Korrontearen kontra marraztuz

Ilustrazioei buruzko interesa geroz eta handiagoa izanik ere, marrazkigintzaren sektorean aritzea ez da erraza. Autonomo izatea da ohikoena, eta lan-baldintzak bezero bakoitzarekin negoziatu behar izatea

Asisko Urmeneta irudigile eta komikigilearen eskuak lanean | Argazkia: Asisko Urmeneta Asisko Urmeneta irudigile eta komikigilearen eskuak lanean | Argazkia: Asisko Urmeneta

Esnatzen garenetik oheratzen garen arte, marrazkiz inguratuta bizi gara: liburu bat, iragarki bat, CD bat, kamiseta bat, tatuaje bat… Gauza gutxi daude mundu honetan marrazkirik ez dutenak. Ilustrazio bat, kolore bat eta egitura bat, ilustratzaile eskuarki autonomo batek (% 80 inguru dira autonomoak) pentsatu eta errealitate bihurtu duena. Gutxitan pentsatzen dugu irudi edo marrazki horren atzean ilustratzaile baten lanorduak eta orduak daudela. Arautu gabeko sektore batez ari gara, non kideetako asko prekarietatean bizi baitira, babesgabe eta bakarrik, maiz euren lana errespetatu ez, eta gaizki eta berandu ordaintzen dieten bezeroen aurrean.

Bizi al daiteke ilustraziotik Euskal Herrian? “Izokina bezalakoa bazara, beti korrontearen kontra egiten ohitua, eta oso langilea, bai. Autoestimua landu behar da, lan baldintzak borrokatzen jakin... Edo ausartu. Sakrifizioak eginda, bizi daiteke. Baina ez da kanpotik dirudien bezain distiratsua; oso gogorra da sarritan”. Halaxe adierazi du Ainara Azpiazu, Axpi hernaniar ilustratzaileak. Duela 14 urtetik hona marrazkigintza, komikigintza, horma-irudigintza eta ume eta gazteekin tailerrak egitetik bizi da. Axpi bere lana estimatzen duenarentzat lan egiteko aukera duenean aritzen da gusturen, eta hori, zoritxarrez, ez da beti gertatzen. “Erosoago sentitzen naiz enkargua egiten didanaren tratua ona denean, lana bera baloratzen duela sentitzen dudanean, ulertzen duenean ditudan tarifak ez direla kapritxo bat, behar bat baizik —urteetan zehar egindako kalkuluaren emaitza—. Zorionez, esperientzia onak txarrak baino askoz gehiago dira”.

Ainara Azpiazu 'Axpi': “Autoestimua landu behar da, lan baldintzak borrokatzen jakin... Edo ausartu”

Azpiazu bezala, Asisko Urmeneta irudigile eta komikigile nafarrak ere izen propioa lortu du euskal arte grafikoen munduan. Komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak, prentsako karikatura eta abarretatik ateratzen du bizimodua. Egun, Hoztan (Nafarroa Beherea) bizi da. 20 urterekin hasi zen, eta 35 bat urte daramatza bere pasioa den lan honetan. “Bizi, bizi daiteke honetaz, bai. Hori bai, halako erabakia hartzen duenak argi izan behar du ez duela beti maite duen horretan lan egin ahal izango. Gehienetan oreka ezinezko bat topatu behar izaten dugu, gure benetako pasioa, eta bizi ahal izateko dirua emango diguten beste lan komertzial horien artean”.

Industria propioaren beharra

Ilustraziotik bizi diren profesionalek euren lana benetan maite dutelako egin dute apustu hori, eta lan baldintza zailetan bizitzera ohituta daude, sektoreak gaur egun ez baitauka lan marko arauturik. Euskal Herrian oso profesional onak dira, baina industria bat antolatzeko lan guztia dago egiteko. Urmenetaren hitzetan, “gure sektorean, kultura bultzatuko lukeen industria antolatu bat izateko beharko genuke Xabiroi aldizkaria bezalako bat, baina orokorra. Eta hori ere salbuespena da, gainontzekoa basamortua da. Interes bat beharko litzateke, ez bakarrik alor artistikoan, baita komertzialean ere, material on hori nazioartean saltzeko gaitasuna izango lukeena. Erreferentea Japonia da, hura beste mundu bat da. Baina baita Letonia eta Estonia ere; oso apustu sendoa egin dute herri hauetan”. Axpiren ustez, sektoreak marko bat ez izateak zailtasun asko ekartzen dizkie profesionalei. “Bezero bakoitzarekin negoziatu behar dira lan-baldintzak, eta hori gogorra izateaz gain, nekagarria da. Oso. Ikusten dut sortzaileok maila altua izanda ere, ezin dutela beren onena eman, eta talentua galtzen da. Hori denontzako da kaltegarri. Baldintza zailetan, inork ez du ondo lan egiten”.

Kike Martínez-Inchausti, Infame, bilbotarrak 20 bat urte daramatza marrazkiak egiten. Luzaroan, besteren konturako lana —diseinu estudioetan batik bat—, ilustrazioarekin eta bereziki komikiarekin uztartu du. 2003an sortutako Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionaleko (APIE-EIEP) kide da. Elkarteak beren eskubide profesionalak defendatu eta kudeatu nahi dituzten ilustratzaileak biltzen ditu. Une honetan 150 kide dira elkartean, eta azkenaldian kopurua izugarri igo dela adierazi du. “Kontraesana dugu. Batetik, gero eta interes handiagoa dago ilustrazioaren alorraren inguruan, baina zaila da profesionalak hortik bizitzea”, adierazi du. Pandemia garaian elkarteak inkesta batzuk egin zituen ilustrazioaren errealitatea ezagutzeko, eta agertokiak ez du poz handirako ematen. “Profesionalki alorrean aritzea lortzen duten pertsonen proportzioa oso txikia da. Irudia diru-sarreren iturri nagusia dela esan dezaketenak hutsaren hurrengoa dira”, gaineratu du Infamek.

Asisko Urmeneta: "Kultura bultzatuko lukeen industria antolatu bat izateko beharko genuke Xabiroi aldizkaria bezalako bat, baina orokorra"

Datorren urtean elkarteak 20 urte beteko ditu, eta tarte honetan gauza asko aldatu direla esan du. “Komikiaren sektorean Astiberri argitaletxea lehen urratsak ematen hasi zen. Xabiroi ez zen existitzen, eta gaur egonkortuta dauden gauza asko hasten ari ziren, esaterako, nobela grafikoa komikian eta album ilustratua. Horri esker, ingurunearen pertzepzioak berak legitimitate artistiko handiagoa duela esango nuke”, azpimarratu du.

Langile autonomoaren paradoxa

Ezinbesteko diren industria propioa eta marko arauturik ez izateak zailtasun zerrenda luzea dakar. Urmenetak langile autonomoaren paradoxa aipatzen du: “zaila da ezetz esatea. Lanik ez dagoen hilabetetan bizirauteko, aurrekoetan etortzen diren lan guztiak onartu behar dira. Eta bezero desberdinentzat lan egin behar izateak ere halako estutasuna sortzen du”. Axpik bestalde, erakundeen inplikazio eza salatzen du. “Are gehiago, euskal kultura eta kulturgileon aldeko borroka bat bezala ikusten dut. Marko bat balego, hau guztia gutxi gora behera arautuko lukeena, errazagoa litzateke. Ez dut uste hau bezero eta irudigileon arteko afera denik bakarrik; erakundeek ere ardura handia dute honetan”. Infamek beste arazoetako bat gutxieneko tarifa adostuak ezartzeko ezintasuna dela dio. “Debekatuta dago prezioak argitaratzea ilustrazioaren kasuan, eta horrek ingurunea ez ezagutzea dakar. Horrek kalte egiten die ilustratzaileei”, gaineratu du.

Kike Martínez-Inchausti 'Infame': “Debekatuta dago prezioak argitaratzea ilustrazioaren kasuan, eta horrek ingurunea ez ezagutzea dakar”

Oztopoak oztopo, hiruek ilustraziotik bizitzea merezi dutela ez dute inolako zalantzarik. Urmenetak dioen moduan, “suertatu izan zait kalera irten eta norberak egindako kamiseta bat ikustea, edo hondartzan norbaitek gorputzan nik egindako marrazki bat tatuatua izatea. Artea jendarteratzea oso ederra da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK