
Espainiako Kontsumo Ministerioak ikerketa jarri du martxan pisu turistikoekin izan diren gora beherak direla eta. Izan ere, hainbat pertsonek salaketa jarri dute, pisu turistiko bat alokatu duten unean etxearen nagusia pertsona bat zela pentsarazteagatik, egiatan enpresa bat zenean. Praktika horiek “engainagarri” gisa definitzen dira Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege orokorrean, erabiltzailean (kasu honetan, pisua alokatzen duen pertsona) “nahasmena eragiten” duelako.
Ikerketa ez dago geografikoki mugatuta, pisu turistikoak hainbat autonomia erkidegotan banatuta dituzten enpresak ikertzen ari baitira.
Pablo Bustinduyren ministerioak pisu turistikoei buruz abian jartzen duen hirugarren ikerketa da. Ekainean izan zen lehena, lizentziarik ez zuten etxebizitzen iragarkiak zirela eta; bigarrena urrian izan zen, higiezinen agentziak maizterrekiko ezarritako “neurrigabeko praktikengatik”.
Bustinduyk adierazi du “milaka familia limite egoeran” bizi direla egun etxebizitzaren afera dela-eta, baina, gaineratu du beste beste batzuk “aberasten” ari direla familiak “etxeetatik kanporatzen” dituzten negozio ereduen bidez.