Kutxabankek egoitza berria zabaldu du Madrilen

125 pertsonek egingo dute lan leku berrian, eta Claudio Coello kalean dago kokatuta

Kutxabanken egoitza berria Madrilen | Argazkia: Kutxabank Kutxabanken egoitza berria Madrilen | Argazkia: Kutxabank

Kutxabankek egoitza berri bat zabaldu du Madrilen, Salamanca auzoko Claudio Coello 123. zenbakian. 4.560 metro karratuko azalera du, eta 125 pertsonek egingo dute lan bertan. Toki berriaren inaugurazio ekitaldian izan dira Anton Arriola Kutxabankeko presidentea eta Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkatea.

Arriolaren arabera, egoitza hazkunde etapa berri baten "mugarria" da. Halaber, erakundeak proiektu estrategiko berri eta garrantzitsuak abian jarri dituela gaineratu du, horrela enpresa-bankaren arloari, kontsumoaren finantzaketari, finantzaketa egituratuari edo inbertsio-bankari beste bultzada bat emanez. Kutxabankeko presidentearen arabera, "kalitate handiko" euren banku-zerbitzuak egoitza bakar batean biltzeak "eraginkortasun operatiboa eta komertziala" hobetuko ditu, eta ziur daude aukera berriak irekiko dituela bai partikularrekin bai hiriburuan kokatutako konpainiekin lan egiteko.

Madrilen presentzia

Banku erakundearen arabera, Madril funtsezko epizentroa da bankuaren helburu estrategikoetarako. 2023a amaitzerakoan, Kutxabankek Madrilen zuen negozio-bolumena 15.600 milioi eurotik gorakoa zen, eta guztira 10.500 milioi bideratu zituen partikularrentzako eta enpresentzako maileguetan (kreditu inbertsio osoaren %20 baino gehiago).

Kutxabankek azaldu duenez, egoitza berria dagoeneko Espainiako hiriburuan dauden 65 bulegoi gehituko zaie. Banku erakundearen lanlekuetan 450 pertsonek egiten dute lan, eta 161.000 bezero partikular eta 3.500 enpresa inguruk jasotzen dute arreta. 

Madriletik harago, Kutxabank EAEko eta Kordobako finantza erakunde nagusi da, eta guztira 700 bulego inguru ditu. Andaluzian eta Katalunian ere 5.000 profesionaletik gorako plantillak ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK