ezezagun entzuten ditugu, baina dena enpresen transakzioak kodetzeko eta adierazteko sistema batean oinarritzen da, kontabilitatean. Kontabilitatea diziplina profesionala eta azterketa eremu erabakigarria da ekonomiaren eta negozioen munduan. Erakunde baten finantza informazioaren jarraipen, analisi eta komunikazio prozesua da, nahiz eta enpresa “arrunt”, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat edo gobernu erakunde bat izan. Kontabilitatearen helburua erabiltzaileei informazio garrantzitsua eta fidagarria ematea da. Hauek erabaki informatuak hartzeko aukera emateko.

Jatorria eta garrantzia

Kontabilitatearen jatorria antzinako zibilizazioetan dago. Bertan, merkataritza eragiketak eta inbentarioak erregistratzeko oinarrizko metodoak erabiltzen ziren. Hala ere, Luca Pacioli izan zen, XV. mendean, abiapuntu bikoitzeko sistema deskribatu zuen lanari esker, gaur egun ezagutzen dugun kontabilitatearen aita. Honek ekarritako berrikuntza hau, oraindik ere egungo kontabilitatearen oinarritzat hartzen da.

Luca Pacioli izan zen, XV. mendean, abiapuntu bikoitzeko sistema deskribatu zuen lanari esker, gaur egun ezagutzen dugun kontabilitatearen aita

Kontabilitatearen garrantzia erakunde baten finantza egoeraren irudi argi eta zehatza emateko duen gaitasunean datza. Hori funtsezkoa da, bai barne kudeaketarako bai erabakiak hartzeko kontabilitate informazio fidagarriaren menpe dauden inbertsore, hartzekodun eta erregulatzaileentzat ere.

Kontabilitatearen ezaugarriak

Informazio sistema: Kontabilitateak datu finantzarioak bildu, prozesatu eta komunikatzen dituen informazio sistema gisa funtzionatzen du.

Unibertsaltasuna: Nahiz eta legedian eta kontabilitate praktiketan aldeak egon herrialdeen artean, kontabilitatearen funtsezko printzipioak unibertsalki aplikagarriak dira, eta honela, konparazioak eta azterketa orokorrak egin daitezke.

Objektibotasuna: Kontabilitateko informazioak objektiboa eta egiaztagarria izan behar du, dokumentuen ebidentzian oinarritua, sinesgarritasuna ziurtatzeko.

Aldizkakotasuna: Kontabilitateak aldian-aldian erregistratzen ditu eragiketak eta gertaera ekonomikoak, honek aukera ematen du entitate baten finantza egoeraren etengabeko jarraipena egiteko.

Bikoiztasuna: Kontzeptu hori kontu partida bikoitzeko metodoari dagokio, non transakzio bakoitzak gutxienez bi kontabilitate kontu ukitzen baititu, kontabilitate sistemaren orekari eutsiz.

Kontuen bidezko kodifikazioa: Enpresa edo erakunde batek egiten dituen transakzio ekonomiko guztiak sailkatu eta kodetzen ditu. Kodeketa sistema honen bidez, finantza eragiketa guztien erregistro sistematikoa, jarraipena eta azterketa egin daiteke, eta, horrela, finantza txosten zehatzak eta egokiak prestatzen dira. Kodeketa sistema hau Kontabilitate Plan Orokorrean azaltzen da, denentzat ezaguna delarik.

Kontabilitatearen adar nagusiak

Kontabilitate finantzarioa, kostuen kontabilitatea eta kudeaketa kontabilitataa dira kontabilitatearen erabilera mota ezagunenak. Kontabilitate finantzarioarekin kanpoko erabiltzaileentzako finantza txostenak sortzen dira. Erakunde baten finantza egoeraren eta emaitza operatiboen irudi zehatza aurkeztea du helburu. Kostuen kontabilitatean garrantzitsuena produkzioari edo zerbitzu emateari lotutako kostuen jarraipena eta azterketa egitea da, eta kontabilitate erabilera hau funtsezkoa da produktu edo zerbitzuen prezioak finkatzeko, hala nola baliabideak eraginkortasunez kudeatzeko eta barne erabakiak hartzeko.

Kostuen kontabilitatean garrantzitsuena produkzioari edo zerbitzu emateari lotutako kostuen jarraipena eta azterketa egitea da

Azkenik, kudeaketa kontabilitatea dugu, erabaki estrategikoak planifikatu, kontrolatu eta hartzeko barne informazioa ematen duena. Kostuen azterketa, aurrekontuak eta proiektuen ebaluazioa barne.

Kontabilitatearen helburuak

Hainbat helburu ditu kontabilitateak, hemen garrantzitsuenak ikusiko ditugu. Adibidez, kontabilitateak entitatearen informazio finantzarioa emango digu, honetarako entitateari buruzko informazio finantzario zehatza bildu eta aurkeztuko du. Honek, bere aktibo, pasibo, kapital, diru-sarrera eta gastuei buruzko datuak biltzea eta aurkeztea esan nahi du. Informazioak garrantzitsua eta fidagarria izan behar du, erabiltzaileek behar bezala interpretatu eta erabaki informatuak har ditzaten.

Kontabilitatearekin informazioa bildu eta kodetuta, erabakiak hartzea errazagoa izango da entitateko jabeentzat, kontabilitateak erabaki estrategikoak hartzeko beharrezko informazioa ematen baitie kanpoko kudeatzaileei eta alderdi interesdunei, inbertsio eta finantzazio erabakietatik hasi eta eguneroko erabaki operatiboetaraino. Kudeaketaren kontabilitatea, bereziki, eragiketen eraginkortasuna hobetzeko barne txosten diseinatuak ematera bideratzen da. Kontabilitateak informazio garrantzitsua ematen du. Hau dela eta, lege eta erregulazio betebeharrak betetzea ezinbestekoa da, eta honela, erakundeek aldizkako finantza txostenak aurkeztea eskatzen duten lege eta erregulazio batzuk bete behar dituzte. Kontabilitateak ziurtatzen du entitateak betebehar horiek betetzen dituela, izan daitezkeen zehapen edo legezko arazoak saihestuz. Erregistro publikoan kontuak aurkeztea beharrezkoa delarik, honekin denok dugu aukera edozein enpresei buruzko kontabilitate datuak lortzeko.

Kudeaketaren kontabilitatea, bereziki, eragiketen eraginkortasuna hobetzeko barne txosten diseinatuak ematera bideratzen da

Lanaren kontrola eta ebaluazioa da kontabilitatearen beste helburuetako bat. Honen bidez, entitateek beren finantza eta eragiketen errendimendua monitorizatu baitezakete. Horretarako, egungo emaitzak aurrekontuekin, iragarpenekin eta aurreko garaiekin konparatzea ezinbestekoa delarik. Azterketa horrek hobetu beharreko arloak identifikatzen eta neurri zuzentzaileak ezartzen laguntzen du. Honekin lotuta, kontabilitatea funtsezkoa da finantza plangintzaren eta aurrekontuen prozesuan. Epe labur eta luzerako finantza helburuak ezartzeko eta helburu horiek lortzeko planak eta aurrekontuak garatzeko oinarria ematen baitu.

Kostuen jarraipen, analisi eta eraginkortasun operatiboaren bidez, kontabilitateak baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzen laguntzen die entitateei. Kostuak murrizteko edo baliabideen esleipena hobetzeko arloak identifikatzea funtsezkoa da errentagarritasuna maximizatzeko.

Erantzukizun korporatiboari dagokionez, gardentasuna bermatzea eta konfiantza sustatzea da helburu garrantzitsuena, eta lehiakorragoa den enpresa ingurunean, kontabilitateak funtsezko zeregina du finantza eragiketen gardentasuna ziurtatzeko. Horrek, inbertsoreen eta interesdun taldeen itxaropenak betetzeaz gain, merkatuarekiko konfiantza ere sustatzen du. Horregatik garrantzitsua izaten da batzuetan kanpoko agenteek enpresen kontabilitateak aztertu eta ondo egiten dituztela gauzak bermatzea, auditoretza lana deritzaio honi.

Egungo erronkak eta joerak

Kontabilitatea etengabe ari da aldatzen, eta hainbat erronkari egin behar die aurre, teknologia berrietara egokitzea, merkatuen globalizazioa eta jasangarritasunaren eta gardentasunaren beharra. Digitalizazioa, adibidez, finantza datuak bildu, prozesatu eta komunikatzeko modua aldatzen ari da, adimen artifizialaren eta blockchain delakoaren gisako tresnekin, aukera eta erronka berriak eskainiz.

Jasangarritasuna funtsezko alderdi bihurtu da, gero eta interes handiagoa du ingurumen eta gizarte kontabilitatean. Hor, enpresa-jarduerek ingurumenean eta gizartean duten eragina ebaluatzen da. Horrek balio kontzeptua zabaldu dela adierazten du, onartzen du arrakasta finantzarioak gizarte  eta ingurumen erantzukizunarekin batera joan behar duela.

Jasangarritasuna funtsezko alderdi bihurtu da, gero eta interes handiagoa du ingurumen eta gizarte kontabilitatean

Ondorioz, kontabilitatea finantza transakzioen erregistro hutsa baino askoz gehiago da. Kontabilitateak enpresa munduko finantza informazioaren ardatz gisa duen funtsezko zeregina islatzen du. Oinarri sendoa ematen du erabakiak hartzeko, legea betetzeko, plangintza egiteko eta gardentasuna eta jasangarritasuna sustatzeko. Kontabilitatea, erakunde baten barne kudeaketarako ez ezik, kanpo ingurunearekiko harremanetarako ere funtsezkoa da. Azken batean, ondo egindako kontabilitateak konfiantza, eraginkortasuna eta erantzukizuna ditu ekonomian eta gizarte arloan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK