Lanaldia 37,5 ordutara murrizteko akordioa sinatu dute sindikatuek eta Espainiako Lan Ministerioak

CCOO eta UGTrekin sinatu du hitzarmena Yolanda Díazek, CEOEk eta Cepymek ezezkoa eman ostean

Unai Sordo, Yolanda Díaz eta Pepe Álvarez | Argazkia: Europa Press / Fernando Sánchez Unai Sordo, Yolanda Díaz eta Pepe Álvarez | Argazkia: Europa Press / Fernando Sánchez

Yolanda Díazek, Espainiako estatuko presidenteordeak eta Lan ministroak, gaur sinatuko du lanaldia 37,5 ordutara murrizteko hitzarmena CCOO eta UGTrekin. Unai Sordo (CCOO) eta Pepe Álvarez (UGT) idazkari nagusiekin egindako akordioarekin lanaldia murriztuko litzateke, baina soldata txikitu gabe. Lan Ministerioaren arabera erabakiak eragina izango luke 12 milioi soldatapekorengan.

Díazek nahi du langile guztiek 37,5 orduko lanaldia edukitzea beranduenez 2025eko abenduaren 31rako, baina oraindik ez dago guztiz zehaztuta. Izan ere, Ekonomia Ministerioa ez dator horrekin guztiz bat, neurria gradualki ezartzea nahi baitu, 2025. urteaz haratago joanda.

Kontrara, CEOEk eta CEpymek ez dute Díazekin tratua sinatu, haien ustetan lanordu kopurua jaisteak ez duelako langileen eraginkortasuna areagotuko. Gaineratu dute neurriaren ondorioz “enpresa askok, batik bat autonomoek zein enpresa txiki eta ertainek, berrantolaketa beharko dutela” eta, hartara, “haien biziraupena muga-mugan jarriko dela”.

Sindikatuekin akordioa sinatu arren, oraindik ere Espainiako Parlamentuak onartu beharko du neurria. Díazek adierazi du alderdi politiko guztiekin ari dela lanean, Voxekin izan ezik, hitzarmenaren alde egin dezaten, eta, hala, “langileek bizitzarako denbora irabaz” dezaten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK