Lan merkatuaren metamorfosia: zer lan daude desagertzeko arriskuan?

Munduko Ekonomia Foroak etorkizuneko lanak eta horiek betetzeko beharrezkoak diren trebetasunak argitaratu ditu 'Future of Jobs Report 2025' txostenean

Datozen bost urteetan 92 milioi lanpostu desagertzea aurreikusten da | Argazkia: iStock Datozen bost urteetan 92 milioi lanpostu desagertzea aurreikusten da | Argazkia: iStock

2025aren hasierarekin batera, belaunaldi berriek curriculuma non bidali behar duten eta non ez azaltzen dizkiguten lehen pistak datoz. Munduko Ekonomia Forotik datozen pistak dira, foro horrek Future of Jobs Report 2025 txostena argitaratu baitu aurten ere, "langileak etorkizuneko lanpostuetara egokitzeko aukerak identifikatzeko", Saadia Zahidi erakundeko zuzendari nagusiak adierazi duenez.

Datozen bost urteetan 170 milioi enplegu berri sortuko dira mundu osoan

Zuzendariak, nola ez, adimen artifizialaren eragina nabarmentzen du: "Teknologia aurrerapenak, batez ere AA sortzailean, industriak eta zereginak birmoldatu dituzte sektore guztietan". Hori dela eta, hurrengo bosturtekoari begira, erakundeak 170 milioi lanpostu berri sortzea aurreikusten du mundu mailan (%14 gehiago orain daudenekin alderatuta), eta, ondorioz, 92 milioi desagertzea. Munduko Ekonomia Foroak marraztutako egoeraren aurrean, zeintzuk dira arrisku handiena duten sektoreak?

Logistikako, merkataritzako eta administrazio-zerbitzuetako profesionalen danbatekoa

Munduko Ekonomia Foroaren dokumentua harira doa: logistikaren, merkataritzaren eta administrazio zerbitzuen eremuak dira kolokan gehien jartzen direnak. Erakundeak jakinarazi du postako langileak, bankuetako kutxazainak eta datuak sartzeaz arduratzen diren operadoreak desagertzeko arriskuan daudela, bai eta bankuen munduko profesionalak ere, kutxazainetan lan egiten dutenak. Administrariak datoz zerrendan ondoren, eta inprenta esparruko langileak gero.

Future of Jobs Report 2025en arabera, profesional horien jarduera teknologiaren eta automatizazioaren esku geratuko litzateke; baina ez dira amaiera hori jasango luketen lan bakarrak: Munduko Ekonomia Foroaren aburuz, diseinatzaile grafikoen kopurua ere murriztu egingo litzateke. Erakundeak AA sortzailearen gorakadari buruzko gogoeta egiten du, zeinak sektoreko profesionalekin zuzenean lehiatzen diren tresna berriak sortu dituen. Antzeko fenomenoa gertatzen da logistikako profesionalekin; robot gero eta arinagoak, zehatzagoak — eta ekonomikoagoak — sortzen direnean, biltegietatik kaleratzen hasiko dira langileak.

Kontabilitatearen mundua, garraio sektoreko laguntzaileak, atez ateko saltzaileak, teleoperadoreak eta idazkariak ere arriskuan egongo dira 2025ean. Hala ere, nazioarteko erakundearen txostenetik ondorioztatzen da ixten den ate bakoitzeko ate berri bat irekitzen dela: teknologia berriak sektore tradizionaletan lurreratzeko profil profesional berriak behar dira, eta horrek eskari handia sortzen du teknologiaren arloan.

AA, Big Data, Fintech eta lan merkatuaren arrakala

istock 1522425000 54 696x392
2030ean, Europak 20 milioi espezialista beharko ditu IKT eremuan | Argazkia: iStock

Hori dela eta, big datan, adimen artifizialean eta ikasketa automatikoan adituak direnak eta finantza-teknologietako ingeniariak (fintech) dira 2025ean ibilbide luzeena izango duten lanbideak. Aldi berean, Europako lan merkatua ohartzen ari da 2030ean IKT eremuan egongo diren 12 milioi espezialisten arteko arrakala bat egongo dela, eta 20 milioi beharko direla.

Big data, AA eta ikasketa automatikoko espezialistak eta finantza teknologietako ingeniariak dira 2025ean ibilbide luzeena izango duten lanbideak

Munduko Ekonomia Foroak egindako zerrendara itzuliz, software eta aplikazioen garatzaileek, zibersegurtasunean, datuen biltegiratzean eta ibilgailu autonomo eta elektrikoetan espezialistek lan merkatua ere menderatuko dute, erabiltzaile-interfazearen eta erabiltzaile-esperientziaren diseinatzaile (IU eta UX), Gauzen Interneteko espezialista (IoT), datu analista eta zientzialari, ingurumen ingeniari eta energia berriztagarrietako ingeniariekin batera. Energia berriztagarrien sektoreak, hain zuzen ere, hazkunde handia izango du.

'Soft skills'-en boterea

Izan ere, lan merkatuaren metamorfosiari aurre egiteko orduan mundu akademikoa eguneratzea funtsezkoa da, baina, jakina, ez da baldintza bakarra. Soft skils delakoek bulegoetan protagonismoa hartzen duten testuinguruan, Munduko Ekonomia Foroak 2025erako beharrezkoak diren trebetasunei eskaini die atal zabal bat Future of Jobs Report 2025 txosteneran. Guztira 26 aipatzen dira.

Inkestan parte hartu duten profesionalen artean, gehien aipatu diren trebetasunak hauek izan dira: pentsamendu analitikoa, erresilientzia, malgutasuna eta bizkortasuna, eta lidergoa eta gizarte-eragina. "Oinarrizko trebetasun nagusiak alfabetatze teknologikoarekin, enpatiarekin eta entzute aktiboarekin, jakin-minarekin eta etengabeko ikaskuntzarekin, talentuaren kudeaketarekin eta bezeroarentzako zerbitzu eta arretarekin osatzen dira", dio txostenak. Rol teknologikoek lan merkatuan duten garrantzia gorabehera, lehen aipatutako trebetasunak ezagutza teknologikoen oso gainetik daudela nabarmentzen du; hau da, enpresek oso positiboki baloratzen dute trebetasun teknologikoa, baina are gehiago analisi kritikoa, pentsamendu sortzailea edo enpatia. Eta hori, oraingoz, ezin du teknologiak eskaini.

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da. Hemen jatorrizko artikulua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK