Kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea izango du helburu DA! PRO ekimenak

Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko topagunea antolatu du Durangoko Azokak azaroaren 26an eta 27an

Egitasmoaren aurkezpena egin dute gaur Bilbon | Argazkia: Durangoko Azoka Egitasmoaren aurkezpena egin dute gaur Bilbon | Argazkia: Durangoko Azoka

DA! PRO topaketaren seigarren edizioa aurkeztu dute gaur Bilboko BBK Salan. Durangoko Azokaren baitan, musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da beste urtebetez, eta aurrez aurre ezagutu eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko parada izango dute bertaratutakoek.

Topaketan, euskaraz jarduten duten sortzaileak egongo dira euren proposamenak aurkezten. Aurrean, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira.

Egitasmoan parte hartuko duten sortzaileen hautaketa jada egin dute antolatzaileek. Bestalde, azaroaren 11tik 22ra bitartean, programatzaileek izena emateko aukera izango dute, Durangoko Azokoren webgunean.

Azaroaren 26an eta 27an egingo da topaketa. Lehen egunean familia ikuskizunak aurkeztuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan. Zortzi proposamen dira: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzioak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea.

Hurrengo egunean musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan; 27 talde eta bakarlarik eman zuten izena, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records.

BBK Fundazioa da egitasmoaren babesle nagusia eta Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak ere lagunduko dute. Elkargune hau sortuz bi helburu bete nahi dituzte antolatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK