Gutxi falta da Korrikaren 23. edizioari hasiera emateko. Azarotik ari dira euskararen aldeko ekitaldia aurkezten eta antolatzaileek dagoeneko jakitera eman dituzte lasterketaren xehetasun guztiak. Korrika martxoaren 14an abiatuko da Irundik eta ondoren, lekukoa 10 egun eta 11 gauez ibiliko da eskuz esku, euskararen aldarria Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzen, Baionara heldu arte martxoaren 24an.
Atzo egin zuten aurkezpen soziala, Iruñean, mugarria ospatu eta egitasmoari ongietorria emateko. Ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izan zen, iluntzeko 19:00etan, eta bertan izan zen Ane Elordi Albuquerque Korrikaren koordinatzailea, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek lagunduta. Euskal Herri osoko ehun gonbidatu baino gehiago ere bildu zituen ekitaldiak: euskalgintzakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, hedabideetako langileak, sindikatuetako kideak eta eragile sozialak besteak beste.
Elordik azaldu duenez, edizio honek berariaz nahi du euskal herritar oro "euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren, parte sentiarazi, eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu; Korrika, euskara bera bezala, denona delako".
Halaber, koordinatzaileak honakoa adierazi du: "euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da; Korrikak aukera bikaina ematen digu herri-pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago eman daitezen, herri-gogoari erantzutearren".