Languages Lanean kongresua aurkeztu dute gaur Euskalduna Jauregian

Jarduera ekonomikoan hizkuntzen kudeaketaren erronkei buruzko topaketa izango da urtarrilaren 18an eta 19an, eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko 50 hizlari baino gehiagok hartuko dute parte

Arantxa Tapia eta Bigen Zupiria gaurko agerraldian | Argazkia: Irekia Arantxa Tapia eta Bigen Zupiria gaurko agerraldian | Argazkia: Irekia

“Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” kongresuaren aurkezpena egin dute gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan izan dira Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako sailburuak. Urtarrilaren 18an eta 19an egingo da kongresuaren lehen edizioa, eta hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutu, irakaspenak partekatu eta horien gainean eztabaidatzeko topaketa izango da.

Euskal Herriko nahiz nazioarteko 50 aditu baino gehiago izango dira bertan. Urtarrilaren 18an Euskalduna Jauregian egingo da topaketa eta urtarrilaren 19an Guggenheim Bilbao museoan.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute kongresua. Globalizazioa, aniztasuna edo nazioartekotzearen testuinguruan, hizkuntza kudeaketaren konplexutasuna ulertu beharraren garrantzia azpimarratu nahi dute. Zupiriak azaldu duenez, “azken hamarkadetan euskara eremu berriak irabazten aritzea ezinbestekoa izan da euskararen indarberritze prozesuan. “Languages Lanean” kongresua mugarri berria da lan-eremuan euskararen presentzia areagotzeko”.

Bestalde, Tapiak hizkuntza kudeaketa erakunde nahiz enpresen lehiakortasunarekin lotu du: “Hizkuntzen kudeaketa enpresaren kudeaketa prozesuan txertatua duen enpresa lehiakorragoa izango da merkatuan: barne prozesuak hobetuko ditu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko berme handiagoa izango du”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK