Lana eta familia uztartzeko zailtasun handiak dituzten landunen kopuruak gora egin du EAEn. Hori adierazten du Eustatek kaleratu duen azken txostenak, 2023 Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkestak. Lehen ondorio gisa, mendekotasun pertsonak bere gain hartzen dituzten EAEko biztanleen %32,9k ziurtatu du zailtasun handiak dituela lana eta zaintza uztartzeko, 2022an baino 4 puntu gehiago.
Eustaten datuen arabera, lana eta seme-alaben zaintza uztartzeari dagokionez, biztanleria landunaren %29,2k onartzen du zailtasunak dituela, 2022an baino 1,1 puntu gehiago. Gainera, landunen % 27,7k adierazi du zailtasun handia duela lana eta bizitza pertsonala bateratzeko, 2022aren aldean, 3,7 puntu gehiago.
Gizonek eta emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan emandako eguneko denboran aldeak daude oraindik ere, baina murriztu egin dira azken urtean
Generoari dagokionez, nabarmentzekoa da emakumeen ehunekoa zertxobait handiagoa dela gizonezkoena baino, lana eta bizitzaren alderdi horiek uztartzeko zailtasunak aipatzerako garaian. Horrela, gizonek eta emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan emandako eguneko denboran aldeak daude oraindik ere, baina murriztu egin dira azken urtean. Duela hamar urteko egoera erreferentziatzat hartuta, eta mendeko pertsonen zaintzari eta etxeko lanei dagokienez, aldea 0,4 ordu murriztu da, eta, seme-alaben zaintzari dagokionez, 0,7 ordu.
Era berean, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen landunek ematen dituzten orduei dagokienez, emakume landunek gizonek baino 0,4 ordu gehiago ematen dituzte egunean batez beste (2,3 eta 1,9 ordu, hurrenez hurren). Eta etxeko lanak banatzeari dagokionez, emakumeek egunean bi ordu ematen dituzte zeregin horietan, eta gizonezkoek, aldiz, 1,6.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da emakume landunen %13,3 ez dagoela batere konforme bikotekideak etxean egiten duen lanarekin. Aldiz, gizon landunen %76,6 oso pozik dago bikotekidearen egitekoekin.
Lanaren gogobetetasuna
Txostenean ere lanaren gogobetetasunaren inguruan ere galdetu zaie inkestatuei. Eta batez beste balorazio orokorra 7,4koa da. Lanak biltzen dituen hainbat alderdiren inguruan galdetuta, balorazio kaskarrena jaso duen esparrua izan da postu igoerena (4,0), zaila ikusten baitute promozionatzea. Enpresek eskaintzen dituzten ordutegien malgutasunak ere balorazio baxua jaso du, 6,3.
Halaber, lanean ari den biztanleriaren %20,7k onartu du aurreikusitakoa baino ordu gehiago ematen dituela lanean, eta 2022aren aldean ia lau puntu hazi da esparru hau. Deigarria da, era berean, gizon landunen %15ak uste duela lan egiten duen tokian aitatasun-baimena eskatzea oso negatiboa izango litzatekeela. Balantzaren beste aldean, biztanleria landunaren ia erdiak, %47,8k, adierazi du ez dagoela aparteko zailtasunik eszedentziak lortzeko.
Ordutegi malgutasunari dagokionez, eta 2022arekin alderatuta, 1,6 puntu jaitsi da neurri horretara atxiki diren pertsonen ehunekoa. 2022an ehunekoa %52,6 zen, eta 2023an, berriz, %51. Gizonak dira onuradunenak, %56,5ek baitute ordutegi-malgutasuna, eta %45,3k, berriz, emakumeak. Telelana %15,8ek egiten du, 2022an baino %2k gutxiago.
Bi pertsonako etxe batean, aitaren edo amaren lanaldian adingabeak zaintzea ikastetxeei dagokie kasuen % 91,1ean. Azkenik, lan lehentasunei dagokienez, biztanleria landunaren %84,3k soldatapeko kontratua nahi du, eta %15,7k, berriz, autonomo izatea. Gainera, %59,2k nahiago du sektore publikoan lan egin, eta %40,7k sektore pribatuan.