KPIak gora egin du ekainean Hego Euskal Herrian

Nafarroan %0,5 hazi da maiatzaren aldean. EAEn, aldiz, igoera hiru hamarrenekoa izan da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

EAEko KPIak hiru hamarren egin du gora ekainean maiatzeko datuekin alderatuta eta %3,5an kokatu da urte arteko tasa. Urteko lehen seihilekoan, hazkundea %3koa da. Hala diote INEk argitaratutako behin-behineko azken datuek. Nafarroan ere, igoera izan da inflazioan, %0,5ekoa maiatzaren aldean, eta urte arteko tasa %3,4ean kokatu da. Urteko lehen seihilekoan Nafarroako inflazioa %2,4koa da.

Iazko ekaineko datuekin alderatuta, urtebetean prezioak etxebizitzan igo dira gehien EAEn, %5,1. Elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan ere igoera izan da, 2023ko ekainean baino %5 gehiago. Hoteletan, kafetegietan eta jatetxeetan ere igoera egon da, %4,1ekoa, eta alkoholdun edariak eta tabakoen prezioa %3,7 igo dira.

Aurtengo maiatzarekin alderatuta, inflazioa hiru sektoretan igo da EAEn ekainean: aisia eta kultura (hileko tasa %2,5 igo da), etxebizitza (%0,8) eta hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (% 0,6).

Gipuzkoan hazi dira gehien prezioak ekainean, %3,6 iazko epe bearen aldean. Bizkaian, prezioek %3,5 igoera izan dute urte arteko tasan. Araban, aldiz, KPIa %3,2 igo da ekainean 2023ko hil beraren aldean.

Nafarroan, jantziak eta oinetakoak (-%0,6), etxeko tresneria (-%0,3) eta garraioa (-%0,3) arloetako prezioek behera egin dute ekainean, aurreko hilabetearen aldean. Igoerak, berriz izan dira aisia eta kulturan (%2,9), etxebizitzan (%0,7), hotelak, kafeak eta jatetxeetan (%0,5), medikuntzan (%0,4) eta alkoholdun edariak eta tabakoan (%0,1).

Espainiako estatuan, prezioak %0,4 igo dira maiatzaren aldean, eta urteko tasa %3,4an kokatu da. Energia eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe kalkulatzen den azpiko inflazioak ez du aldaketarik jasan, eta %3an kokatu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK