Eurostaten arabera Europar Batasuneko herrialde guztietan gazteen desenplegu tasak handiagoak dira gainontzeko populazioaren aldean. Gazteen artean desenplegu tasa baxuek zentzua izan dezakete, gazte asko ikasketak eta lana uztartzen ari direlako edota lan esparruan lehen lan aukerak izaten ari direlako. Hala ere, tasa altuek agerian utzi ditzakete gazteak lan merkatuan sartzeko eta lan merkatuak gazteen eskulana integratzeko zailtasunak. Horrela, lan merkatuko egiturako arazoa agerian geratzen da.
Are gehiago larritzen da egoera krisi ekonomikoen aurrean. Gazteek egoera ekonomiko egonkor batean desenplegu tasa handiagoak badituzte, egoera larriagoa jasango dute krisi ekonomiko garaian. Urteetan atzera egin ahala horren adibidea ikus daiteke 1980ko hamarkadako eta 2008ko krisi ekonomikoetan, non gazteek, datuek erakusten duten moduan, egoera lazgarriagoa bizi izan zuten.
1980ko hamarkadako eta 2008ko krisiak
1980ko hamarkadan 1973ko petrolioaren krisiarekin batera ondorio ekonomiko larriak gertatu ziren: petrolioaren prezioaren garestitzea, errentaren beherakada, inflazioaren bizkortzea edota desenpleguaren gorakada larria. 1983 urtera arte ez zen berraldatze industriala emateko politika abian jarri. Horrek, industria berrietan inbertsioa eta aldez aurreko jubilaziorako planak sustatzea zuen helburu. 1985 urtetik 1992 urtera arte ekonomiaren hazkundea emango zen, tartean, mundu mailako ekonomiaren hobekuntza, Europar Batasunean sartze eta petrolioaren prezioaren beherakadarekin batera. Krisi ekonomikoaren ondorioak Espainiar estatuko BPG hazkundean ikus daitezke: 1958-1974 urte tartean BPGren hazkundea %6,92 izan zen, eta 1974-1986 urte tartean %2,5.
Hamarkada batzuk beranduago, 2008an, beste krisi ekonomiko batek jo zuen Espainia. Ordura arte hazkunde ekonomiko batean zegoen murgilduta. Lortu zen, besteak beste: zor publikoa BPGtik %40 azpitik mantentzea, Europako batez bestekoaren azpitik; desenplegua %10tik jaistea; eta demokraziako lehen superabit fiskala. Baina AEBn sortutako higiezinen burbuilak zuzeneko eragina izango zuen ekonomian. Etxebizitzen prezioak KPI eta soldaten oso gainetik ezarri ziren. Denbora gutxira etxebizitzen salmentak beherakada nabarmena jasan zuten. Eta etxe promotoreek eta eraikitzaileek, arazo ekonomikoen aurrean, likidazioak eta langileen kaleratzeak gauzatu zituzten.
Bi krisi horietan gizarteak ondorio larriak jasan zituen; arazo ekonomikoak arazo sozial izatera pasa ziren
Arlo ekonomiko eta sozialean egoera lazgarriak bizi izan ziren: langileak lanik gabe geratu ziren eta ezin izan zieten hipoteken prezioei aurre egin, egoera larrienetan etxebizitza galtzera iritsiz. Desenplegu tasa handiak mantendu ziren krisiak iraun bitartean. Hazkunde ekonomikoak joera beherakorra hartu zuen. Euroguneko gobernu guztiak atzeraldi ekonomikoa jasaten hasi ziren. Espainia Europar Batasuneko desberdintasun sozial handiena duen estatua izan zen, Letoniaren atzetik.
Antzeman daiteke bi krisi horietan gizarteak ondorio larriak jasan zituela; arazo ekonomikoak arazo sozial izatera pasa ziren. Lan merkatua gogor jo zuen krisiak eta desenplegu tasaren igoera handia eman zen. Gizarte ongizatearen gainbehera eman zen desenpleguarekin batera, pobrezia egoerak biztanleriaren ehuneko handiagoetara zabalduz. Hartutako politikak ez ziren nahikoak izan egoera horiek arintzeko eta luze iraun zuten krisi ekonomikoek. Eta egoera horrek are gehiago gogortu zituen gazteak.
Gazteak, eta emakumeak ere, zigortuagoak
EAEko datuak aztertuz gero, 1980 eta 2008ko krisi ekonomikoen ondorioak argi ikus daitezke desenplegu tasetan. 1985-1988 urte tarteetan desenplegu tasak %21 inguruan mantendu ziren, 1989 urtetik aurrera jaitsiera bat antzemanez. 2008 urte ingurua aztertuz, krisi ekonomikoaren eztandak hurrengo urteetako desenplegu tasak asko handitu zituen. 2009 urtean jada desenplegu tasa %8,1 zen, 2008ko %3,8 tasaren aldean. 2010 urtean puntu bat igo zen tasa aurreko urtearekin alderatuz, eta 2011 eta 2012 urteetan tasak %10,8 eta %11,8 izan ziren, hurrenez hurren. 2013 eta 2016 urte tartean, aldiz, desenplegu tasa nabarmen hazi zen %15 eta %13 artean mantenduz. Geroztik, joera beherakorra mantendu zen, hainbat gorabeherekin.
Nafarroaren kasuan, 2008ko krisi ekonomikoaren eztanda ondoren %10,31 hazi zen desenplegu tasa 2009an. Urte bete beranduago %12,51 igo zen eta 2011 eta 2012 urteetan, %11,75 eta %14,97, hurrenez hurren. 2013 urtean jasango zuen erkidegoak desenplegu tasaren hazkunde handiena, %17,92. Gerora desenplegu tasaren hazkundea jaitsiz joan zen, pixkanaka, %15-10 tartean mantenduz, 2014-2017 urteetan.
Generoaren ikuspegitik, urte guztietan desenplegu tasa handiagoa da emakumeengan gizonezkoengan baino, 1985-2023 urte tartean. Hala ere, urteek aurrera egin ahala desberdintasun hori txikituz joan da, 2009tik 2015era gizonezkoen desenplegu tasak emakumeen desenplegu tasa gaindituz. 1985eko desenplegu tasa, esaterako, %16,4 zen gizonezkoen kasuan eta %31 emakumeenean; 2010 urtean, berriz, %9,6 zen gizonezkoen desenplegu tasa eta %8,6 emakumeena. 2015 urtetik 2023 urtera emakumeen tasak, berriz ere, gizonezkoen tasa gainditu zuen, baina askoz ere desberdintasun txikiagoarekin (2023 urtean 0,4 puntuko desberdintasuna egon zen).
Urte guztietan desenplegu tasa handiagoa da emakumeengan gizonezkoengan baino, 1985-2023 urte tartean. Hala ere, urteek aurrera egin ahala desberdintasun hori txikituz joan da
Nafarroan, 2012, 2014, 2020 eta 2022 urteetan gainditu zuen gizonezkoen desenplegu tasak emakumeena. Hala nola, 2007an gizonezkoen desenplegu tasa %2,85ekoa zen eta emakumeena, berriz, %6,29. 2020 urtean, ordea, %10,26 izan zen gizonezkoen desenplegu tasa eta %9,57 emakumeena. Emakumeek gizonezkoen tasa gainditu duten aldi guztietan, puntu txikiko desberdintasuna egon da, egiturazko ezaugarria agerian geratuz.
Deigarria da 2008ko krisiaren harira gizonezkoen desenplegu tasak emakumeen desenplegu tasa gainditu izana. Urte horietan, urtez urte, EAEn gehiago hazi zen gizonezkoen desenplegu tasa, baina 2009 urtetik 2015 urtera pixka bat gehiago hazi zen emakumeen desenplegua gizonezkoena baino: %7,5 eta %7,7 hurrenez hurren. Nafarroan ere, 2008ko krisi ekonomikoaren eztandaren ostekoak izan dira gizonezkoen desenplegu tasa hazkunde handiagoak. Horren atzean krisi ekonomikoak gogor kolpatutako sektore motak izan daitezke, industriari eta eraikuntzari eragin baitzion bereziki. Sektore horietan gizonezko aktiboen tasa askoz ere handiagoa da emakumeena baino. Horrexegatik, gizonezkoen desenplegu tasa handiagoa krisi ekonomikoaren osteko urteetan.
Urte horietako desenplegu tasen azterketa adin tarteka eginez gero, 1985 urtetik 2023 urtera arte, 16-24 urteko gazteek jasan zituzten nabarmenen desenplegu tasa handienak, alde handiarekin gainera, bai EAEn eta baita Nafarroan ere. Hurrenak, 25 eta 44 urte bitarteko, eta 45 urte edo gehiagoko taldeak dira, hurrenez hurren. 1985-1990 urte tarteetan, 1980ko krisiaren osteko urteetan, 16-24 urte tartekoen langabezia %54,7tik %39,4ra jaitsi zen EAEn, apurka; 25-44 urte tartekoena %16,2tik %14,9ra; eta 45 urtetik gorakoena %6,5etik %4,6ra. Nabarmen antzeman daiteke gazteen desenplegu tasa beste urte tarteen tasen oso gainetik mantendu zela.
2023 urteko datuak hartuz, gazteenen desenplegu tasa %17,6koa da, 25-44 urte tartekoena %8,7 eta 45 urtetik gorakoena %6,1
2008ko krisi ekonomikoaren ondorengo urteetan, 2009-2013 urte tarteetan, EAEn gazteenen desenplegu tasa %22,9tik %38,3ra hazi zen, 25-44 urte tartekoena %8,8tik %16,4ra eta 45 urtetik gorakoena %4,8tik %11ra. Nafarroan, berriz, gazteen desenplegu tasa %27,97tik %51,77ra hazi zen, 25-54 urtekoena %9,03tik %16,63ra eta 55 urtetik gorakoena %5,34tik %9,05era. Egun, 2023 urteko datuak hartuz, EAEn gazteenen desenplegu tasa %17,6koa da, 25-44 urte tartekoena %8,7 eta 45 urtetik gorakoena %6,1. Nafarroan, aldiz, gazteenen desenplegu tasa %29,11ekoa izan zen, 25-54 urte tartekoena %8,14 eta 55 urtetik gorakoena % 6,04. Nahiz eta adinaren arabera desenplegu tasa oso desberdina den, desberdintasun hori nabarmen jaitsi da urteak aurrera egin ahala, gehiago parekatu dira.
Horrexegatik, esan daiteke gazteen desenplegu tasa handiak, populazioko beste taldeen aldean, lan merkatuaren egiturazko ezaugarria direla, baita generoa ere. Beharrezkoak dira, hortaz, gazteen eta emakumeen lan prekarizazioa saihestu dezaketen politikak egitea. Izan ere, lan merkatuak berak, egituraz, bi talde horiek diskriminatzeko joera du eta beharrezkoa da horien kontrako politikak egitea lan merkatuaren akatsa zuzendu ahal izateko.