Korrikaren atzera kontua hasi da

Zazpi egun baino ez dira falta Korrika Irundik abiatzeko. Atzo egin zuten aurkezpen soziala Bilbon, Euskararen Herri Harroaren parte sentitzeko gonbita luzatuz

Korrikaren aurkezpen ekitaldia Bilbon. Iturria: Korrika Korrikaren aurkezpen ekitaldia Bilbon. Iturria: Korrika

Duela astebete Iruñean egin bezala, atzo Bilbon ospatu zuten Korrikaren aurkezpen soziala. Euskalgintza eta gizartearen arlo ezberdinetako ordezkariek hitzordua zuten Bilboko Itsas Museoan iluntzeko 19:00etan. Hala, alderdi politikoetako ordezkariek, hedabideetako langileek, sindikatuetako kideek eta eragile sozialek, besteak beste, bat egin zuten Korrikaren antolatzaileek antolatutako ekitaldian. Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaleon Topagunea eta Euskaltzaindia, euskarazko hedabideak (Jakin aldizkaria, EITB, Bilboko Uriola, Berria, EnpresaBIDEA...), alderdi politiko, sindikatu eta erakunde publikoetako ordezkariak (Bizkaiko Foru Aldundia edo Bilboko Udala) Itsas Museora hurbildu dira AEKren ekitaldira.

Pantxika Lamur clowna aritu da aurkezle lanetan eta, publikoarekin elkarreraginean, azaldu du "23. KORRIKA mundu berri bat balitz, herri-aldarrien mundua" izango litzatekeela. Halaber, AEK-k "euskararen zabalkunderako" duen garrantzian ere jarri du azpimarra; eta euskara eskolez gain, erakundearen bestelako eginkizunak ere errepasatu ditu: praktika egitasmoak, aholkularitza zerbitzua, barnetegiak eta itzulpengintza, besteak beste. Oholtzan ere egon da Eñaut Zubizarreta “Trigger” txelo jolea, beren musikarekin KORRIKAren aniztasuna ikusarazten.

Ane Elordi: "Korrikak aukera ematen du herri pultsua aktibatzeko, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatuz"

Ane Elordi Alburquerque AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea bertaratutakoei zuzendu zaie Korrikaren helburua mundu euskaldun bat irabaztea dela nabarmentzeko. Elordiren hitzetan, Korrikak aukera ematen du "herri pultsua aktibatzeko, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatuz, KORRIKA, euskara bera bezala, denona delako".

53571974958 90774629a4 k
Bilboko Itsas Museumeko ekitaldia. Iturria : Korrika

Gaur zortzi abiatuko da Euskal Herri osoan euskararen aldeko aldarria eramango duen ekimena, Irunen. Korrikaren antolatzaileak, AEK-k, dagoeneko argitu ditu aurtengo edizioaren gako guztiak. Asko dira Korrikarekin bat egiteko moduak: petoa erosi eta lekukoaren atzetik lasterka eginez, Korrikaren laguntzailea eginez, munduan barrena antolatutako Korriketan edo Euskal Herriko hainbat txokotan egingo diren Korrika Txikietan parte hartuz, Korrika Kulturalaren BADON* operaren emanaldira joanez edo Korrika materiala erosiz. Jarraian 23. Edizio honen gako nagusiak azalduko dizkizuegu.

Mursegoren Pop Barrokoa

Sekreturik handiena izaten da edizio bakoitzaren kanta. AEK-k ondo gordeta izaten du kantaren egilearen izena. Maite Arroitajauregi, “Mursego”, musikariaren gidaritzapean sorturiko kanta da HERRI HARRO, Korrikaren leloaren bat eginda. Kantuak 6-7 zati ezberdin ditu; kantuaren barruan 3 kanta ezberdin, eta minisinfonia moduko zerbait oharkabean, Arroitajauregik azaldu bezala. Abenduaren 11an aurkeztu zuten kanta eta sortzaileak nabarmendu zuen “atea zabaldu diela azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”. Asmoa pop kantua egitea bazen ere, Pop Barroko gisa definitzen du Arroitajauregik 23. edizioko kantua.

Azterketak Euskaraz, omendua

Gure hizkuntza eta kulturaren aldeko eragileak omentzen ditu Korrikak edizio bakoitzean. 23. KORRIKAn, Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu nahi izan du AEK-k, eta, zehazki, baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak. Gazteek osatutako kolektiboa da Azterketak Euskaraz, hainbat guraso zein irakasle bidelagun izan dutelarik. Beren ikasketen une erabakigarrienean, azterketak egiteko orduan, bere hizkuntzaren aldeko hautua egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, bere emaitzak kaltetzeko arriskuarekin.

Ibilbidea, herriz herri

Korrika non bukatuko den asmatzea nahiko erraza bada ere, Euskal Herriko hiriburu nagusiak txandakatzen direlako, ibilbidearen gainerako datuak ezagutzeko itxaron beharra dago. Korrika bukatzen den lurraldetik abiatzen da hurrengo edizioa, baina hortik aurrerakoak gutxi batzuk dakite. Urtarrilaren hasieran zabaldu zuen AEK-k edizio honetako ibilbidea. Gaur zortzi Irundik abiatuko da eta martxoaren 24an Baionan bukatu. Lapurdiko hiriburuan 12:29an sartuko da eta kalez kale ibili eta gero, azken kilometroaren txanda helduko da. Kilometro hori nork egingo duen AEK-k isilpean gordetzen duen beste gakoetako bat da. Martxoaren 24a ez da izango Korrika Lapurditik igaroko den egun bakarra, 14ean Irundik abiatu eta gero Hendaiara salto egingo duelako. Maule izango da Korrika hartuko duen lehen hiriburua, martxoaren 15ean goizaldeko zazpiak hamar gutxitan, eta Zuberoa utzi eta gero, Behe Nafarroan murgilduko da, Donibane Garazira goizeko 11etan helduko delarik. Ostiralean bertan Korrika Baztandik sartuko da Nafarroa Garaira eta pirinioetako eskualdeak gauez  zeharkatu eta gero larunbatean Zangotzara gerturatuko da. Iruñera arratsaldeko 17:14ean sartuko da. Igandean, martxoak 17, Nafarroako erriberan barrena ibiliko da eta goizaldean Lizarratik pasa eta gero Arabara egin du Korrikak astelehenean, Gasteizko alde zaharrera iluntzeko 22:00 helduko delarik. Bizkaira asteazkenean helduko da eta Bilbora ostegunean arratsaldeko 17:00etan. Ostirala Bizkaian emango du Korrikak eta larunbatean, goizaldeko 03:35ean Arrasatera helduko da, handik Donostiara helduko delarik arratsaldeko 19:30ak aldera. Martxoaren 24ean Baionara helduko da ia 2.800 kilometroko ibilbidea eginda.

Korrikarik teknologikoena

Ibilbidea buruz ikasi ezin dutenek aukera izango dute Korrikaren informazio guztia eskura izatea Android eta iOS aplikazioetan. Izan ere AEK-k korrika minutuz minutu jarraitzeko aplikazio mugikor baten aldeko apustua egin du, guztiz berritua eta abangoardiazkoa. Edizio honek, baina, nobedade teknologiko gehiago ere ekarri ditu eta Korrikak teknologia berrietara eta bideojokoetako erabiltzaileengana hurbiltzeko beste urrats bat eman du Game Erauntsiarekin landutako kolaborazioari esker, Korrika birtuala abian jarriz. Otsailaren 21ean egin zen Korrika Birtuala eta Euskal Herriko hiri “birtualak” zeharkatu zituen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK