Kupoaren nondik norakoak

EAEk 1.472 milioi euroren kupoa ordainduko dio urtero Espainiako Estatuari 2027ra bitarte, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hala erabakita. Erkidegoko ogasunek bi zerga berri biltzea ere adostu dute, eta aurreragorako utzi dituzte energia konpainien gaineko zerga eta bankuen gainekoa

Maria Jesus Montero eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun ministroa eta sailburua kupoaren inguruko akordiora iritsi berritan | Argazkia: Irekia Maria Jesus Montero eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun ministroa eta sailburua kupoaren inguruko akordiora iritsi berritan | Argazkia: Irekia

Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupoaren zenbatekoa zehaztu zuten atzo, osteguna, Madrilen. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernurako sailburuak eta Ramiro Gonzalez (Araba), Unai Rementeria (Bizkaia) eta Markel Olano (Gipuzkoa) Euskadiko hiru ahaldun nagusiek sinatu zuten kupoaren inguruko akordioa. Horren arabera, datozen bost urteetan Espainiari ordaindu beharreko urteko kupoa 1.472 milioi eurokoa izango da, %6,24koa. “Garrantzi handiko akordioa” lortu dutela azaldu duten arren, egiaz akordioak suposatzen duenaren inguruan gehiago jakin nahi izan dugu.  Horretarako, Pedro Luis Uriarterekin hitz egin dugu EnpresaBIDEAn. Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zen bera 1980tik 1984ra bitarte, eta Kontzertu Ekonomikoko Euskal Negoziazio Batzordeko presidentea ere bai 1981ean. Egun, inolako erantzukizunik eta kargu politikorik gabe kupoaren negoziazioetan parte hartu ez badu ere, bere ahotik jaso ditugu akordioaren inguruko xehetasun gehiago.

Espainiak Euskal Autonomia Erkidegoari emandako zerbitzu batzuengatik jasotzen duen ekarpenari deitzen zaio kupoa. Zerbitzu horien artean daude, esaterako, armada, monarkia, atzerriko ordezkaritza, edota portu, aireportu eta trenbideak bezalako azpiegituren kudeaketa. “Espainiako estatuak eskainitako zerbitzuengatik ordaindu beharreko alokairu moduko bat litzateke kupoa”, adierazi du Uriartek. Madrilen datozen bost urteetarako lortutako akordioa “oso garrantzitsua” dela dio, zehaztuta geratzen delako 2027ra arte Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Gobernuari urtero ordaindu beharko dion kupoa kalkulatzeko metodologia. Hala ere, argi utzi nahi izan du adostu dena lege-proiektu baten testua baino ez dela eta kongresuak onartu beharko duela behin-betiko akordioa izan dadin.

Pedro Luis Uriarte: “Espainiako estatuak eskainitako zerbitzuengatik ordaindu beharreko alokairu moduko bat litzateke kupoa”

Duen garrantzia argudiatzeko, hiru arrazoi eman dizkigu sailburu ohiak. Lehenik eta behin, arrazoi ekonomikoak azaldu ditu: “Estatuari zenbat eta gutxiago ordaindu, orduan eta gehiago izango du Jaurlaritzak bereak diren eskumenetan inbertitzeko, osasunean, hezkuntzan edota gizarte-zerbitzuetan, besteak beste. Beraz, etorkizunera begira kopuru hori finkatuta izatea beti da positiboa, Jaurlaritzaren kudeaketa errazten duelako”. Bigarrenik, eta arrazoi politikoei lotuta, Espainiari zenbat ordaindu beharko zaion argituta izatea “hobea” dela baieztatu du, hauteskundeetan gobernu agintarien aldaketa bat gertatzen bada ere: “Argi daude jokoaren arauak, badakigu zenbat ordaindu beharko diogun Madrili. Gure finantza-egonkortasunerako gai kritikoa dena itxita dago eta, beraz, 2027ra arte ez dago aldatzeko aukerarik eta ondorioz, liskarrik ere ez”, adierazi du. Azkenik, kupoaren garrantziaz esan du “euskal autogobernua indartzen” duela. Bere esanetan, “kontzertu ekonomikoa da euskal autogobernuaren bizkarrezurra eta orain lege-proiektua onartu da. Diputatuen Kongresuan legea onartzen denean, gure autogobernua indartu egingo da”.

“Estatuari zenbat eta gutxiago ordaindu, orduan eta gehiago izango du Jaurlaritzak bereak diren eskumenetan inbertitzeko, osasunean, hezkuntzan edota gizarte-zerbitzuetan, besteak beste. Beraz, etorkizunera begira kopuru hori finkatuta izatea beti da positiboa, Jaurlaritzaren kudeaketa errazten duelako”

Zerga berriak

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bileran, beste bi zerga aldundien esku uztea erabaki dute: alde batetik, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien zerga berezia, eta bestetik, hondakinak zabortegietan uztearen eta erraustearen gainekoa. Era berean, berotegi-efektuko gasak isurtzen dituzten enpresek ordaindutako zergan egindako aldaketak ere sartuko dira Kontzertu Ekonomikoan. Plastikozko ontziak Araban, Bizkaian zein Gipuzkoan egiten direnean ordainduko du egileak; baina, zaborren kasuan, zabortegiaren kokapenak erabakiko du zerga hori non ordaindu behar den.

Hala ere, Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, zerga txikiak lirateke aipatutakoak, urtero 75 milioi euro ekarriko baitizkie kutxa publikoei, beraien diru sarreren %0,5 baino gutxiago.

“Nazioartean, biztanleek estatu-zergak ordaintzen dituzte, baita Espainiako gainerako autonomia erkidegoek ere. Hego Euskal Herrian, ordea, ez da estatuko zergarik ordaintzen, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak ezarritako zergak baizik”

Baina, oraingoz akordioen artean sartu ez diren beste bi zerga ere badaude: energia konpainien gainekoa eta bankuen gainekoa. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakitera eman duenez, Pedro Sanchezen Gobernuarekin harremanetan daude, bi zerga berri horiek aurrerago zehazteko. EH Bilduko diputatu Oskar Matutek, bere aldetik, iragarri du berak lortu duela zerga horien eskumena foru ogasunen esku geratzea.

Zerga horiek urtarrilaren 1ean jarri nahi ditu indarrean Espainiako Gobernuak, baina oraindik ez du haien tramitazioa bukatu. Kongresutik igaroko dira, eta zenbait aldaketa izan ditzakete oraindik ere.

Edonola ere, Hego Euskal Herriko “berezitasunez” mintzatu nahi izan du Uriartek: “Nazioartean, biztanleek estatu-zergak ordaintzen dituzte, baita Espainiako gainerako autonomia erkidegoek ere. Hego Euskal Herrian, ordea, ez da estatuko zergarik ordaintzen, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak ezarritako zergak baizik”. Horrek “berezitasuna” eta “indarra” ematen dizkigula baieztatu du Uriartek.

Era berean, kupoaren akordioarekin lotuta, balioa eman beharreko beste puntu bat ere badela aitortu du, hain zuzen ere, EH Bilduren jarrera: “Duela urte gutxira arte EH Bildu koalizioko alderdiek ez zuten kontzertu ekonomikoan sinesten, ezta babesten ere. Oraingoan egiten ari dena oso positiboa da, EH Bildu ere autogobernua zabaltzeko apustu irmoa egiten ari dela esan nahi baitu”, azaldu du. Amaitzeko, lortu berri den transakzio-zuzenketarengatik “euskaldun guztiok gure burua zoriondu beharrean” garela adierazi du, harro.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK