Nafarroako familien konfiantzak 8,4 puntu egin du gora

Aurrezpenaren inguruko itxaropenak dira hazkunde nabarmenena izan dutenak: 17,9 puntu igo dira urte artean

Iruñeako argazkia gauez | Argazkia: iStock Iruñeako argazkia gauez | Argazkia: iStock

2024ko hirugarren hiruhilekoan behera egin du Kontsumitzaileen Konfiantzaren Indizeak (KKI), Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak argitaratu dituen datuen arabera. Datu zehatzak aztertuta, -8,4tik -10,9ra jaitsi da adierazlea. Indizeak gora egin zuen bigarren hiruhilekoan, eta azken hiruhileko honetan behera egin arren, urte arteko balantzea positiboa da. Zehazki, urte artean 8,4 puntu igo da.

KKIa lau osagaietan banatzen da: etxean espero den egoera ekonomikoan, espero den egoera ekonomiko orokorrean, langabeziaren inguruko itxaropenean eta aurrezpenaren inguruko itxaropenean. Bigarren hiruhilekoaren aldean, aurrezpenaren ingurukoak ez beste guztiek emaitza negatiboak lortu dituzte. Lan merkatuari buruzko itxaropenean galdu dute konfiantza gehien (6,8tik -4,1era pasa da). Urte artean, ordea, lau osagaiek egin dute gora, eta aurrezpenaren itxaropenak dira nabarmentzekoak: 17,9 puntu igo dira. Konfiantzara sexuaren arabera aztertuta, gizonek iritzi okerragoa izan dute: -12,3 puntukoa gizonen kasuan eta -9,5 emakumezkoen kasuan.

Etxeetako Sentimendu Indizea 81,1 puntutan kokatu da hirugarren hiruhilekoan, eta urte artean 9,2 egin du gora. Itxaropen Ekonomikoen Indizea era hazi da urte artean, 8,4 puntutan. Bigarren hiruhilekoaren aldean, ordea, portaera negatiboena izan duen indizea izan da, 8,3 puntu jaitsi baita, -13,5era.

Erosteko Probabilitatearen Indizea soilik 0,3 jaitsi da aurreko hiruhilekoaren aldean, 5,8 puntura, eta 0,7ko bilakaera negatiboa izan du urte artean. Azkenik, Familiaren Egoera Ekonomikoaren Indizeak izan du bilakaerarik positiboena bigarren hiruhilekoaren aldean: 19,9 puntutatik 26,0ra iritsi da. Urte artean ere hazi da indizea, 9,6 puntutan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK