ANELek, Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresa elkartea, eta Laboral Kutxak bidea batera egiten jarraituko dute. Bi erakundeek lankidetza hitzarmena berritu dute, kooperatibei finantzazioa errazteko eta tankera horretako entitate berrien sorrera bultzatzeko. Akordioa berritzeko ekitaldian egon dira ANELeko lehendakaria Ignacio Ugalde, eta Laboral Kutxako lurralde zuzendariak Eduardo Elizalde eta Maitane Bueno.
Ugaldek hitzarmenak gazteak kooperatibismora hurbiltzeko balioko duela nabarmendu du: " ANEL eta Laboral Kutxak duela urte batzuk elkartzeko urratsa eman zutenean, hurbilketa garrantzitsua gauzatu genuen. Lankidetza hau gizarte ekonomiak Nafarroan duen garrantziaren sinboloa da, baita alor horretan eragile gisa jokatzen dugun funtsezko paperarena ere".
Elizaldek, bere aldetik, bi erakundeen arteko hurbiltasuna eta laguntza azpimarratu du: "Urte batzuk daramatzagu elkarlanean, eta urtero egiten badugu ere, ez du horregatik balio gutxiago. Aitzitik, gauza asko lortu ditugu elkarrekin". Bueno ere ildo berean mintzatu da: "Beste urte batez, ANELekin hitzarmena sinatu eta gizarte ekonomia eta kooperatibismoa bultzatuko dugu. Sortu diren kooperatibismoko ekimen berriak babesteko gaude hemen, eta pozarren gaude euren hastapenetan laguntzeko"
Akordioaren ildo nagusiak
Bi erakundeek jakinarazi dutenez, Laboral Kutxak finantzaketa-lerro bereziak eskainiko ditu lehentasunezko baldintzetan, eta enpresa bakoitzari egokitutako finantza-irtenbide onenak aurkitzeko aholkularitza pertsonalizatua emateko konpromisoa hartzen du. Ahalegin horrek "nabarmen" laguntzen du kooperatibak eta lan-sozietateak garatzen. Gainera, Laboral Kutxak erakunde horien eskura jarriko du finantzaketa berria, Europar Batasuneko InvestEU programaren bidez.