Langabezia tasa jaitsi egin da Hego Euskal Herrian

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, eta Nafarroan 6.700 pertsona gutxiago daude lanik gabe aurreko hiruhilekoaren aldean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Langabezia tasak behera egin du Hego Euskal Herrian, eta denera 6.700 langabe gutxiago zenbatu dira 2024ko bigarren hiruhilekoan. Langabezia-tasa %8,11ra jaitsi da EAEn eta %7,42ra Nafarroan bigarren hiruhilekoan, INEk argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, eta Nafarroan guztira 114.600 langabetu daude.

EAE: 28.500 lanpostu berri

Arestian esan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa %8,11ra jaitsi da, eta 2.400 pertsona gutxiago daude lanik gabe. Guztira 89.500 dira langabetuak erkidegoan eta aurreko hiruhilekoaren aldean %2,6an murriztu da langabezia tasa. 2024ko bigarren hiruhilekoan 28.500 lanpostu sortu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko hiruhilekoan baino %2,9 gehiago. Guztira 1.013.500 pertsona daude lanean, 2008tik bigarren hiruhileko batean izandako okupazio-zifrarik handiena. 2023ko hiruhileko berarekin alderatuta, 13.600 landun gehiago zenbatu dira, hau da, %1,36 gehiago. Jarduera-tasa %57,88koa izan da.

Sexuen arabera, bigarren hiruhilekoan, emakumeen artean jaitsi da langabezia tasa, %27,7 eta 13.400 emakume langabetu gutxiago daude. Gizonezkoetan, aldiz, langabezia tasak gora egin du, %25,2 eta 11.00 langabetu gehiago daude. Datu horiekin, langabezian dauden emakumeen kopurua 34.900ekoa da, eta emakumeen langabezia-tasa %6,61ekoa. Bestalde, 54.600 gizon langabezian daude hiruhilekoaren amaieran, eta gizonen langabezia-tasa %9,49koa da. Emakumeen jarduera-tasa %53,19koa izan da eta gizonena %62,29koa.

INEren arabera, kontratu mugagabea duten kopurua 9.500 pertsonatan igo da bigarren hiruhilekoan EAEn, eta aldi baterakoak 7.400 gehiago izan dira. Aldaketa horien ondoren, soldatapekoak 865.000 dira; horietatik 684.800ek kontratu mugagabea dute (%79,17k) eta 180.200ek, aldi baterakoa (%20,83k).

Bigarren hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu gehiago sortu dira sektore pribatuan, 24.100 lanpostu sortu baititu, %2,97 gehiago, 834.700 landun guztira. Bestalde, sektore publikoak 4.500 enplegu berri sortu ditu, aurreko hiruhilekoan baino %2,58 gehiago eta 178.900 enplegu.

Nafarroa: 4.100 langabe gutxiago

Nafarroan, EAEn bezala, behera egin du langabezia tasak, eta %7,42an kokatu da. 2024ko lehenengo hiruhilekoaren aldean, 4.300 pertsona gutxiago daude lanik gabe, eta guztira 25.100 langabetu daude lurraldean. Langabeen zifra hori 2019tik bigarren hiruhileko batean izandako baxuena da. Halaber, bigarren hiruhilekoan 9.900 lanpostu sortu dira Nafarroan, %3,25 gehiago aurreko hiruhilekoaren aldean, eta lanean 313.800 pertsona daude. Guztira, biztanleria aktiboa 338.900 pertsonakoa da, eta azken hiru hilabeteetan 5.600 pertsona gehiago zenbatu dira. Azken urteari erreparatuta, 4.100 langabe gutxiago daude lurraldean, eta 13.700 enplegu sortu dira.

INEren arabera, 6.400 pertsona gehiago daude kontratu mugagabearekin Foru Erkidegoan, eta aldi baterakoak 6.600 gehiago izan dira. Aldaketa horien ondoren, 266.800 langile daude; horietatik 220.900ek kontratu mugagabea dute (%82,80) eta 45.900ek aldi baterakoa (%17,20).

Sexuaren arabera, bigarren hiruhilekoan emakumezkoen langabezia 800 emakumetan jaitsi da, %5,9 gutxiago, eta gizonezkoen langabeziak 3.500 langabetu galdu ditu, %22 gutxiago. Datu hauek kontutan hartuta, 12.700 emakume daude langabezian, eta emakumeen langabezia-tasa %7,97 da. Bestalde, 12.400 gizon langabezian daude 2024ko bigarren hiruhilekoaren amaieran, eta gizonen langabezia-tasa %6,93koa da.

Bigarren hiruhilekoan, Nafarroan enplegu gehiago sortu dira sektore pribatuan publikoan baino. Pribatuan, 8.600 lanpostu sortu dira, %3,37 gehiago, eta 264.000 okupatu guztira. Sektore publikoak 1.200 enplegu berri sortu ditu, aurreko hiruhilekoan baino %2,47 gehiago eta 49.800 enplegu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK