
Laboral Kutxak 2025eko lehen hiruhilekoko txostena argitaratu du EAEko kontsumitzaileen konfiantza mailari buruz. Txosteneko lehenengo zatian hiru titular azpimarratu ditu erakundeak: “EAEko familiek neutraltasunetik gertu mantendu dute konfiantza”, “Europako familiak ezkorragoak dira” eta “Europako beste herrialde batzuetan baino ezkortasun txikiagoa dute EAEko familiek”.
EAEko familien konfiantza indizea neutral mantendu da. Hau da, baikortasuna eta ezkortasuna neurtzen dituen indizean, 0 neutraltasuna izanik, EAEko familiak -4 puntuan kokatu dira. Soilik puntu bat txikitu da 2024ko lehen hiruhileko datuen aldean, eta 2 puntu aurreko hiruhilekoaren aldean. Beherakada txiki horien arrazoiak, ikerketaren arabera, familiaz kanpokoak dira, esaterako: nazioarteko ziurgabetasun politikoa, gerra-gatazkak konpontzeko ezegonkortasuna eta inflazioaren gorakada.
Konfiantza maila neurtzeko lau osagaitan sailkatu dira datuak: ekonomia orokorrarengan familiek duten konfiantza, etxeko ekonomian duten esperantza, langabeziaren bilakaera baikorrean dutena eta aurrezteko ahalmenari dagokionez esperotakoa. Urte honetako lehen hiruhilekoan bereziki nagusitu da mesfidantza ekonomia orokorraren gainean (-19 puntu, sei puntu gutxituta), baina baita familien etxeko ekonomiaren gainean ere (-6, bi puntu txikituta). Kontrara, baikorrago azaldu dira langabeziaren bilakaerari (+5, berdin mantendu da) eta aurrezteko ahalmenari (+1, baina bi puntu beheratuta) dagokionez.
Erosteko asmoari buruz galdegin zaienean, inkestatuen %35ek prezioak datozen hamabi hilabeteetan azkarrago igoko direla adierazi dute, %45ek berdin mantenduko direla eta %20k motelago. Etxerako gaiak (altzariak, etxeko-tresna elektrikoak, tresna elektronikoak…) erosteko unea den ala ez galdetzean, balorazioa negatiboagoa izan da azkeneko inkestan baino; izan ere, %23aren ustetan une desegokia da, eta soilik %7arentzat da une egokia. Datozen hilabeteetan familien gehiengoak ez du ez autorik ez etxebizitzarik erosteko asmorik, nahiz eta azken hiruhilekoaren aldean %0,2an hazi etxea erosiko dutela esan dutenen zenbatekoa; autoa erosiko dutenen kopurua, aldiz, %0,9 beheratu da.