Lanbide Heziketako ikasleen %77,1 ikasketak amaitu eta sei hilabetera lanean da

Hetel elkartearen arabera, goi mailako Lanbide Heziketako ikasleen enplegagarritasunaren ehunekoa %82,9koa da

2023-2024 HETEL ikastetxeen heziketa-zikloetako lan-egoera izeneko txostena aurkeztu du gaur Hetelek | Argazkia: Hetel 2023-2024 HETEL ikastetxeen heziketa-zikloetako lan-egoera izeneko txostena aurkeztu du gaur Hetelek | Argazkia: Hetel

Lanbide Heziketako 33 ikastetxe biltzen dituen Hetel elkartearen arabera, Lanbide Heziketak enplegagarritasun datuak hobetzen jarraitzen du urtero. Goi mailako Lanbide Heziketako ikasleen %82,9 ikasketak amaitu eta sei hilabetera lanean da dagoeneko, iaz baino puntu bat gehiago.

2023-2024 HETEL ikastetxeen heziketa-zikloetako lan-egoera izeneko txostena aurkeztu dute gaur Julen Elgeta Heteleko presidenteak eta Oihane Aldaiturriaga eta BBK-ko talentu eta ekintzailetzako arduradunak. Txostenak EAEko 33 ikastetxetako (19 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 2 Araban) ikasleei egindako 2.600 inkesta baino gehiago ditu oinarri, zeinak 20 lanbide-arlotan banatuta dauden.

Hiru etapetako (oinarrizko, erdi eta goi mailakoa) enplegagarritasunaren ehunekoa %77,1 da, aurreko ikasturtean baino puntu bat gehiago, eta azken zazpi urteetako goranzko joerari eusten dio. Txostenaren arabera, zenbat eta kualifikazio handiagoa izan, orduan eta handiagoa da laneratze-tasa. Arestian esan bezala, goi-mailako zikloak eskaintzen du enplegu-tasarik handiena, ia %83. "Goi-mailako zikloek laneratze bikaina dute; laneratze-tasa handiena duten 15 zikloetatik 10 goi-mailako zikloak dira", adierazi du Elgetak.

Era berean, nabarmendu dute ziklo industrial edo teknologikoetan (ZTIM edo STEAM bezala ezagunak) emakumeen laneratzea %89,6 dela, heziketa-zikloetako laneratze-tasa orokorra baino sei puntu gehiago. Hamar heziketa ziklotan biltzen dira Heteleko ikasleen erdiak (beste %50 beste 72 heziketa-zikloren artean banatzen da), eta ziklo horietako bederatzi ZTIM arlokoak dira.

Azpimarratzeko beste datu bat ere badago. Egindako ikasketekin bat datorren lanean ari dira ikasleen %81,1. “Datu oso positiboa” dela dio Elgetak, "lanpostuen ezaugarriak etengabe aldatzen ari direla kontuan izanda, batez ere, automatizazioaren eta digitalizazioaren eraginez”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK