Bizkaiak egin bezala, zinema eta arte eszeniko zein musikalak lurraldean ekoizteko pizgarri fiskalak hobetu nahi ditu Gipuzkoak. Foru arau berriaren proposamena egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Batasunaren onespena jaso duela jakinarazi du gaur. EBk pizgarriak aztertu ditu, eta zerga araudi berria baimendu du 2024-2028 ekitaldirako.
Foru arauaren proiektua Batzar Nagusien esku geratuko da orain. Arau honek Euskal Herriko nahiz atzerriko filmen edo serieen ekoizpen, kopia, publizitate eta sustapenaren kostuaren gaineko kenkarien araubidea hobetzea du helburu. Halaber, arte eszeniko eta musikalei eta liburuen edizioari kenkari berriak ere gehituko dizkiote.
“Europako Batasunak araua onesteak beharrezko segurtasun juridikoa ematen digu”, adierazi du Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak. Era berean, sektorea sendotzen lagunduko duela azaldu du, epe luzera lehiakortasuna bermatuz. “Ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektoreak lurraldean duen balio-kate osoa finkatzen laguntzea da helburua”.
Foru arauan ikus-entzunezko ekoizpenetarako kenkariak % 50etik % 60ra bitartekoak dira, EAEn egindako gastuaren arabera. Euskarazko lanen kasuan gainerakoetan baino % 10 gehiago desgrabatuko litzateke, eta, hala, % 70eko kenkaria izan dezakete. Arte eszenikoei eta musikalei dagokienez, % 30eko kenkaria izango dute zuzeneko ikuskizunen ekoizpenek eta % 40koa euskarazkoek.