Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak argitaratu dituzten datuen arabera, EAEn 106.422 langabe zenbatu dira maiatzean enplegu-zerbitzu publikoaren bulegoetan, hau da, aurreko hilean baino 3.131 gutxiago (-%2,86). Nafarroan, aldiz, 29.779 langabetu daude, apirilean baino 462 gutxiago, (-%1,53).
Urte arteko tasari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 853 langabe gutxiago daude, 2023ko maiatzean baino %0,8 gutxiago. Nafarroako Foru Erkidegoan, urtebetean langabezia %0,78 murriztu da, eta guztira 233 langabe gutxiago daude.
EAEko hiru lurraldeetan jaitsi egin da langabeen kopurua aurreko hilaren aldean: Araban, 725 langabetu gutxiago zenbatu dira, %3,86 jaitsiera; 1.009 gutxiago Gipuzkoan (-%3,46) eta 1.397 gutxiago Bizkaian (-%2,27). 2023ko maiatzarekin alderatuta, 910 langabe gutxiago daude Araban (-%4,79), 20 pertsona gutxiago Bizkaian (-%0,03) eta 77 langabe gehiago Gipuzkoan (%0,27).
Bestalde, kontratazio berriei dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatutako lau kontratu berritik bat mugagabea izan da. Denera 62.794 kontratu sinatu dira, eta horietatik 14.705, hau da, %23,42 kontratu mugagabeak izan dira. Nafarroako datuei dagokionez, 23.951 kontratu berri zenbatu dira, aurreko urteko hil berean baino %1,16 gutxiago. Horietatik 5.085 kontratu mugagabeak izan ziren, aurreko urteko maiatzean baino %17,53 gutxiago.