
EAEko langabezia-tasa %7koa izan da 2025eko lehen hiruhilekoan, Eustaten datuen arabera. Hala, urtebetean %0,9 jaitsi da langabezia-tasa, orotara iaz baino 8.500 landun gehiago baitaude. Guztira, lehen hiruhilekoan langabeen kopurua 74.300ekoa izan da, eta landunena 991.500era iritsi da. Aurreko hiruhilekoaren aldean, ordea, landun kopurua jaitsi egin da, 5.400 pertsona gutxiago baitira. Aldi berean, 1.300 langabe gutxiago zenbatu dira.
Lurraldeka, aurreko hiruhilekoaren aldean Gipuzkoan izan da langile kopuruaren beherakada nabarmenena, 2.900 pertsona gutxiagorekin; Araban eta Bizkaian, hurrenez hurren, 1.900 eta 600 enplegatu gutxiago zenbatu dira.
Sektoreka, urtebetean 8.600 pertsona gutxiago (-%1,2) dira zerbitzuen sektorean lan egiten dutenak, eta 600 gutxiago (-%5,9) lehen sektorean dabiltzanak; aldiz, eraikuntzan eta industrian, hurrenez hurren, 1.600 (+%2,8) eta 2.300 (+%1,2) landun gehiago daude.
Okupazio tasa, hau da, 16 eta 64 urte arteko pertsonen artean landunak direnen zenbatekoa, %70,7ra iritsi da lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekotik %0,6 jaitsita. Zenbateko hori altuagoa da gizonezkoen kasuan (%73,2) emakumezkoen kasuan baino (%68,3). 16 eta 24 urte arteko gazteen okupazio tasak, ordea, gora egin du, %27,8tik %29,4ra.