Azken bost urteetan %3,8 igo da langile kopurua EAEn

2023. urtean, enplegatuen %45 emakumezkoa zen; baina, eraikuntzaren sektorean, esaterako, gizonezkoak izan ziren langileen %89

Establezimenduen %1,6ak soilik zituen 50 langile baino gehiago | Argazkia: iStock Establezimenduen %1,6ak soilik zituen 50 langile baino gehiago | Argazkia: iStock

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak enplegatuen gaineko datuak argitaratu berri ditu. 2024ko urtarrilaren 1ean 147.524 enpresa zeuden EAEn, 2023an baino 1.546 gutxiago (-%1,0). 2024ko enpresa horiek 165.214 lantoki edo establezimendutan zeuden banatuta, eta 2023. urtearen aldean, behargin kopurua %1,9 hazi zen. Ehuneko hori handiagoa da, %3,8koa, azken bost urteak kontuan izanik.

Hala, 2024ko urtarrilaren 1ean, lehen aipatutako establezimendu horien gehiengoa (%79) zerbitzuen sektorean sailkatu zen, eta langile kopuru osoaren %73,6k bertan egin zuen lan. Sektoreka, enplegatu kopuruaren hazkunde nabarmenena hiru sektoretan gertatu zen: informazioa eta komunikazioak (%4,9), arte jarduerak eta beste zerbitzu batzuk (%3,3) eta jarduera profesionalak eta lagungarriak (%2,3). Kontrara, eta sektore bakarra izanik, jaitsi egin zen langile kopurua nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren sektorean (-%4,4).

Establezimenduen langile kopuruari dagokionez, %1,6ak soilik zituen 50 langile baino gehiago. Baina, aldi berean, enplegatu guztien ia erdiak, %42,5ak, enpresa horietan egiten zuen lan. Hiru langile edo gutxiagokoak ziren 118.223 establezimendu, eta landun guztien %15a biltzen zuten.

Sexuaren arabera sailkatuta, EAEko beharginen %45 izan ziren emakumeak 2023an. Emakume gehien bildu ziren sektoreak hauek izan ziren: osasun jarduerak eta gizarte zerbitzuak (%78,1), hezkuntza (%67) eta zerbitzuak (%62,6). Gizonezkoak gehiago izan ziren, ordea, ondorengoetan: eraikuntzan (%89,0), industrian (%79) eta lehen sektorean (%79).

“Euskal enpresen gaztetasuna” ere nabarmendu dute datuek. Izan ere, EAEko enpresen %30,7k bost urte edo gutxiagoko antzinatasuna zuen, eta %14,0k bi urte edo gutxiagokoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK